naiz

Sei euskal konpainiak hartuko dute parte munduko dantza azoka nagusian

Sei euskal konpainia izango dira munduko dantza garaikideko Internationale Tanzmesse azokaren 12. edizioan, abuztuaren 29tik irailaren 1era, Alemaniako Düsseldorf hirian. Bertan bilduko dira mundu osoko 500dik gora enpresa eta 1500dik gora profesional: koreografoak, dantzariak, agentziak, ordezkariak, banatzaileak, kultur erakundeak, eta abar.

Kukai Dantza izango da sei euskal konpainietako bat. . (Marisol RAMIREZ / ARGAZKI PRESS)
Kukai Dantza izango da sei euskal konpainietako bat. . (Marisol RAMIREZ / ARGAZKI PRESS)

Etxepare Euskal Institutuaren eskutik eta ADDErekin (Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkartea) elkarlanean, euskal eszenak presentzia bateratua izango du, bigarren aldiz, Tanzmessen Basque Dance markapean. Honako hauek dira nazioarteko azokan izango diren euskal konpainiak: Dantzaz, Igor and Moreno, Jone San Martin, Kukai Dantza, La Glo Zirko Dantza eta Lokke / Olatz de Andrés. Horiez gain, ADDEk egiten duen katalogoan erakutsiko dituzte 40tik gora konpainia, sortzaile eta kolektiboren 77 lan, orotara.

Jon Mayak zuzentzen duen Kukai Dantza konpainiak emango dio hasiera Internationale Tanzmesse jaialdiari, 'Oskara' lanarekin. Hain zuzen, lan horrekin hainbat sari jaso izan ditu Kukai Dantzak (tartean hiru Max sari), eta espainiar Estatuan 70 funtzio baino gehiago egin ondoren, nazioarteko ibilbideari ekingo dio. Düsseldorfeko ikuskizuna abuztuaren 29an izango da, asteazkena, hiriko antzoki handiena den Capitol Theater antzokian.

Bestalde, 'Atlas I / Any body sounds' izeneko proiektuaren kontzeptua eta orain arte landutako materiala aurkeztuko du nazioarteko azokan Jone San Martinek. Hain zuzen ere, Tabakalera, Etxepare Euskal Institutua eta Emanuele Soavi Incompany-ri esker egonaldi bat egiten ari da San Martin Alemanian. Haren iritziz, «aukera bikaina» da publiko profesionalari beren lana aurkezteko eta sustatzeko. Aurkezpena abuztuaren 30ean izango da, osteguna, Düsseldorfeko Tanzhaus aretoan.