naiz
Eibar

Berritasunekin dator aurtengo Euskal Herriko Itzulia

Apirilaren 2tik 7ra lehiatuko da aurtengo Euskal Herriko Itzulia eta esanguratsuak izan daitezkeen aldaketekin dator. Laugarren etapan erlojuaren kontrako borroka izanen dute Lodosan eta Itzulia Arraten amaituko da. Orain arte banakako froga azken egunean izan ohi zen eta aldaketa honek ikuskizunari onurak ekarri ahal dizkio.

Eibarren aurkeztu dute aurtengo Itzulia. (ARGAZKI PRESS)
Eibarren aurkeztu dute aurtengo Itzulia. (ARGAZKI PRESS)

Eibarren aurkeztu dute 2018ko Euskal Herriko Itzulia eta bertan amaituko da aurtengo edizioa, apirilaren 7an. Ohikoa den Arrateko etapa azkeneko egunera pasako da. Eta honek bere garrantzia hartuko du berarekin dakarren aldaketa dela-eta, erlojupekoak kontrako bidea egingo baitu: azken egunetik, laugarren etapara.

Eta ez da hau berritasun bakarra izanen, helmugan eta tarteko esprinetan denbora sariak egonen dira-eta, azken urteetan ez bezala.

Zarautzen abiatuko da lasterketa apirilaren 2an eta ez da asko itxoin beharko borroka ikusteko. Bost mendate topatuko dituzte bidean: Hirugarren mailako Madiola, Garate eta Aia eta bigarren mailako Jaizkibel eta Elkano. Azken hau, 2,4 kilometro eta %9ko penditza duen pareta, helmugatik zazpi kilometro eskasera egonen da.

Bigarren egunak Bizkaia izango du protagonista. Zarautzetik abiatu eta Bermeon izango dute helmuga. Erasorako aukera ez da faltako hemen ere. Hirugarren mailako Natxitua eta Jata, lehen mailako Sollube eta bigarren mailako San Pelaio gainditu beharko dituzte. Azken honen gailurretik zazpi kilometro eta erdi aldapa behera garaipenaren bila.

Asteazkenean, hirugarren etapan, Arabako norabidea hartuko du tropelak, helmuga Gaubean ezarrita. Hau izanen da gizon azkarren aukera. 187 kilometroko etapan, Errigoiti, Aretxabalgane eta Barrerilla topatuko dituzte, baina helmugatik oso urruti.

Laugarren etapan, esan bezala, iritsiko da erlojuaren kontrako borroka Nafarroan. 19 kilometrotako bakarkako lehia laua aurkituko dute Lodosan. Alde garrantzitsuak lor ditzakete espezialistek eta igotzaileak azkeneko bi egunetan erasora jokatzera behartuko ditu. Orain arte oso lotuta joan ohi zen lasterketa, azken eguneko erlojupekoaren zain. Horrekin hautsi nahi izan dute antolatzaileek.

Bosgarren egunean Eibarrera abiatuko dira txirrindulariak. Gasteizen abiatu eta 163 kilometroren buruan aurkituko dute helmuga. Ihesaldi batentzako egun aproposa izan liteke, edo talde murriztu batek joka lezake garaipena esprintean. Bigarren mailako Elosua eta Endoia igo eta azken hau Azurkirekin lotuko dute, lehen mailakoa. Bertatik 20 kilometro helmugara, agian gehiegi sailkapen nagusiko hautagaien artean aldeak ikusteko.

Eta aipatu moduan, Arraten amaituko da aurtengo Itzulia. 122 kilometroko etapa laburra eta etengabe aldapa gora zein aldapa behera. Trabakua, Gontzagaraingana, Bizkaiko Begiratokia, Muniketa, Elgeta, Izua, Urkaregi eta, azkenik, Usartzako pareta, berriz ere Matsariatik igota (3,1 kilometro, %12,7ko penditzarekin).

Izen garrantzitsu ugari

Oraindik hilabete falta baldin bada ere, tropeleko nagusietako asko dute Itzulia haien egutegietan apuntatuta. Besteak beste Mikel Landa, Nairo Quintana, Ion eta Gorka Izagirre, Primoz Roglic, Rui Costa, Julien Alaphilippe edo Romain Bardet.

Eta aldaketekin jarraituta, irudia ere aldatu du Itzuliak, Itzulia Basque Country izena hartuta. Era berean, tarteko helmugen maillot urdina, aurtengo edizioan, gazte onenaren sailkapenak hartuko du.