Santa?
Santa está en San Sebastián” kantua atera berri du Mikel Erentxunek. Deigarria egin zait bere abestiaren letra, eta, are deigarriagoa, udalak gurea ez den pertsonaia aipatzen duen artista aukeratu izana Gabonei hasiera emateko ekitaldian abesteko
Gabonak tradizioen sasoia izan dira beti, baina gero eta gehiago ohitura arrotzak inportatzen ari gara. Gure kaleak Manhattaneko 5th Avenue ezaguna bailiran apaintzen dira. Udalek argiztapen zeremoniak antolatzen dituzte, Rockefellerreko arbola pizten ariko balira bezala. Gozo dendetan Finlandiako elur-oreinen formako gozokiak saltzen dituzte, eta askotan ez dut jakiten Euskal Herrian edo munduko beste hiribururen batean nagoen.
Gabonetako turismoak dirutza mugitzen du, modan jarri baita sasoi honetan bidaiak egitea. Abenduan 7.5 milioi bisitari espero dituzte New Yorken. Londresen, iazko Eguberrietatik hona %10 igo da turista kopurua. Laponiako Santa Clausen herrian turistek 400 milioi euro uzten dituzte urtero. Datu hauek ikusita, argi dago gure hiriburuak ere merkatu horretan sartu nahi dituztela irabaziak lortzeko baina estrategia okerra erabiltzen ari dira.
Gabonetako merkatuak, izotz pistak eta argi koloretsuak toki askotan daude, baina guk baditugu besteek ez dituzten tradizioak. Guri ez zaigu gorriz jantzitako bizarzuria gustatzen. Guk menditik jaisten den pipadun ikazkina daukagu. Gure Gabonek ez dute jengibrezko gaileten usaina. Gurean karakol, konpota eta intxaur saltsa usaina darie Gabonei. Guk ez dugu Mariah Careyren kantu itsaskorra kantatzen. Guk “Hator, hator” abesten dugu mahaiaren bueltan. Beraz, bisitariak erakarri nahi badituzte, erakutsi diezaietela nola ospatzen ditugun guk Eguberriak. Saldu ditzatela euskal gabonak, beste tokietakoak imitatu ordez. Pragan, Colmarren edota Rovaniemin ez dute guk daukaguna. Izan ere, zorionez, ez dago Santarik Donostian.