GARA Euskal Herriko egunkaria
KIROL ESKALADA

Ashima Shirashik astebetean eta13 urterekin bi 9a/+ egin ditu

Eskalatzaile estatubatuarra Lleidako Santa Linyan egindako martxoko egonaldian «Open your mind direct» eta «Ciudad de Dios» igotzeko gai izan da. Gradu hori egiten eskalatzaile gazteena izan da, eta Josune Bereziartuk 2005. urtean jarritako langa berdindu du.


Kirol eskalada izaten ari den bilakaera aparta da oso. Batez ere, adinari dagokionez. Duela pare bat hamarkada, adibidez, muturreko zailtasunean jarduten zutenak gazteak ziren, baina, era berean, urte luzeko ibilbidea zeramaten. Egun, berriz, haurrek zein nerabeek egundoko salto egin dute, eta ohikoa bihurtzen ari da entzutea 10, 11, 12, 13... urte dituzten haurrek 8c gradutik gorako bideak kateatu dituztela.

Azkenengo “lurrikara” sortu duena Ashima Shiraishi izan da. Hori pasa den martxoan gertatu zen. Eskalatzaile estatubatuarra gai izan zen astebete baino gutxiagoan eta 13 urterekin 9a/+ zailtasuneko pare bat bide sinatzeko. Hori horrela entzunda, badirudi estralurtarren kontua dela. Baina ez, Shiraishik jarduera horiek Santa Linyan (Lleida) sinatu berri ditu: “Open your mind direct” eta “Ciudad de Dios”. Estatubatuarraren ibilbide ikusgarria ezagutzen dutenak ziur asko ez dira harritu, baina publiko ororentzat, zalantzarik gabe, ezohiko berria da. Bai, hala da, baina uste dugu horrelako notizietara ohitzen ari garela. Beste era batera esanda, haurrak zein nerabeak helduen mailara iristen ari dira; oraindik ez dira asko, baina badirudi kirol eskalada bide hori hartzen ari dela.

Kontua da protagonista honek 2005. urtean Josune Bereziartuk jarritako langa berdindu duela. Urte horretan, Bereziartuk “Bimbaluna” bidea (9a/+, Saint Loup, Suitza) kateatu zuen. Hamar urte pasa behar izan dira berriro emakumezko batek gradu hori egiteko, eta, Shirashik, bat ez, baizik eta zailtasun horretako bi bide sinatu zituen martxoan 13 urterekin (pasa berri den apirilaren 3an, 14 urte bete zituen). Era horretara bederatzigarren graduan sartu den zazpigarren emakumea da. Bereziartu berdindu ostean, “atzean” ditu Charlotte Duriff, Sasha SiGiulian, Muriel Sarkany, Angela Eiter eta Mar Alvarez; izan ere, goi mailako eskalatzaileok 9a graduan daude.

Eskalatzaile estatubatuarrak bere lehenengo 8c+ bidea 11 urterekin egin zuen, eta, 9a gradutik pasa gabe, 9a/+ gradura igaro da. Pasa den urtarrilean orriotan argitaratu genuen lez, Shiraishi blokean ere bikain dabil: dagoeneko bi 8b+ egin ditu.

Oso berezia

Arestian aurreratu dugunez, “Open your mind direct” izan zen poltsikoratu zuen lehena. Eta soilik lau egun behar izan zituen. Aurretik, esan dugun bezala, 9a graduko biderik ez zuen: «Santa Linyara etorri nintzenean, 9a bat egiteko aukera buruan nuen. Gaitasuna nuela banekien, baina egin arte ez dago ezer ziurtatuta. Bi bide horiek egin arte soilik 9a batean egona nintzen: ‘Biographie’ bidean. Eta egon nintzela esaten dut, besteak beste, egun bat probatzen izan nintzelako. Azken boladan blokean buru-belarri jardun dut, eta soka ez dut ukitu ere egin».

Santa Linyara heldu bezain laster, Shirashi bederatzigarren graduko bideetan gogor hasi zen. Chris Sharmak hainbat aholku eman zizkion: «Chrisek ondo baino hobeto ezagutzen du Santa Linya, eta hark esan zidan ‘Open your mind direct’ eta ‘Ciudad de Dios’ probatzeko. Eta lehenari ekin nion, Chrisek esan zidalako iaz probatu behar nuela, baina ez nuen astirik izan eta aurten saiatzea otu zait. Lleidako eskalada eskola hori asko gustatu zait, batez ere bere estiloarengatik; oso gimnastikoa da. Gainera, euria egiten duenean ere eskala dezakezu».

Eta di-da batean, eskalatzailea “Open your mind direct” marrarekin egin zen. Berez, bide hori 9a zen, baina duela pare bat urte goi aldean helduleku bat puskatu zen, eta 9a/+ gradura igo da. Era horretara egiten lehena estatubatuarra izan da. Hala ere, batzuek diote 9a+ izan daitekeela, baina horren inguruan oraindik ez dago adostasunik. “Open your mind direct” 9a+ graduan geratzen bada, zailtasun hori egiten munduko eskalatzaile gazteena izango litzateke. Hain zuzen ere, Adam Ondra “handiaren” aurretik, txekiarrak “La Rambla” (Siurana) 15 urterekin poltsikoratu baitzuen.

Hain gaztea izanik, protagonista berak eskalatutako marra horrek zer-nolako zailtasuna duen ez daki: «Heldulekua puskatu aurretik ez nuen probatu, eta ez dakit errazagoa zen ala ez. Santa Linyan eskalatzen dutenek gradua baieztatu beharko dute, eta haiei kasu egingo diet nik. Oraindik ez dute ezer esan, baina gehienek uste dute agian 9a+ izan daitekeela».

Pare bat eguneko atsedena hartu ondoren, eskalatzailea berriro pronto zegoen beste xede bati ekiteko. Eta, aurrekoa bezala, “Ciudad de Dios” ere di-da batean poltsikoratu zuen; hiru egunean, hain zuzen ere.

Shirashi berak aurreratu du bi bide horien artean “Ciudad de Dios” errazagoa iruditu zaiola: «Gehien kosta zitzaidana behealdean dagoen bloke gogor bat izan zen. Goialdean, berriz, leher eginda nengoen, baina soilik eutsi behar izan nuen. Sekzio gogor horren ostean, atseden hartzeko leku on bat dago, eta indarrak zer edo zer berreskura ditzakezu. Hori dela eta, uste dut ‘Open your mind direct’ pixka bat gogorragoa dela. Honek ere behealdean tarte zail bat du, baina goian dauden artesi txikiek ez dizute atseden hartzen uzten. Gainera, azken marra honek denbora gehiago eskatu dit».

Shirashik 11 urterekin eskalatu zuen lehendabiziko aldiz 8c+ graduko bide bat, eta, bi urte geroago, 9a/+ zailtasuneko bi bide egiteko gai izan da. Salto horren inguruan honakoa adierazi du estatubatuarrak: «Inolako zalantzarik gabe, alde handia dago. Ez da soilik gradua ezberdina dela, egiten duzun eskalada bera ere askoz ere gogorragoa da. Batzuek diote gazteegia naizela muturreko zailtasun hori egiteko. Ez dakit. Soilik esan dezaket pozarren nagoela marra zail horiek kateatzeagatik eta nire mugak gainditzeagatik. Gainera, emakumeek jarritako langa horretara iritsi naiz, eta horrek ere ilusioa egiten dit. Espero dut nik egindakoa beste haur batzuentzat inspirazio iturri izatea».