NAIZ
GASTEIZ

EAEko Autogobernu Ponentziari ekarpenak egin ahalko zaizkio telefonoz, internetez eta postaz

Autogobernu Ponentzian onartutako oinarriari ekarpen berriak egiteko aukera izango dute herritarrek horretarako propio sortu duten tresnaren bidez. Autogobernua.eus webgunea baliatu daiteke eta telefonoz eta posta arruntez ere bidali daitezke ekarpenak. Alderdi politikoei eta testu artikulatua idazten ari diren adituei helaraziko zaizkie ekarpenak.

Bakartxo Tejeria eta Jone Berriozabal. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)
Bakartxo Tejeria eta Jone Berriozabal. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Autogobernu Ponentziari ekarpenak egiteko bideak aurkeztu ditu gaur Gasteizko Legebiltzarrak. Bakartxo Tejeria presidenteak eta Jone Berriozabal, ponentziako buruak, aurkeztu dute autogobernua.eus webgunea. Internetez soilik ez, telefonoz (945 004253) eta posta arruntez (Eusko Legebiltzarra, Becerro de Bengoa kalea - 01005 - Gasteiz) ere parte hartu ahal da.

Jasotako ekarpenak talde parlamentariei helaraziko zaizkie zuzenean eta baita testu artikulatua lantzeko ardura hartu duten adituei ere. Bakartxo Tejeriak iragarri du Legebiltzarraren gehiengoak EH Bildu eta EAJren botoekin onartu zuen testuaz gain Podemos, PSE eta PPren boz partikularrei ere egin ahal zaizkiola ekarpenak.

Gaurko agerraldian adierazi dutenez ekarpenen eremua Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrei mugatzeko neurririk ez dute hartu; beraz, Euskal Herri osotik eta kanpotik ere egin ahalko zaizkio ekarpenak.

Ezarri duten muga bakarra gaiari lotzea eta deskalifikazio eta biraorik ez izatea direla aurreratu du Tejeriak. Ekarpen denak publikoki erakutsiko dituzte webgunean.