Alaskako denboraldi berrian,Mt. Dickey-n sormen lan berria
Chad Diesinger, Jason Stuckey eta John Fieh hirukote estatubatuarrak mendiaren ipar-ekialdeko aurpegian «Blue Collar Beatdown»zabaldu du. 48 orduko jardunean (martxoaren 20tik 22ra), V, WI4 eta M4 zailtasunak gainditu behar izan zituzten.
Alaskako ohiko denboraldia, «goxoena» dena, udaberriarekin batera hasten da. Bai, batek baino gehiagok gogora ekarriko digu hango mendietan neguan ere eskalatzen dela. Baina argi dago ere hori ere ez dela ohikoena. Jakina, Alaskako negua oso-oso gordina delako.
Beraz, hori ikusita, alpinista gehienek udaberrian zein udan jarduten dute. Hala, Alaskako denboraldi berriko lehen egunarekin batera, lehen ekarpena iritsi zen. Hain zuzen ere, martxoaren 20tik 22ra, Chad Diesinger, Jason Stuckey eta John Frieh hirukote estatubatuarrak izen handia duen Mt. Dickey mendian marra berria zabaldu zuen. Mendiaren ipar-ekialdeko horman jardun zuten, eta 48 orduko eskaladan “Blue Collar Beatdown” izeneko bidea sortu: V, M4 eta WI4.
Agian, irakurleren bati Frieh-ren izena hurbilekoa izango zaio; izan ere, alpinista estatubatuar horrek Alaskako mendietan eskarmentu handia du. Horren argigarri, aipatuko dugu Mt. Dickeyn bigarren sormen lana duela. Lehena 2012. urtean izan zen. Doug Shepherd-ekin “No such things as a bargain promise” zabaldu zuen. Hain zuzen ere, bide hori ordura arte igo gabe zegoen ipar-ekialdeko aurpegian zabaldu zen lehen marra izan zen. Mt. Dickeyko bi ekarpen horiekin batera, gehitu behar dugu Frieh-k Alaskako mendietan bederatzi lehen igoera egin dituela. Eta hori guztia sei urtean soilik.
Horrela bada, argi geratzen da lerrootara ekarri dugun berriaren protagonista Frieh dela. Horrekin esan nahi dugu, xede horren buru Frieh bera izan dela.
Mt. Dickeyn egin den eskalada honen inguruan aipatu behar dugu Frieh harrituta geratu dela: «Nire asmoak ez zuen bibak bat ere jasotzen; jakin badakidalako oso hotzak direla. Negua oraindik agurtu gabe zegoen, eta bibak hori saihestea helburu nuen. Mendi horretan orain dela hiru urte egon nintzen, eta geure plana zen di-da bateko eskalada egitea. Hots, egunez eskalatu eta, nire eskarmentua baliatuz, gauez jaitsi. Era horretara bibakerako tresneria ez genuen eraman behar. Eta ez genuen eraman».
Pareta zaila
Eskalada hasi bezain laster, hirukote estatubatuarra ohartu zen egiten ari ziren eskalada zaila zela. Horren ondorioz, elurretan koba bat eratu behar izan zuten gaua igaro ahal izateko. Bibakerako materialik ez zutenez, Frieh-k adierazi du gau gordina igaro zutela: «Koba antolatu, eseri eta segituan dardarka hasi ginen. Ezin izan genuen lorik egin, eta balizko izozteekin arduratzen hasi ginen. Neguko azken eguna zen, eta hotz ikaragarria egiten zuen. Une oro ura berotzen aritu ginen».
Eguna argitzen ari zenean, alpinistok «aterpe» deseroso horretatik irten eta jarraian eskalatu zuten luze gogorrenari ekin zioten: «Luze hori gainditu ahal izateko, hainbat ordu pasa genituen. Sekzio hori oso-oso tentea zen, eta elur geruza oso sakonekoa. Inolako zalantzarik gabe, Jasonek egundoko lana egin zuen, tarte horretan sokaburu jardun baitzuen. Bien bitartean, Chad eta biok bileran geunden geure kidea segurtatzen. Hotz ikaragarria pasa genuen; ia-ia hipotermiaren mugara iritsi ginen!».
Egun eta erdian eguzkiaren goxotasunik izan ez bazuten ere, sokada estatubatuarra gailurraren aurretik dagoen plateaura heldu zen: «Hara iristeko komeriak izan genituen, batez ere sekzio horiek oso arriskutsuak zirelako. Hainbat saio egin ondoren, plateaura heldu eta, orduan bai, arazorik gabe arratsaldeko bostetan tontorra zapaldu genuen. Ia atsedenik hartu gabe, mendebal ertzetik jaisten hasi ginen. “747” izeneko igarobidera iritsi ginenean, ilunabarrarekin batera, atseden pixka bat hartzea erabaki genuen. Puntu horretara heldu arte, 41 ordu lo egin gabe igaro genitu en. Nekeak jota haluzinazioak izan genituen!».