JURGI FERNANDEZ - Salto Training
KIROLA

Iraila, gimnasiora buelta edo asmo berriak betetzea

(Getty)

Asko dira irailean gimnasiora bueltatzen direnak edo mundu hau probatzeko gogoz direnak. Gaurko artikulua pertsona horiei bideratuta dago, inoiz gimnasio bat zapaldu ez dutenei, helburu berriekin datozenei, bai eta uda ostean entrenamenduetara itzultzen direnei.

Gorputzak edozein jarduera burutzen hasi aurretik egokitzapen fase bat behar du, hala nola lanpostu berri batean hasten garenean bezala, kirol modalitate berri bat probatzen dugunean bezala edo ohitura nutrizionalak aldatzen ditugunean bezala. Egokitzapen fase horrek helburu zehatz bat du: aldaketak finkatzea, etorkizunean oinarri on baten gainean lan egiteko. Entrenamenduan, fase honi garrantzi handia eman behar diogu, ezarritako helburuak lortzeko eta epe luzera begira mantendu ahal izateko. Hori dela eta, gure ustez, egokitzapen fasea, helburua edozein izanik (osasuna hobetzea, kirol modalitate berri batean hastea edo zure kirolean lehiatzeko maila berreskuratzea) hiru oinarriren gainean bermatuta egon behar da: Mugikortasuna berreskuratzea, COREaren egonkortasuna hobetzea eta oinarrizko indarra garatzea.

Lehen oinarria mugikortasun oztopoak saihestea eta gorputza osorik mugarik gabe mugitzea da. Horrek ondoren egingo ditugun jarduera/mugimenduei askatasuna emango die eta, atsedenaldi luze baten ondoren, lehen helburua hori berreskuratzea da. Horretarako, beroketetan garrantzi handia izan behar dute mugikortasun ariketek. Bigarren oinarria COREa garatzea da. COREak gorputzeko barne eta kanpo indarrak egonkortu, jasan eta transmititzen ditu, eta prozesu hau era egokian egiteko gihar-multzo honek lan espezifiko bat behar du. Mugikortasunaren ondoren, aktibazioa une egoki bat izan daiteke COREaren garapena lantzeko, arnasketarekin konbinatuz.

Amaitzeko, oinarrizko indarra landu behar da, non oinarrizko patroien garapena lantzen den. Oinarrizko patroi gisa, gizakion oinarrizko mugimenduak ditugu, hala nola tira edo bultza egiteko ariketak (push-pull), aldakako bisagra, flexio hirukoitza eta desplazamenduak. Patroi hauetan parte hartzen duten giharren indarra hobetzeko, patroiak ondo barneratuta izan behar ditugu oinarrizko ariketetan (sentadilla, pisu hila…) karga tolerantzia handituz eta egoera ezberdinetara egokitzeko gaitasuna hobetuz.