AUG. 02 2024 Arabako Arma Museoan, 1.500 piezatik gora Bada Gasteizen armak protagonista dituen museo bat: Arabako Arma Museoa, non armen historia eta bilakaera erakusten diren, gizateriaren jatorrietatik XX. mendearen hasiera arte. 1.500 piezatik gora daude ikusgai. 1.500 pieza baino gehiago daude ikusgai museoan. (armamuseoa.eus) Bidaiari Arabako Arma Museoan ikusgai dauden pieza batzuk eraso eta defentsa personal edo kolektiborako armak dira eta beste batzuek, berriz, ehiza, jolasa edo trebezia dute helburu. Hori bai, garaiko teknologiarik aurreratuena islatzen dute guztiek eta asko beren arte balioagatik nabarmentzen dira. Museoaren jatorria Félix Alfaro Fournierekin lotuta dago. Hirurogeiko hamarkadan, Arabako Foru Aldundiari arma batzuk eman zizkion eta, harrezkero, pixkanaka-pixkanaka, bilduma osatzen joan da. 1.500 piezatik gora ikusgai Gaur egun, bilduma 1.500 pieza baino gehiagoz osatuta dago. Museoaren webgunean ongi azaltzen dutenez, funtsean, Historiaurretik XX. mendearen hasierara arteko eraso eta defentsa-armek eta horiekin loturiko tresnek osatzen dute, baita informazioa eskaintzen duten beste zenbait osagarrik ere. Museoko erakusketa bi solairutan banatzen da eta irizpide kronologikoen arabera antolatuta dago. Historiaurreko armak eta bilakaera teknikoa, erabilera arrunteko gauzetatik abiatuta, azaltzen dira. Metal Aroko arma zurien oinarrizko motak ikus daitezke, lehen brontzez eta gero burdinaz eginak, hala nola falcata izenekoak, Penintsularen ekialdearen bereizgarria den ezpata makurrak. Halaber, Erdi Aroko hainbat balezta azaltzen dira. Arma hauek arkua ordezkatu zuten, indar eta helmen handiagoa baitzuten, eta garrantzitsuenak izan ziren su-armak hedatu ziren arte. Interes berezia dute Gasteizko goialdean egindako indusketetan aurkitutako kamisoteak, ezpata laburrek eta beste arma batzuek. XII. mendearen amaiera aldean datatuak dira.Defentsa aldetik, burdin ezkatazko halakreta eta altzairuzko mailazko kota, XII. mendetik aurrera erabili zena, elementurik garrantzitsuenak izan ziren XV. mendean armadura agertu zen arte. Lehen su-arma eramangarriak Lehenengo su-arma eramangarrien eraikuntza (esku-kainoia, jatorria artillerian duena), XV. mendearen erdialdean, eta haien erabileraren hedapena eta ondoko mendeetako bilakaera teknikoa zabal azaltzen dira Museoko bilduman. Azkenik, afrikar, ekitaldetar eta arabiar armei eskainitako atalak ale guztiz desberdinak erakusten ditu: Afrika erdialdeko Historiaurreko lantzetatik XVI. mendearen amaierako japoniar samurai armadura baliotsuetara. Bildumaren partetik handiena Europako armak dira, baina badaude Afrikako eta Ekialdekoak ere, baita uniformeak, kondekorazioak, dominak eta txanponak ere. Museoak berak aipamen berezia egiten dio Gasteizko Gudaldiari (1813) eskainitako atalari, gertakizun horrekin zuzeneko lotura duten material interesgarriekin osatua dagoenari.