NOV. 17 2024 LITERATURA Logela bat, etxe bat, hiri bat... norberarena ETXE BAT NORBERARENA (Yolanda Arrieta) Jon Jimenez Christine de Pizan-ek oraindik euskaraturik ez den eta, izan zuen eraginagatik, gure ikastetxeetan derrigorrezko irakurketa beharko lukeen “Le Livre de la Cité des dames” edo “Damen hiria” idatzi zuen XIV. mendean. Hiri bat asmatu zien emakumeei, orduko pentsalari gizonen iritzien aurka aske izan zitezen, garaiko baina, batez ere, handik aurrerako europar pentsamendu guzia irauliz eta generoen arteko ezberdintasuna auzian jarriz. Querelle des Femmes edo Emakumeen Auzia deitu zitzaion hainbat mendetako mugimendu horri eta Euskal Herrian, bertzeak bertze, Bernart Etxeparek (“Linguae vasconum primitiae”-ren barruko “Emazten fabore”-n) edo nafar erreginak izan ziren bi Margaritek parte hartu zuten. Zenbait mende aitzinera ibiliz, historia etengabean aitzinera doan ideia zapuztuz, Virginia Woolf idazle ingelesak XX. mende hasieran hagitz arrunta ez zen logela bat galdegin zuen emakumeentzat. “Gela bat balioen iraultzarako”. Woolfen eskakizun horrekin eta Emakumeen Auziaren tradizioari jarraituz hasi du “Etxe bat norberarena” (Alberdania, 2024) liburua Yolanda Arrieta Malaxetxebarriak (Etxebarria, 1963). Zoriontsu eta aske izateko, “bizitzari baietz idazteko”, “(h)abiagune” bat, “munduaren geltokia”, etxe oso bat. Etxeko bertzeen gauzez bete baitzaio Arrietari logela. Pizanen hiria eta filosofia Arrietak etxe eta poesia bihurtu ditu. Azken genero literario honetan hasiberriak direnentzat bereziki gomendagarria da “Etxe bat norberarena”. Izan ere, egunkariaren eta saiakeraren artean, poesiaren eta prosaren artean, plazaratu ditu gogoeta hauek bizitza erdia idazten daraman eta bere sormenaren parterik handiena haur eta gazte literaturari eskaini dion idazleak. Idazketa kontu jasoagoen -nola izan originala, nola idatzi, zer idatzi- ondoan azaltzen joanen zaizkigu kontu lurtarragoak. Hots, nola bizi daiteke, bere etxe propioan, egun Euskal Herrian idaztetik “andre-sortzaile-pentsalari-ikerle-euskaldun-zahar” bat? Nola biziraun? Oztopoak atzean uzteko, baina, nitik gura eta gutik nirako bidea eginez, intimitatearen politikotasuna aldarri du Arrietak. Eta, horrekin batera, “zaintzarako egoitza bihurtu zaion” iraganeko transmisioarena. Etxean agertuko zaizkio, horrela, hormetan arrastoa utzi duten emakume nagusiak: “leku bat munduan” aldarrikatuz. Ondoren, eskulanetan nahia agertu zuten ertainak: “norbera habitatzea”. Azkenik, aurrekoekin bat datozen gazteak: “besteak aurrena eta norbera noiz?”. XXI. mendeko feminismoaren bulkadaz lortzear den Arrietaren etxe hau Pizanek amestutako hiri bihur dadila etorkizunean. Nola bizi daiteke, bere etxe propioan, egun Euskal Herrian idaztetik “andre-sortzaile-pentsalari-ikerle-euskaldun-zahar” bat? Nola biziraun?