7K - zazpika astekaria
ARKITEKTURA

Bizimodua, mailaz maila

Tokioko auzoetan, tarteka, ohiko etxebizitza paisaia apurtzen duten paradigmekin topo egin dezakegu, espazioaren mugekin eta dentsitate handiarekin jolas egiten duten bizitokiekin. Horietakoa da NA etxea (2011), Koenji auzoan ezkutatua, baina albotik igarotzean ikusnahia pizten duena.

NA etxearen kanpoaldera eginiko bisita, 2024ko abuztuan. (N. Azpiazu Lejardi)

Sou Fujimoto arkitektoaren lanak etxearen eta ingurunearen arteko harremanak birpentsatzen ditu, eta lekuaren murrizketak abantaila bihurtzen ditu etxearen bizipena berezia izateko. Hori horrela, etxe bat hirian zuhaitz bat basoan bezala irudikatzen du, eta arbola baten altuera ezberdinetan bizitzea simulatzen du diseinuak. Arkitekto japoniarraren esanetan, adarren artean mugitzearen sentipena gogorarazten duen egitura sortzea izan zen helburua, jarraitutasun espaziala ahalbidetzen duen baso artifizial txiki bat legez.

Kontzeptu horretatik sortzen da altzairuzko zutabe finen sarean bermatzen diren plataforma flotatzaileen ideia, eta altzairuzko zutabeek 65 milimetroko lodiera baino ez daukate, lortu nahi den arintasun sentsazioa emateko. Egitura elementu horizontalak ez dira zoru arruntak kontsideratzen; aitzitik, mahai handien gisan ulertzen dira, zeinetan etxeko biztanleak -bi kidez osaturiko familia- eseri zein etzan egin daitezkeen edo, besterik gabe, aldi baterako haiek nahi duten erabilera zehatza eman diezaioketen. Sou Fujimotok azaltzen duenez, proiektuaren funtsa aurreko proiektu batean azterturiko espazioen gainjarketaren eta zoruen arteko erlazioaren emaitza da; hain zuzen ere, Final Wooden House (2008) proiektuan du jatorria.

Etxearen erronka interesgarriena ‘gela’ kontzeptua alde batera uztea da. Ez dago esparru itxirik, edo ez behintzat modu argian mugatutakorik. Horren ordez, espazio desberdinak modu organikoan definitzen dira, etxea zeharkatzen joan ahala, altzariek eta plataformek aurkikuntza esperientzia berezia ahalbidetzen dutela. Maila eta txoko bakoitza leku erosoa aurkitzeko aukera da, eta horrek balioa ematen dio bizitzea espazio bat okupatzea baino gehiago izatearen ideiari, espazioan mugitu eta bere formetara egokitzekoa. Modu honetan, etengabe aldatzen den harreman espazial dinamikoa sortzen du, erabiltzailearen pertzepzioaren eta beharren araberakoa. Bereziki aipagarria da diseinu zatikatuak eta itxuraz sakabanatuak nola sustatzen duen bikoitza den esperientzia. Alde batetik, espazio jarrai bakar batean bizitzea sentitu daiteke, plataformek eta eskailerek maila guztiak elkar konektatzen baitituzte; baina, bestalde, plataforma horiek aukera ematen dute erabilera eta jarduera desberdinen arteko bereizketa egiteko, barne banaketen beharrik izan gabe, erabilera desberdinak eta intimitatea eskaini dezaketen mikroespazioak sortuz. Zatiketaren eta batasunaren arteko muga lauso hori proiektuaren alderdirik aberatsena da, interakzioa sustatzen baitu, pribatutasunaren beharrak errespetatzen diren era berean.

Eraikinaren eskala txikiak, besteak beste, gorputzarekin eta gertuko ingurunearekin erlazionatzeko modu berria eskaintzen du, eta plataforma artean mugitzeak -eskailera txikiak erabiliz nahiz espazio batetik bestera irristatuz- zuhaitzen adarretan ibiltzea irudikatu dezake. Hala ere, nozio hori hizkuntza eraiki eta artifizial batera itzultzen da proiektuan, non altzairuak eta egituraren kolore zuriak erreferentzia naturalekin kontrastatzen duen. Helburua artifiziala den elementu gisa aurkeztea izan da, inguratzen duen hiri eremuaren paisaian sakonki diseinatutako espazioaren aurrean gauden ideia nabarmendu dadin. Zuhaitzaren naturan inspiratu arren, ez dauka hura antzeratzeko asmorik, arkitektura tresna sortzea besterik ez du nahi.

Barnealdearen eta kanpoaldearen arteko harremana ere nabarmentzekoa da. Etxebizitzako txoko bakoitza argiz betetzen duten leiho handiei esker, barruko espazioa hiriaren hedadura gisa ikusten da; plataformen arteko jarraitutasun bisualak zabaltasun sentsazioa sortzen du, nahiko trinkoa den espazioan. Gardentasun horrek etxeko kideei aukera ematen die, maila desberdinetan egon arren, ahaleginik egin gabe elkar ikusteko eta komunikatzeko. Arkitektoaren arabera, jabeen nahia izan zen etxea mugitzeko eta deskubritzeko tokia izatea. Horregatik, proiektuak eguneko une ezberdinetan espazio erosoak aurkitzea ahalbidetzen du, argiak eta tenperaturak mikroespazio bakoitzean daukan eraginaren arabera leku aproposa hautatzeko aukera emanez. NA etxea ez da etxebizitza hutsa, malgutasunean eta etengabeko elkarreraginean oinarrituriko bizimoduaren itzulpen espaziala baizik. Banaketa finkorik gabeko egitura adarkatuari esker, bizitegiak biztanleen behar aldakorrei erantzuten die, eta aldaketa posibleak haien sormenaren esku gelditzen dira, imajina adina konfigurazio ahalbidetuz. Eskailerak eta altzariak garrantzitsuak dira malgutasun horretan, espazioak modu errazean moldatzen laguntzen baitute.

Azken finean, NA etxea Tokioko hiri baldintzen isla da, baina baita arkitekturak eskaini dezakeen esperientziaren inguruko esplorazioa ere. Etxe honetan bizitzea etengabeko bilakaeran dagoen espazioan bizitzea da, non txoko bakoitzak ikuspegi zein sentsazio berriekin lotzen duen arima.