Artzai Larzabal naiz+ bloga

Amerikak egitera

«Estatu Batuetara joan behar duzu!» Nola? «Estatu Batuetara, datorren urtea amaitu aurretik eta gutxienez hiru hilabetetarako!». Halako zerbait esan zidala gogoratzen dut. Aidios! Estatu Batuetara? Ni? Zertara? Ez dakit inglesez (gazteleraz ere apenas!), ez zaizkit McDonalds eta Starbucks gustatzen eta ez dut sekula Mac ordenagailu bat erabili! Ze demontre egin behar dut Estatu Batuetan?

Eta orduan, gure arbasoez gogoratu nintzen. Azken hiru mendeotan milaka eta milaka izan dira Atlantikoa zeharkatu duten euskaldunak eta guztiek nik baino (askoz!) baldintza kaxkarragoak izan zituzten. Beraz, alde horretatik aitzakia gutxi nituen “proposamenari” ezetz esateko. Halako abentura batek beti sortzen du beldur pixka bat, baina erabakia hartuta zegoen (nik baietz esan aurretik) eta bidaiaz gehiegi kezkatu gabe, datorrena etorriko dela pentsatuz heldu nion auziari.

Neure burua euskal emigratzailetzat hartuta, bizitzen ari naizen Abenturaren berri emateko blog hau prestatzea pentsatu nuen (Facebook-a gorroto dut!). Hemen kontatuko ditut Estatu Batuetan biziko ditudan aldrebeskeriak. Ahal dudan neurrian, Amerikarren historiarekin lotutako pasarte txikiak txertatuko ditut berton eta posible badut (lehendabiziko aldia da blog bat antolatzen dudala) bideo eta argazkiak zintzilikatzen saiatuko naiz. Ea nola ateratzen den...