@iraiaoiarzabal
IRUN

Torturaren aitortza, erreparazioa eta berriz ez gertatzeko bermeak eskatu ditu Kalera Kalerak Irunen

Torturaren aitortza eta erreparazioa ez ezik, praktika hau berriro ere ez gertatzeko bermeak exijitu ditu ezker abertzalearen Kalera Kalera dinamikak Irunen egin duen ekitaldian. Estatu espainiarrak tortura modu sistematikoan erabili duela salatu dute eta zauria ixteko errealitate hori itzaletik argitara atera behar dela aldarrikatu dute.

Antton Lopez, Kalera Kalera dinamikaren eleduna. (@sortuEH)
Antton Lopez, Kalera Kalera dinamikaren eleduna. (@sortuEH)

«Ez dugu ez mendekurik ez errebantxarik eskatzen, baizik eta torturak eragindako mina aitortu eta erreparatu dadila». Halaxe aitortu du Antton Lopez Kalera Kalera dinamikaren bozeramaileak Irungo Urdanibia plazan ospatu den ekitaldian. Berekin batera, Jose Schulman Argentinako Giza Eskubideen Ligako idazkari nazionala, bera ere torturaren biktima eta honen kontrako borrokan aktibista. Tokia ez dute kasualitatez aukeratu, Bidasoa ibaia bera torturaren lekuko dela aipatu dute, Mikel Zabalzaren kasua gogora ekarriz. Irungoa da ere Iratxe Sorzabal, tortura gogorren biktima. Haren tortura salaketa ontzat eman ostean, martxoaren 28an erabakiko du justizia frantsesak espainiaratzen duen hala ez.

Igor Portu eta Mattin Sarasolaren torturengatik Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainiar Estatuari aste honetan ezarritako kondena bereziki presente egon da ekitaldian. Hala, errealitate horren aitortzen urrats gehiago exijiti dituzte. Isilpean ezkutatua izan den praktika hau, Euskal Herrian milaka lagunek sufritu dutena, behingoz argitara atera behar dela azpimarratu dute. «Etorkizuna bakean eta askatasunean eraiki nahi dugu baina tortura oraindik zabalik dagoen zauri bat da, iraganera lotzen gaituena. Zauri hori josi behar dugu», adierazi du Lopezek.

Torturaren erabilpena Euskal Herrian sistematikoa izan dela salatu du, baita «erakundeen eta boterearen konplizitatea» ere. «Azken hamarkadetan, gatazka honetan alde guztiek parte hartu dutela frogatuta geratu da. Torturaren praktika horren froga garbia da», gaineratu du. Lakuako Gobernuaren aginduz osatutako txostenak, EAEn 4.113 tortura kasu egiaztatu ditu. Nafarroan 700dik gora izan direla ziurtatu du Euskal Memoriak.

Horren aurrean abian jarri beharreko hiru prozedura aipatu ditu Lopezek: aitortza, erreparazioa eta bermeak ezartzea horrelakorik berriro geratu ez dadin. Erreparazioaren arloan jarri du indarra, neurri ezberdinak eskatuz. Alde batetik, torturaren biktima direnek laguntza sikologiko, politiko eta humanoa jaso dezaten. Horrez gain, torturapean lortutako deklarazioan eta horretan oinarritutako inputazioak eta sententzian errebisatzeko exijitu du.

Tortura, denon afera

Jose Schulman argentinarrak ongi ezaguten ditu torturaren ondorioak. Giza eskubideen arloan aditu eta aktibista, torturak behin betiko desagertu behar dela aipatu du. «Zuen borroka arrazoi humanoengatik babesten dugu. Torturak torturatuaren gizatasuna suntsitzen du, baina baita torturatzailearena eta haren konplizearena. Norbait torturatzen dutenean guztiok torturatzen gaituzte», adierazi du.

Historikoki, tortura «langilea diziplinatzeko eta nazio borrokak gelditzeko» erabili izan dela azpimarratu du. Gaineratu du etorkizun justu baten eraikuntzak «torturaren, kartzelaratze politikoen eta dominazioaren» amaiera eskatzen duela.