NAIZ

Badatoz Antsoaingo Gazte Topaketak

Bihar hasi eta ostegunera arte, lau egunez eginen dituzte Antsoaingo Gazte Topaketak. Iruñerriko herri honetako gazte mugimendua indartsu eta osasuntsu dago eta egitarau oparoa prestatu dute topaketen bosgarren edizio honetarako, gazte estrategia bat osatzeko helburuarekin.

Antsoaingo gazteak, topaketetarako gogotsu. (Antsoaingo Gazteak)
Antsoaingo gazteak, topaketetarako gogotsu. (Antsoaingo Gazteak)

Antsoaingo Gazte Topaketak bihartik ostegunera eginen dituzte. Bost urte daramate antolatzen. Lehenengo edizioa Iruñerriko herri honetako gazteek ez zutelako elkar ezagutzen prestatu zuten. Eta urteek aurrera egin ahala harago joan dira eduki eta helburuetan.

Gazteek Ahotsa Inforen bideo batean azaltzen dutenez, aurtengo helburu nagusia, euren arteko harremanak sendotzeaz aparte, mugimenduan sartu berri den jendearen formazioa eta gai berriak lantzea izanen da batez ere.

Lau gune nagusi prestatu dituzte: ikasleena, bizitzak erdigunean jartzen dituena (LGTBI+, feminismoa eta antiespezismoa barne hartuz), gazte prekarioena eta aisialdiari zuzendutakoa, ikastolan egonen dena. Azken honetan jarriko dute kanpalekua eta bertan emanen dute denbora gehiena.

Inflexio puntua

Gazteek agertu dutenez, mugimenduarentzat inflexio puntua dira topaketak. Ikasturte osoan garatuko duten dinamikaren hauspoa.

«Giro oso ona sortzen da beti, zeinetan Antsoaingo gazte asko elkartzen garen eta harremanak sendotzen ditugun. Giro polita eta sanoa egoten da. Gazte mugimendua elkartua egoten da eta jendea oso pozik ateratzen da», kontatu dute.

Osasuntsu daude. Lan taldeka banatzen dira: LGTBI+, feminismoa, antiespezismoa, aisialdi eta ikasle mugimendua… «Nahiko potentzial dugu, jende nahikotxo gaude. Topaketa hauekin hori indartu eta finkatu nahi dugu, eta aurrera begira pausoak eman. Lau egun elkarrekin denbora asko da eta egiten ditugun erlazioetan asko nabaritzen da».

Badago jendea ez dagoena gazte mugimendua hain sartua baina afaltzera etortzen dena espazioa konpartitzeko eta hori ere ederra da.

Txoko Gorri herrigunea

Urte osoan dabiltza martxan gazteak. Txoko Gorri herrigunea dute topaleku. Proiektu hori lehenengo topaketetan sortu zen. Gazteriaren analisia egin zuten eta hor ikusi zuten beren proiektuak garatzeko lokal bat behar zutela.

Eztabaida sortu zen gaztetxea edo herrigunea izan behar zuen, eta bigarrenaren alde egin zuten «oso argi». Gaur egun bost kolektibo ari dira bertan lanean, proiektu propioak garatzen, eta gazte mugimenduari indar handia eman dio.

Adibidez, talde antiespezistak jantoki bat sortu nahi du aurten. Eta talde feministak bertan egiten ditu formakuntzak.

Txoko Gorri bezala ere badituzte proiektuak: liburutegia, kontzertuak… Elkarlanean eramaten dituzte aitzinera. Eta herriari bizia eta alternatibak ematen dizkiote.