APR. 13 2015 ALPINISMOA Tom Ballardek Alpeetako sei ipar horma neguan eta bakarka igo ditu «Starlight and storm« izeneko xedea borobildu du alpinista britainiarrak. Igotako sei ipar hormak honakoak dira: Cima Grande di Andoni ARABAOLAZA Pasa den urtarrilean aipatu genizuen Tom Ballard-ek xede erakargarri bat hasi zuela. Hain zuzen ere, alpinista britainiarrak neguaren hasierarekin batera “Starlight and storm” izeneko xedeari ekin zion. Beste era batera esanda, protagonistaren helburua honakoa zen: Alpeetako sei ipar horma neguan eta bakarka igotzea. Aipatzen genizuen “koska” horietatik bi egin zituela: Cima Grande di Lavaredo (“Comici-Dimai” bidetik, abenduaren 21ean) eta Piz Badile (“Cassin”etik, urtarrilaren 6an). Bada, pasa den martxoaren 19an, neguaren amaierarekin batera, bere azken “koska” igo zuen: Eiger (“Heckmair” bidetik). Horrela bada, 26 urteko alpinista horrek bere erronka borobiltzea erdietsi du. Beste hiru ipar hormak, berriz, honakoak izan dira: Matterhorn (“Schmidt” bidetik, otsailaren 10ean), Grandes Jorasses (“MacIntyre-Colton” bidetik, martxoaren 8an) eta Petit Dru (“Allain-Leininger” bidetik, martxoaren 14an). Sei ipar horma historia handia duten sei marra klasikotatik. Urtarrileko kronikan aipatzen genizuen ere, Ballard ez zela batere ezaguna. Hori bai “berezitasun” bat bazuen: 1995. urtean K2 mendian zendu zen Alison Hargreaves alpinistaren semea da. Bada, Ballardek Gaston Rebuffatek idatzitako sona handiko “Etoiles et tempetes: six faces nord” liburuan oinarritu da proiektu hori (ingelesez: “Starlight and storm”) aurrera eramateko. «Soliki niretzako egin dut» Frantziarrak egina zuen, jakina; Ballarden amak, Hargreavesek ere baina denboraldi batean (1993. urteko udaran); eta Ballard lehena izan da sei ipar horma horiek neguan eta bakarka eskalatu dituen lehen alpinista. Hori guztia gutxi izango balitz, protagonista horrek ez zuen kanpoko laguntzarik izan. Nahiz eta hedabide gehienek xede hori Hargreavesek eginikoarekin lotu duten, Ballardek argi eta garbi aitortu du erronka hori ez duela bere amaren oroimenez egin: «Jende askok uste du proiektu hori egin dudala nire amarengandik hurbilago egoteko. Bada, ez da horrela. Soilik niretzako egin dut. Agian egoista samar dirudi, baina, bai, zergatik ez, bakarkako eskaladak norberekoikeriarekin lortura zuzena du. Mendiekin lotura sakona dut, azaldu ez daitekeen lotura da. Agian, espirituala izan daiteke. Mendiak igo nahi ditut soil-soilik hor daudelako, eta hor egon nahi dudalako. Ez da adrenalina edo emozio kontuengatik. Jakin badakit ekalada estilo horrek nire ondoan dauden kideak isolatzen dituela, eta hartu-emanetarako oso txarra dela. Neure buruari galdetzen diot ea merezi duen. Ez dakit...». Ametsa Lehen esan dugu Ballard ez zela orain arte batere ezaguna, baina egin dituen jarduera horietan guztietan argi erakutsi du maila handia baduela. Cima Grande di Lavaredo, Piz Badile eta Matterhornekoa, adibidez, bibak banarekin eskalatu zituen. Grandes Jorasseseko bidea egiteko soilik 3 ordu eta 20 minutu behar izan zituen. Petit Dru 8 orduan poltsikoratu zuen, eta Eiger egun batean. Tartean ere gai izan da Italiako drytooling-eko marra gogorrenetariko bat, “Low G Man” (D14) kateatzeko. Ametsa, beraz, bete egin du Ballardek: «Neure buruan hor giltzatuta egon da, eta iazko udaberrian behin betiko erabakia hartu nuen. Jakin banekien, mendien zein eguraldiaren baldintzen mende egongo nintzela, baina hasteko gogo handiz nengoen eta aurrera jarraitu nuen. Horretarako gogor entrenatu behar da: eskalatutako bide horiek edo antzeko maila duten mendietan jardun dut (Matterhorn, Grandes Jorasses eta Dru ez nituen igota), pasa den udazkenean korrika saio ugari egin nituen, drytoolingean ere gogor estutu nuen... ». Eskalatu dituen mendi guztietatik, alpinista britainiarrak dio Cima Grande Li Lavaredokoa zailena izan zela: «Teknikoki zailena da eta, beste bideekin alderatuta, estilo ezberdidena duena. Badilen, berriz, M7 graduko tarteak gainditu behar izan nituen, eta eskalada horrek egun eta erdi eskatu zidan. Eskalada horretan arinago joan izan banintz, argi neukan egunean bukatuko nuela. Igoera errazena, bestalde, Matterhornekoa izan zen. Unerik itsusiena azken mendi horretan jasan nuen; helikoptero bat asko hurbildu zitzaidan eta kristoren zarata ateratzen zuen». Logistikari buruz ere hitz bi egin ditu alpinista britainiarrak, eta adierazi tresneria guztia bizkar-zorroan eta bera bakarrik eraman duela: «Den-dena nik neuk eraman nuen. Beno, Grandes Jorassesen kide batzuk nire eskiak eta botak Chamonixera eraman zituzten; izan ere, jarduera hori Italian amaitu nuen. Cima Granden eta Piz Badilen nire argazkilari Ruggero Arena pareta horien oinarrira lagundu zidan. Eta Matterhornen zein Grandes Jorassesen ere alboan izan nuen, baina, hori bai, filmaketa lanetan. Beraz, neure kabuz jardun dut, eta aipatutako nire kideak “ikusle inpartzial” bezala egon dira. Eta beste eskaladetan ere, beste lagun batzuk izan dira. Hori dela eta, guztiei ala guztiei mila esker nire amets honetan alboan izan ditudalako. Eta batez ere nire aitari eskerrik onena adinean sartuta dagoelako eta nire “gorabeherak” jasan behar izan dituelako». Azkenik, Alpeetako sei ipar horma horiek neguan eta bakarka eskalatu dituen lehen alpinista honek honako hausnarketa egin nahi izan du: «Erabat harrituta nago hedabideek nire xedearekin izan duten interesarengatik. Zintzo izango naiz: ez dut ulertzen sortu den zalaparta hau! Gauza guztien artetik proiektu hau nire ametsa zen; bete nahi nuen amets bat. Uste dut komunikabide orokorrek zein publiko orokorrak ez dutela konprenitzen egiten duguna. Erronka, gailurra, lan eskerga... hori guztiaz jabetzen dira, baina uste dut hauentzat guztientzat egiten dugun eskalada misterio bat dela. Eta benetan ez dakit nola azaldu. Ulertu nahi badute zer egiten dugun, bada proba dezatela guk egiten duguna». TOM BALLARD 26 urteko alpinista britainiarrak Alpeetako sei ipar horma neguan eta bakarka eskalatu ditu. Xede hori egiten lehen alpinista izan da. SEI HORMA Ballardek eskalatutako sei paretak honakoak dira: Cima Grande di Lavaredo, Piz Badile, Matterhorn, Grandes Jorasses, Petit Dru eta Eiger.