NAIZ
DONOSTIA

Euskaraldia «epe luzerako lan baten abiapuntua» dela nabarmendu dute antolatzaileek

Jarraipena izan behar duen «ariketa eraldatzailea» izan dela nabarmendu dute Euskaraldiko antolatzaileek ekimenak emandakoaren balorazioa egin dutenean. Gainera, arrastoa utziko duen esperimentu handia izan dela eta, hizkuntza portaera eta ohituren gaineko hausnarketa eta aldaketak bultzatuz, izena eman duten herritarretatik haragoko eragina izan duela azpimarratu dute.

Euskaraldiaren antolatzaileak eta sustatzaile sarea osatu duten entitateetako ordezkariak, Tabakaleran. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Euskaraldiaren antolatzaileak eta sustatzaile sarea osatu duten entitateetako ordezkariak, Tabakaleran. (Andoni CANELLADA/FOKU)

«Ahobizi eta Belarriprest rolak geratzeko etorri dira, hau hasi besterik ez da egin», adierazi dute, Euskaraldiaren antolatzaileek.

Donostiako Tabakaleran egin dute ariketa sozialaren inguruko balorazioa antolakuntza lanetan aritu diren erakundeetako ordezkariek (koordinazio mahaia osatzen duten Euskaltzaleen Topagunea, Lakua eta Nafarroako gobernuak, Euskararen Erakunde Publikoa eta Euskal Hirigune Elkargoa) eta sustatzaile sarea osatu duten entitateen hainbat ordezkarik.

‘Euskaraldia: 11 egun euskaraz’ ekimenaren balorazioa egiterakoan, «ariketa masiboa» izan dela eta herritarren artean «eragin nabarmena» izan duela nabarmendu dute antolatzaileek. Halaber, gizarteak beste behin euskararen normalizazioarekiko konpromisoa agertu duela gogoratu eta euskararen alde aktiboki eragiteko prest agertu dela azpimarratu dute.

«Epe luzerako lan baten abiapuntua»

Ariketaren helburua herritarrengan hizkuntza ohituren inguruko gogoeta eragitea eta hizkuntza portaeratan aldaketa zehatzak bultzatzea izan da, baina Euskaraldia «epe luzerako lan baten abiapuntua» dela ere azaldu dute.

Ahobizi eta belarriprest rolak sakontzen eta zabaltzen jarraitzeaz gain, aurten bidelagun izan diren elkarte, enpresa, erakunde eta era guztietako entitateetan euskararen erabilera zabaltzeko neurriak bultzatuko dira hurrengo urteetan. «Gizarte aldaketa eragiteko urrats bat eman du aurten Euskaraldiak eta, epe luzerako lana izanik, beste urrats batzuen abiapuntu izan da», esan dute.

Antolatzaileen arabera, «inertziak astintzeko esperimentua» izan da Euskaraldia. Horrela, parte hartzaileengan eragindako gogoetaz gain, «ahobizi portaerak dituen zailtasunez ohartu» eta «belarriprest bakoitzak egiten duen ekarpena bistaratzeko» balio izan du.

Halaber, ulermenak euskararen erabilerari zabaltzen dizkion aukerak ariketan ikusi ahal izan direla azaldu eta euskaldunon ikusgaitasuna Euskaraldiaren elementu garrantzitsuetako bat izan dela nabarmendu dute.

«Izena eman duten herritarretatik haragoko eragina izan du Euskaraldiak, eta parte hartzaileen aldetik jaso diren bizipen eta mezuek erakusten dute ekimenak jende askoren harremanetan aldaketak eragin dituela egunotan. Edonola, Euskaraldia abiatu aurretik hasi zen ikerketa martxan egongo da oraindik hilabete batzuetan, eta 2019ko udan jakin ahal izango da ekimenak izan duen eragina, bai Euskaraldiak iraun duen 11 egunetan eta baita hurrengo hilabeteotan ere», azaldu dute.

Azkenik, esan dutenez, herriz herri aktibatu diren euskaltzale sareak eta era guztietako entitateak eskuz esku arituta eragin ahalmena biderkatu egin daitekeela frogatu du Euskaraldiak.

Horregatik, etorkizuneko proposamen berrituetan elkarlan giro honetan sakontzen jarraitzeko deia egin dute. Euskaraldian parte hartu duten guztiei eta herriz herriko antolaketa taldean aritu direnei eskerrak emanez amaitu dute agerraldia.