Andoni ARABAOLAZA
ANDINISMOA

IIlimaniko hego aurpegian«Directa italiana» sortu dute

Illimanin zabaldutako (6.538 m) bide berriaren egileak Marco Farina eta Marco Majori italiarrak dira. Ekainaren 13 eta 14an izan zen, eta 1.300 metro eta 5c eta M4 zailtasunak gainditu zituzten. Alpamayo Negron (5.428 m), berriz, «Arista de Cice» zabaldu dute.

Alaskako ohiko denboraldia duela pare bat hilabete hasi zen, eta Andeetakoari buruz esan dezakegu dagoeneko pil-pilean dela. Mendilerro horretan izaten ari den mugimenduaz oraindik ezer gutxi dakigu, baina berriren bat edo beste iritsi zaigu bederen.

Marco Farina eta Marco Majori italiarrek, adibidez, aukera izan dute pare bat bide zabaltzeko. Lehena, Illimaniko (6.438 m) hego aurpegian: “Directa italiana” (1.300 m, V, 5c, M4). Bigarrena, Alpamayo Negro mendian (6.425 m) eginikoa, askoz ere xumeagoa izan da: “Arista de Cice” (IV, 5b, M4, 250 m).

Ekainaren lehen egunetan, italiar hauek Bolivian ziren. Girora egokitzeko ohiko prozesua bukatu bezain laster, Illimanira abiatu ziren. Jakin bazekiten, mendiaren hego aurpegiak zenbait bide zituela. Baina pareta ondo aztertu ondoren, ohartu ziren aurpegi horren erdi-erdian oraindik marra bat zabaltzeko aukera zegoela.

Hala diote, bederen, lerrootako protagonistek: «Illimaniren hego aurpegiak Alpeetako edozein ipar aurpegirekin antz handia dauka: zorrotza, tentea, zaila, luzea... Hori bai, Illimanik Alpeetako mendiak baino garaiera handiagoa du. Jakin bagenekien, pareta horretan zenbait bide zeudela; ez asko. Bagenekien ere italiar sinadurarik ez zegoela. Eta horregatik erabaki genuen gu saiatzea. Oraindik aurpegi horren erdi-erditik balizko aukera bat zegoen».

Aukera hori ondo baino hobeto aztertu zuten, baina, alabaina, andinista hauen artean ez zegoen adostasunik. Batetik, arrokazko sekzioak erabat erakartzen zuen Farina. Majori, aldiz, oso arduratua zegoen paretaren goialdean dauden serac-ekin. Azkenean, biak ala biak bat etorri ziren, eta ekainaren 13an lanari ekin zioten: «Goizaldeko lauretan abiatu ginen, eta bi ordu beranduago paretaren oinarrian geunden. Arrokan eginiko lehen luzeetan arreta handiarekin jardun genuen; izan ere, seguru egokiak jartzeko komeriak izan genituen. Ondoren, Mont Blancen aurki ditzakezun goulotte modukoak eta misto erraza eskalatu genuen. Jarraian, elur zein izotz aldats tenteetan jardun genuen. Aurretik ehunka batzuk metro genituen, eta pendizaren batez bestekoa 70 gradukoa zen. Beraz, kontu handiz eskalatu genuen».

Bibaka

Italiarrek azaldu dutenez, sekzio horietan garaieraren eragina asko nabaritu zuten. Tarte horiek azkarrago eskalatzeko ensamblean joan ziren. Une jakin batean, bestalde, bi protagonistok ez ziren ados jarri. Farinak bosgarren martxa jarri eta gailurra egun berean zapaldu nahi zuen. Majorik, berriz, bibaka egin nahi zuen, eta biharamunean, askoz ere lasaiago, tontorrera jo.

Bi aukeren artean, azkenean bibakarena aurrera atera zen: «Aitortu behar dugu kosta egin zitzaigula bibaka antolatzeko leku egoki bat aurkitzea. Elurraren pendiza handia zen, eta batak besteari esaten genion lan handia egin beharko genukeela elurretan ‘itxurazko’ zulo bat egiteko. Baina, zorionez, zerutik opari bat jaso genuen: serac txiki batzuen artean irtenune bat ikusi genuen. Altimetroari begiratu eta ohartu ginen gutxi gorabehera 6.200 metroko garaierara geundela. Palak hartu eta izotzezko sabai batean zulo bat egiten hasi ginen. Egin genuen zuloa ez zen zabala; baina bai, ordea, sakona. Inolako zalantzarik gabe, inoiz egin dugun bibakik deserosoena izan zen: sardinak bezala elkarren ondoan eta hankak zintzilik!».

Biharamunean, egunsentiarekin batera, gailurrera abiatu ziren: «Amaiera horretan bazirudien Peuterey integralean geundela. Goizeko hamarretan tontorrean geunden. Aurrean Boliviako goi-lautada zoragarria! Jaitsiera, berriz, inolako arazorik gabe, mendiaren ohiko bidetik egin genuen. Eta poltsikoan marra berri bat».