Endika «Ira» Agerrea Kortazar | Guneako asanblada eta Fronte Feminista

Komunetik behera doaz urteetako lanketak

Hona hemen Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko ikasle batzuon iritzia:

Azken astean, komunikabide ezberdinetan irakurri dugun berri batek gure arreta piztu du: Dirudienez, aniztasun sexualaren alde, proposamen berritzailea egin du gure fakultateko errektore-ordeak. Komunetan, «gizon» eta «emakume» kategoria beharrezkoez gain, soineko erdi daraman subjektu arraro bati ere lekua eman diote.

Eskerrik asko EHU! Harro gaude gure errektoretzaz!

Ba ez. Lehenik eta behin, berritzaile deitzen dioten hori ez da berritzailea. Gure fakultatean badaramatzagu behintzat bost urte «komun komunen» aldeko borrokan. Zutik pixa egiteko komunak prezintatu eta ataskatu izan ditugu, genero markadun txapak behin eta berriz kendu, azalpen-testuak jarri komunetan, gure artean lanketak egin, dekanotzarekin akordioak egiten saiatu…

Ekintza hauen helburua komunetatik genero-markak kentzea zen, ez kategoria gehiago sortzea betikoak mantenduz. Kategoriak sortzean, beti uzten dugu norbait kategorietatik kanpo eta guk ez dugu gogorik kaka eta pixa egin behar dugun bakoitzean, gure burua non kokatu pentsatzeko. «Ez binarioa» deitzen duten kategoria berri hau, betiko biak mantentzeko era bat baino ez da. Hau da, «guk gizonak eta emakumeak izaten jarraituko dugu, eta zuek egon isilik, egin dizuegu eta zuen lekua».

Bestalde, EHUk komunetan duen arazoa generoaz haratago doa. Hezkuntza, Filosofia eta Antropologiako fakultatean, adibidez, komunetan ezin da gurpildun aulkirik sartu, ez dago lekurik. Komun komunen aldeko apustuak EHUk bere presupuestotan sartzen ez dituen obra handiak behar ditu. Hori egiten ez den bitartean, hartutako edozein neurri benetako arazoari jarritako partxea baino ez da izango.

Ia ia, EHU. Segi saiatzen.

Recherche