APR. 20 2015 ALPINISMOA Helliker eta Bracey britainiarrek«Zephyr» sortu dute Mt. Mauditen Martxoaren 13an, Mont Blanceko mendilerroa ondo baino hobeto ezagutzen duen sokada horrek Mont Mauditeko ekialdeko aurpegian dauden hiru jendarmeetako batean 400 metroko eta M5+ eta 6b zailtasuneko marra berria zabaldu zuen. Andoni ARABAOLAZA Jon Bracey eta Matt Helliker alpinista britainiarrak dira; goi mailakoak izan ere. Horretaz gain, oso aktiboak dira, eta horregatik, lasai asko esan daiteke nonahi jarduten dutela. Alpeetan asko eskalatzen dute, eta batez ere Mont Blanceko mendilerroa ondo baino hobeto ezagutzen dute. Aurtengo neguan, adibidez, mendilerro horrek dituen hainbat paretatan eskalatzen izan dira. Bueno, zehazki, bide berriak zabaltzen jardun dute. Azkena, pasa den martxoaren 13an izan zen, Mont Mauditeko ekialdeko aurpegian. Bada, murru horrek dituen hiru jendarmeetatik batean “Zephyr” marra (M5+, 6b, 400 m) sortu dute. Gogora dezagun, pare bat aste lehenago, Pyramide du Tacul-en “Mastabas” bidearen (M7) lehen igoera sinatu zutela. Eta hori guztia gutxi ez eta, pasa den urtarrilean orriotan argitaratu genuen bezala, sokada horrek mistoko marra berri bat sortu zuen Tour Rondeko ipar-mendebaldeko aurpegian. Izan ere, esan bezala, Braceyk eta Helliker-ek negu oparoa izan dute Mont Blanceko mendigunean. Asko eskalatzeaz gain, sormen lanari gogoz ekin diote. Eta kontuan hartu behar da, “kanpotarrak” direla. Komatxoak jarri ditugu; izan ere, biek ala biek Alpeetan mendi gidari lanetan jarduten dute. Arestian aipatu dugunez, sokada britainiarrak egun bateko eskaladan, martxoaren 13an, bide berria zabaldu zuen. Mauditeko zirkuraino eskiekin hurbildu ziren. Helliker-ek aurreratu duenez, marra hori aspalditik zuen buruan bueltaka: «Murru hori ikusi, eta behin baino gehiagotan bide horrekin amets egin dut. Negu honetan ere Mont Blanceko mendilerroan asko eskalatu dugu, baina pareta hori baldintza egokietan ikusi arte ez gara saiatu. Hain zuzen ere, beheko horma elurrez nahiko garbi ikusi arte ez genituen lehen urratsak egin. Kontuan hartu behar da sekzio hori mistoan igo behar genuela, eta elur askorekin nahiko deserosoa egiten da. Horretaz gain, goi aldean dagoen zutoina ere lehor egotea nahi genuen; izan ere, zati horretan katu-oinekin eskalatu nahi genuen». Zalantza ugari izan zituen, beraz, sokada britainiarrak. Eta, gainera, dudaren bat edo beste zuten zutoin horretan dagoen harkaitza kalitatezkoa izango zen edo ez. Baina, azkenean, Mont Mauditeko jendarme hori baldintza egokietan zegoela ikusi zutenean, bidean sartu eta marra berria sortu zuten. «Zephyr» Bide berriari dagokionez, Helliker-ek aurreratu du lortu zuten emaitza ona dela; hots, mistoko zein era librean eskalatzeko marra ederra zabaldu zutela: «Esan dudan bezala, ‘Zephyr’-ek batez ere bi sekzio on ditu. Behealdean dagoen horman artesi izoztuak eta diedro batzuetan ‘nabigatzen’ izan ginen. Jakina, tarte horretan mistoko eskalada nagusitu zen. Ondoren, elurtegi bat zeharkatu eta elurrez estalita zeuden plaka batzuk eskalatu genituen. Bitarteko sekzio bat izan zen; hain zuzen ere, goialdean dagoen zutoinera eramaten duena». Protagonista britainiar hauek adierazi dutenez, eskaladaren hasieran eguraldiarekin zortea izan zuten. Batez ere, eguzkia egin zuelako. Hotza ere bai, ipar haizeak eraginda, baina nahiko “bare”: «65 kilometro/orduko haizea zen, oso fina, baina, arrokazko sekzioa bazen ere, eskularruekin eskalatzeko aukera izan genuen. Baina bat-batean dena aldatu zen. Ekialdeko aurpegia denez, eguzkia ezkutatu zen, eta ipar haizea ondo astintzen hasi zen. Horren ondorioz, eskaladaren azken zatian hotz ikaragarria jasan genuen. Uneoro eskularruak kentzen eta jartzen izan ginen. Eskerrak, arrokaren kalitatea bikaina baino bikainagoa zela».