JUL. 31 2024 Antzasti Euskaldunon Etxea, esperientzia etnografiko berezia Etxearen kontzeptua ardatz nagusitzat hartuta, Antzasti Euskaldunon Etxeak esperientzia etnografiko berezia eskaintzen dio bisitariari, Dima herriko Artaun auzoan, Gorbeiako Parke Naturalari begira. Kortako tresneria. (www.antzasti.eus) Bidaiari «XIX-XX. mendeak, Aro Modernoa. Euskal Herriak, Europak bezalaxe, aro berri bati ekingo dio iraultza industrialarekin. Garapen zientifikoak zientzia modernoari ateak zabaldu eta honek iraultza ekarriko du. Bizitza tradizionalak aurrez aurre beste bizimodu batekin egingo du topo, alegia modernitatearekin. Honek kontzeptu denak aldatuko ditu: denbora, espazioa eta bizimodua. Arratiako tranbiak bi mundu hauek lotuko ditu. Tradizioa eta modernitatea. Europatik tendentzia berriak etorriko zaizkigu ezinbestean». Antzasti Euskaldunon Etxearen webguneak hitz horiekin laburbilzten du bisitariei eskaintzen diena. Gorbeiako Museo eta Parketxeen webguneak ere “esperientzien” atalean azaltzen du Antzasti Euskaldunon Etxea: «Familiaren kide guztiek partekatzen duten esparrua izanik ere, etxeak esanahi femenino ukaezaina du eta kokatzen den gizarteari errotuta dago hauxe islatuz ezinbestean». «Arratiako tranbian bidaia sinbolikoa eginik, garaikide baina oso bestelakoak ziren bi mundu ezberdinen ikusmirak ezagutzeko aukera du bisitariak, hots, bizitza tradizionala eta modernitatea», azpimarratzen du. Eta jarraitzen gehitzen du: «XIX. mende bukaerako eta XX. hasierako etxe barruko geletan barna sartu eta bi bizimodu hauetara gerturatzeko gai da guregana datorrena, alegia, gure arbasoen baserriko bizitza tradizionala eta Bilboko iraultza industrialaren modernitatea. Denbora untzia da gurea eta historiaren epe honetako bizimoduak, aisia eta lan-moduen adierazgarri fidela». Arretaz apaindutako eta propio girotutako dekorazio eta erakusketa zaindua dago ikusgai, ikus-entzunezko bisita gidatu baten bitartez, bertako kultura eta tradizioak gertutik ezagutzeko. Gorbeiako Parke Naturalari begira Museoa Bizkaiko hego-ekialdean dago kokaturik, Euskal Herriko mendikate bereizgarrienetakoan, Urkiolako Parke Naturalaren atean eta Gorbeiako Parke Naturalari begira, zehazki Dima herriko Artaun auzoan. Euskal kultura, tradizioa eta mitologia ezagutzeko leku esanguratsua, zalantzarik gabe, eta gure sustraiak, naturaren paisai amaigabeak eta gastronomiaz gozatzeko aproposa. Etxeak bisita gidatuak eskainzten ditu baina aurretik hitzartuta, gutxienez egun beteko epearekin. 12 urtetik gorakoek 5 euro ordaindu behar dute eta erretiratuek, 4 euro. Hamaiketakoarekin nahi izenez gero, berriz, 12 eta 8.