Beauvoir, estatuak jartzetik Estatuak hartzera
«Nabarmentzekoa da Parisko mila estatuetatik hamar bakarrik direla emakumeei eskainiak», hala salatzen zuen Simone de Beauvoirrek “Bigarren Sexua”-n, 1949an. Liburuan bertan azaltzen zuenez, patriarkatuan gizona Bata da, osoa, bere izen-abizen propioz munduratzen dena; emakumea, aldiz, Bestea da, osagarria, neutroa (gizona) ez dena. Bata nor izango da, dagozkion estatua eta estatusarekin; Bestea, berriz, edonor izango da, aitortza singularrik gabe.
75 urte geroago, Olinpiar Jokoen aitzakian, Beauvoirren eta beste zenbait emakumezko erreferentziazkoen estatuak ezarri dituzte Asanblea Nazional frantseseko erakusketan. Hamar, zehazki, eta urriaren 5era arte soilik egin dute.
Keinutxo bat da, noski, baina ez da aski. Izan ere, orduan bezalaxe «eskatzen dute orain emakume askok bestelako estatus bat; nahi dute eskubide abstraktuak eta posibilitate konkretuak eman diezazkieten behingoz, zeren, horiek biak bateratu ezean, mistifikazio bat baino ez baita askatasuna». Berak orduan iragartzen zuenez, «nahi hori betetzeko bidean da. Baina oraingoa trantsizioaldi bat da; mundu hau gizonena izan da beti, eta gizonen esku dago orain ere; zibilizazio patriarkalaren instituzioek eta balioek bere hartan segitzen dute neurri handi batean». Bistan denez, nahi hori mendea betetzerako gauzatu dadin, estatuak ez ezik, bestelako Estatuak ere beharko dira.