Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Egungo espioitzaz

Zelenski ikusten dudanean Erresuma Batuko erregearekin batera edota, Frantzia eta Alemaniaren eskutik, Europar Batasunaren muinean txaloen artean, nik ez dut duda handirik.

Seymour Hershek, Pulitzer saria irabazi duen kazetaria, adierazi berri du berak egindako ikerketen arabera, iazko irailean Nord Stream gasbideei egindako sabotajearen egileak AEBetako Itsas Armadako urpekariak izan zirela eta ekintza hura, NATOren “Baltops 22” izeneko maniobretan lehergailuak jarriz burutu zutela.

Gasbide errusiarraren arduradunak, orduan, gas-isuri bat iragarri zuen azpiegituraren bi hodietako batean ezagutzen ez ziren arrazoiengatik. Alemaniak, Danimarkak eta Suediak ekintza terroristatzat jo zuten Errusiak Ukrainarekin gerra hasi eta zortzi hilabetera izandako leherketa. Orduan, ia hedabide guztiek Errusiari berari egotzi zioten atentatua, nahiz eta ez zen oso logikoa izan Errusiak bere interesei erasotzea.

Duela bi urte zendu zen Espioitzazko literatura idatzi ohi zuen John le Carréren eta haren seme gazteenaren artean (Nick Cornwell, berau ere idazle) azken eleberria (“Silverview”) argitaratu da, hil ondoren, eta horretan honakoa irakur dezakegu semeak izkiriatutako epilogoan:

«‘Silverview’ testuak Le Carreren beste edozein eleberrik inoiz egin ez duen zerbait egiten du. Zerbitzu sekretu zatikatuak erakusten ditu: interes politikoz beteak, ez beti adeitsua, ez oso eraginkorra ezta erne ere egon beharko lukeenekiko, eta, azken finean, Zerbitzu sekretu ez oso segurua, dagoeneko, bere izateko arrazoiaz. ‘Silverview’ eleberrian, espioiek, gutako askok bezala, beren herrialdearen esanahiaren gaineko segurtasuna galdu dute, eta nor garen ere zalantzan jartzen da».

Hau da, literatura honetan gizaki onaren eta gaiztoaren arteko bereizketari ezin zaio jadanik antzeman.

Halere, Zelenski ikusten dudanean Erresuma Batuko erregearekin batera edota, Frantzia eta Alemaniaren eskutik, Europar Batasunaren muinean txaloen artean, nik ez dut duda handirik.

Nord Stream gasbideei egindako sabotajea Europarrei, Alemaniari, Danimarkari eta Suediari bereziki egindako eraso zuzena izan zen eta, egungo munduan gauzak oso korapilatsuak izan arren, gaurko espioitzan aritzen direnek zer egiten ari diren jakin ez badakite ere, agintari haiek denak hor baldin badaude, nik jakin badakit haien aldamenean ez naizela egongo.

Mundua oso konplexu eta arazotsu izango da baina ez naute engainatuko, alajaina.

Search