NAIZ
Donostia

GARA eta NAIZ, zuzenean Zurriolatik aurtengo Zinemaldian

GARA eta NAIZeko kazetari talde batek zuzeneko kontaketa egingo du egunero Donostiako Zinemaldian gertatzen denaren inguruan. Zurriola etorbidea izango dute erredakzio leku. Info7 ere batuko da talde honetara.

Zurriola etorbidean abian da erredakzio berria. (NAIZ)
Zurriola etorbidean abian da erredakzio berria. (NAIZ)

Egun bat besterik ez da falta Donostiako Zinemaldiak bere 66. edizioari ekiteko. Kursaal inguruetan hamarnaka langile ari dira azken prestaketa lanak egiten. Barruan, lehenengo akreditatuak iristen ari dira Donostiara. Ordu gutxi barru zinema aretoak ikuslez beteko dira. 

Aurreko urteetan GARAk eta NAIZek jarraipen zehatza egin izan diote urteroko hitzordu honi, baina aurtengoan apustua harago doa. Hedabideotako kazetari talde batek zuzeneko jarraipena egingo du bihartik hasi eta irailaren 29an epaimahaiak palmaresaren berri ematen duen arte. Horretarako, Zurriola,6 etorbidean erredakzio gunea abian da dagoeneko. Lan talde humano bat egongo da horren guztiaren atzean: zinean aditu diren Mikel Insausti, Koldo Landaluze, Iratxe Fresneda eta Victor Esquirolen sinadurak batuko dira eta eguneroko kontaketan lanean arituko dira Amalur Artola, Nagore Belastegi, Miren Saenz, Ion Telleria eta Ariane Kamio. Horiek guztiak Xole Aramendiren koordinaziopean.

Baliabide berriekin kazetariek eskutik eskura izango dute Zinemaldian gertatzen den oro, eta NAIZ izango da kontakizun orokorraren erakusleiho nagusi. NAIZ.eus-en webgune berezi bat eskainiko zaio Zinemaldiari (naiz.eus/zinemaldia) eta bertan aurkitu ahal izango du gure komunitateak Zinemaldiak eskaintzen duen guztia: kritikak, elkarrizketak, Sail Ofizialaren jarraipen zehatza, kronikak, filmeen trailerrak, bideoak, argazki galeriak... 

Biharamunean GARAk paperean bilduko du bezperak eman duenaren berri, edukiak xehe eta zabal eskainiz, irakurketa zehatzago baterako gonbita luzatuz. 

Dauzkagun baliabideekin lan egiteak sinergiak batzeko premiari eusten dio. Horrexegatik, Info7 irratiak ere apustu berri honekin bat egingo du eta bere taldea NAIZekoarekin eta GARAkoarekin elkarlanean arituko da Zurriolako talaiatik, programazio berezi bat eskainiz. Asteartean, hilak 25, Zinemira Sariarekin bat eginez, zuzeneko programa egingo du irratiak 10.30etik aurrera, eta egunero jarraipen berezia eskainiko dio Zinemaldiari. 

Kazetariez gain, lan taldea osatzen duten lankideak ere Zurriolako egoitzan izango dira komunitateari arreta zerbitzua eskainiz. (Ordutegia: astelehenetik ostiralera 08.30-20.00 eta asteburuetan 15.00-20.00).

Erronka berri batek eta eskaintza berri bat egiteko nahiak elkartzen du komunikazio talde osoa datozen egunetarako. Zuzenean eta zehatz egiten saiatuko gara. Kazetaritzak batzen gaituelako.