7K - zazpika astekaria
LITERATURA

Wazemank, estralurtarrak eta literatura arina


Mikel Pagadizabal Amiano (Villabona, 1974) literatur munduan murgiltzen ikusi genuen lehenbiziko aldian aurrean ez zuen orri zuri bat eta boligrafo bat eskuan, ez, Anjel Alkainen aitzinean zen, eserita, kamerez inguraturik eta ETBk eman duen saiorik onenetakoaren esketx batean. “Wazemank”-en alegia (“Noaoa” izanen zena gero). Sautrela literatura programaren parodia eginez, hainbat egoera eta pertsonaia igaro zituzten literaturaren errepublika ttiki hartatik, bertzeak bertze Mikel Pagadik “Teo oporretara doa” edo “Pantxikaneko menuba”ren fikziozko egilea hezurmamitzen zuen.

Ordutik urte dezente igaro dira, baina entretenitzeko gogo berdinaz jarraitzen du gipuzkoar gidoilari eta egun ‘Herri txiki, infernu handi’ sailaren gidariak. Oraingoan bai, boligrafoa eskuan, “Bisita” (Elkar, 2024) bere estreinako eleberria ondu du. Umore absurdo eta surrealistaz eta gehienbat zuriz beteriko egoera distopiko eta zientzia fikziozko baten narrazioa da hauxe, leitzen hasi eta buka irribarretxo batekin egiten den horietakoa; “Brinkola” telesailaren euskal kostunbrismo ilunxko baten ukiturik ere igarriko dio baten batek.

Liburuaren espiritua eta giroa ongi harrapatu du Irune Izquierdok, Aurelio Artetaren ‘Erromerian 1’ muralaren zati baten gainean oinarriturik sortu duen azalean. Etorkizun hurbilean kokaturik, erkaketa argiak egiten ditu nobelak pandemiako itxialdiaren garai hiperkonektatuaren bertze aldea imajinatuz: zer gertatuko litzateke, Anoeta herriko Soroeta baserriaren pareko artasoroan bertze planeta bateko plater hegalari bat iritsi ostean, AEBetako Armadak konexiorik gabe utziko balu gure herria? Euskal gizartearen eta instituzioen erreakzioaz -alkateak, lehendakaria, ezker abertzaleko burua, ufologo eta bertzelakoak- eta kulturaren beharraz zeharka gogoeta egiteko parada ematen digu egoerak.

Eta, bide batez, nekez aurkitzen ahal den estilo bat landuz eta “Wazemank”eko aipaturiko parodietan egin moduan, euskal literaturak ohi duen solemnitatea agerian jartzen du Pagadik, euskarak behar duen literatura motaz galdekatuz. Behin eta berriro datorkigun kezka, bertzalde. Duela zenbait hamarkada, adibidez, Joxe Azurmendi altxatu zen Bernardo Atxagaren autonomiaz mozorrotutako elitismoaren aurka: «Euskarak, urtean halako hogeita hamar [eleberri sentimental eta tiro-eleberri] gutienez behar ditu. Euskal literatura jaso behar bazen, ederki. Baina, orain, dena aldrebes daukagu literatura zabaltzeko. Honezkero, literatura onari eusteko ere zabaltzeak nahitaezkoa dirudi». Eta zabaltzeko, ezbairik gabe, hau bezalako estralurtar eleberriak ere beharko ditugu.