Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Nork defendatuko gaitu?

Egun mundializazioak eragin duen kulturen arteko «oihanaren legean mugildurik», herriek, inoiz baino gehiago, estatuaren premia dute beren defentsarako

Gure memoria laburregia suertatzen da uste sakonetan behar beste murgildu ahal izateko, horretarako, agian, norberaren gogoa baino gogamen historikoa beharko genuke baina, inola ere ez orain horren boladan dagoen «oximorona», memoria historikoa, alegia.

Ez naiz, beraz, sasoi hauetan ohi bezalako Espainiako Otsailaren 23az arituko. Horrela, azalkeriarik gabe, herriak, nazioak, estatuak eta ustezko eznazionalistei buruzko iritzi pare bat azaltzen saiatuko naiz, goian aipatu moduan, gogoratutakoa bainoago gogamena dela medio.

Edozein estatuaren aurka dagoenak, nire aburuz, gizartea eratzeko eredu historikoa dena mitifikatu egiten du. Historiak eman ohi duen ikuspegitik begiraturik, ostera, bistan da estatuen egitura eta kopurua aldatuz joan direla. Hau da, XIX. mendean mundu osoan berrogei estatu eskas besterik ez baziren ere, berrehun paseak lirateke gure estatu garaikideak. Eta alderantziz, duela laurehun urte, Europan bakarrik ia bostehun estatu txiki bazeuden ere XX. mendearen hasieran haietarik irautea bi dozenek soilik lortu zuten (P. Boniface “El riesgo de la proliferaciton estatal”, Le Monde Diplomatique, 99ko urtarrila). Estatua, beraz, historiaren araberako egitura guztiz aldakorra dugu, eta ez kontzeptu filosofiko jakin bezain mugigaitz baten azalpen soziologiko hutsa. Areago, herri baten antolaketarako historikoki sortutako estatu eredu desberdinek bertako ezaugarrien araberako legeak sortu ohi dituzte bertako nazio bizitza bermatzeko. U. Ecok zioenez (in M. Riviere “El segundo poder”, 98. 47 orr.), egun mundializazioak eragin duen kulturen arteko «oihanaren legean mugildurik», herriek, inoiz baino gehiago, estatuaren premia dute beren defentsarako. Beraz, ziur aski kurduek, esaterako, ez lukete borrokarik egin beharko bere herri-iraupena bermatuko lukeen estatu-egiturarik jadanik izango balute. Ustezko eznazionalistentzat, berriz, historiatik at bizi nahian edo, egun dauden estatuak besterik ezin omen dira onartu behar. Estatuaren kritiko sasianarkistek ere ez ohi diete historiaren aldaketei kasu handirik egiten eta, ondorioz, ez dira estatuaren aldarrikapenaz kezkatu nahi.

Estaturik gabeko kurduen antzera, euskaldunok erabakitzen duguna bermatzeko sasoian... nork defendatuko gaitu, ordea?

Search