OCT. 13 2024 KIROLA Aldizkako entrenamendua kirol aziklikoetan (Getty) Jon Urzelai Garrido - Salto training Gaur egun arte erresistentzia metodoen inguruan ikerketa asko burutu dira. J. Weinecken bibliografian oinarrituta, arlo funtzionaleko erresistentzia entrenamendua kirolean gehien erabili zen metodoetako bat izan zen eta kirolarien entrenamendu kargak kuantifikatu eta kontrolatzeko premia gisa sortu zen. Kontzeptu hau 1960ko hamarkadan erabiltzen hasi zen. Toni Nett, Reindell eta Gerschller, entrenamendu aerobikoaz, egokitzapen kardiobaskularrez, arnasketa egokitzapenez eta entrenamendu anaerobikoaz hitz egiten hasi ziren. Gune funtzionalen sistema hauen barnean, lan kargen arabera banatzen dira. Aspektu aerobikoari dagokionez, leheneratze eremuak (áreas regenerativas), azpiaerobikoak, superaerobikoak eta V02 max dauzkagu. Sistema anaerobiko laktikoari dagokionez, erresistentzia, tolerantzia eta potentzia anaerobikoaren eremuak. Eta azkenik, sistema anaerobiko alaktikoari erreferentzia eginez gero, erreakzio abiadura, azelerazioa eta jaurtiketa aurki ditzakegu. Entrenamendu hauek guztiek berezitasun bat dute elkarren artean; izan ere, etenaldiak ematen dira eta hauek modu aktibo edo pasiboan egiten dira. Kirol aziklikoek intentsitate handiko jarduera gehiago errepikatzeko gaitasuna eskatzen dute. Honen ondorioz, halako kiroletan intentsitate altuko lana egiteko gaitasuna, modu iraunkor eta errepikatuan, funtsezko faktore bihurtzen da. Honenbestez, erresistentzia entrenamendua ezinbestekoa da. Eskakizun hauen ondorioz, aldizkako entrenamendua burutzea nahitaezkoa da, entrenamendu hauek kirolen eskakizunei zuzenki lotuta egon behar baitute, hau da, hauek eskatzen duten esfortzuen arabera, entrenamendua modu batean edo bestean antolatu behar da. Hemen barnean, intentsitatea, lan eta atseden denborak kontuan hartu behar dira batik bat. Entrenamendua kirolaren beharretara hurbiltzen den heinean, errendimendua altuagoa izango da kirolariarentzat.