MAR. 10 2024 IRITZIA Erdipurdikoak Amagoia Mujika Martxoak 10 ditu gaur. Segur aski, odolean feminismo dosi handienetakoa dugun urteko eguna izango da, nahiz eta honezkero hasiko zen jaisten. Badakizue, martxoaren 8a pasa berritan, feminismoa belarrietatik ateratzen zaigu, batzuentzat gehiegi. Aspaldi Maialen Lujanbiok kantuz esan zuenez, «‘emakume’ hitza askotan entzuteak nekatu egiten du». Eta egia da. Neroni nekatu egiten naiz nire hitzekin eta gogoetekin. Batzuetan, nahiago nuke burua itzali; ez entzun, ez ikusi, ez pentsatu. Parekidetasun erabatekoan bizi garela sinistu eta ardo pare bat hartu lasai ederrean, futbol partida bat eskaintzen ari den telebista pantailari orroka, adibidez. Umetan erakutsi ziguten zerbait egitekotan ondo edo oso ondo egiteko. Eta, bestela, uzteko bere horretan. Erdipurdiko erantzunik ez genion baimentzen gure buruari eta ikastolan kostatu egiten zitzaigun irakaslearen galdera erantzuteko besoa luzatzea, nahiz eta erantzuna jakin. Bertso eskoletako irakasleei askotan entzun diet mutikoak aiseago animatzen direla gelaren erdira bertso txar bat botatzera. Erratza hartu mikro bezala eta bota bertsoa. Errimarik gabe, zentzurik gabe, graziarik gabe, bota lasai bertsoa. Horrela ikasten dute plazan egoten eta bertsoak intentzioz betetzen une paretsuan. Aldiz, neskato bat gelaren erdira agertzen bada erratzari bertsoa botatzera, normalean bertso ona botako du. Bestela, txiton. Ondo edo oso ondo, ez dago beste aukerarik. Eremu desberdinetan goiko postuetara iritsi diren gizonezko askoren meriturik handiena hori da segur aski, plazagizonaren segurtasuna. Martxoak zortzia marrazten duenean, kazetariok badugu joera “erreferente”, “aitzindari”, “bide-urratzaile” eta ez dakit zenbat hitz potolo gehiago izan diren emakumeen izenak eta bizitzak goraipatzekoa. Horiek ere gauzak ondo edo oso ondo egin dituzte, ez dute beste aukerarik izan. Bakoitza berean, tontorrera iritsi dira alboan izan dituzten gizonezkoen bide bikoitza ibili eta gero. Bide bikoitza edo luzeagoa. Luzea eta neketsua. Garrantzitsua da tontorrera begiratu eta emakumeak ere badaudela ikustea. Horrek beste emakume asko animatuko ditu eta aldapan gora abiatuko dira. Baina, ere berean, tontorrera begiratu beharrik gabe ibiltzearen lasaitasuna aldarrikatu beharko genuke; erdipurdikoak izateko eskubidea, gauzak trakets egiteko lasaitasuna, errimatu gabe bertsotan egiteko grazia eta erantzuna garbi izan gabe eskua altxatzeko atrebentzia. Horrek lagundu dezake plazandreago izaten. Martxoak zortzia marrazten duenean, kazetariok badugu joera «erreferente», «aitzindari», «bide-urratzaile» eta ez dakit zenbat hitz potolo gehiago izan diren emakumeen bizitzak goraipatzekoa. Gauzak ondo edo oso ondo egin dituzte, ez dute beste aukerarik izan. Erdipurdikoak izateko eskubidea ere aldarrikatu beharko genuke emakumeok, gauzak trakets egiteko lasaitasuna.