AUG. 05 2024 Zeberioko Errementari Museo Etnografikoan, antzinako ofizioa gogoan 2018ko ekainean zabaldu zituen ateak Zeberioko Errementari Museo Etnografikoak. Eta harrezkero, herritarrek ez ezik, kanpoko ehunka lagunek egin dute bisita haranera, XVIII. mende inguruan nagusi izan zen ofizioaz gehiago jakiteko. Museoko txoko bat. (Gorbeiaeuskadi.com) Bidaiari Bertakoek dioten bezala, nekez ezagutu liteke gaur egungo Zeberio burdinaren istorioaren berri izan gabe, burdina izan delako, hain zuzen ere, herriaren istorioaren ardatz nagusia. Horrexegatik da hain esanguratsua Errementari Museoa, bertan daudelako Iturrondoko sutegiaren elementu guztiak; bertan dago, beraz, burdingintzari loturiko Zeberioko istorioa luzearen azken kapitulua, museoari esker ahaztuta geratzetik salbatua. Sutegia bera da osagai nagusia: sua egiten zen lekua; izan ere, bertan lortzen ziren burdina urtzeko behar adineko tenperatura altuak. Tenperatura altu horretara heltzeko, egur ikatza botatzen zen sutara, eta harrotu egiten zen, sutegi hauspo eritxan hauspo handien bidez haizea emanez. Moltsoa osatzeko, jungude bat edo bi, hainbat neurritako untzeak egiteko molde-kalibreak, perratze estira eta bizibideari loturiko bestelako lanabesak izaten ziren sutegietan. Bost burdinola Udalak berak zabaldutako datuen arabera, Zeberio errekaren ibilguan zehar, bost burdinola egon ziren behinola. 1799an, lau burdinola zeuden, eta 163 tona produzitzen zituzten; 1802an, 172,5 tonara heldu ziren. Baina XIX. mendean, industria saertu zen, eta Zeberio, apurka-apurka, burdinolak galtzen joan zen. Gelditu ziren azken arrastoetako batzuk Jose Añibarro Aiesta (Paisa) Iturriondoko errementariak erabiltzen zuen materialak izan ziren. Hain zuzen, erreminta horiek berritu eta haiekin osatu zuten 2018an Museo Etnografikoa. «Ondo osatuta gelditu zen, eta gauza gutxi gehitu ditugu ordudanik», diote Udaletik. Bizilagun batek Añibarrok egindako zintzarri batzuk eman zituen dohaintzan, eta horiek izan ziren gehitu zituzten azken aldaketak. «Inauguraziotik urtebetera, gainera, baserriko sukalde tradizional baten erreplika egin genuen; bisitariei asko gustatzen zaie».