NOV. 09 2015 ALPINISMOA Pic Sans Nomeko ipar horman Ecrinseko mendiak aldarrikatzen Fred Degoulet, Benjamin Brochard eta Jonathan Joly frantziarrek «Le prestige des Ecrins» bidea (M6+, 6a/V, 1.000 m) zabaldu dute. Andoni ARABAOLAZA Mont Blanceko mendilerroarekin alderatuta, Ecrinsekoak ez dauka hainbeste osperik. Hala eta guztiz ere, alpinismorako oso eremu erakargarria da. Hori, bederen, aldarrikatu nahi izan dute Fred Degoulet, Benjamin Brochard eta Jonathan Jolyk. Bai, hirurek ala hirurek Ecrinseko mendiak ondo baino hobeto ezagutzen dituzte; izan ere, hirurek ala hirurek mendilerro horretan mendi gidari lanetan jarduten dute. Eta bandera hori altxatzeko, pasa den urrian Pic Sans Nomeko (3.913 m) ipar aurpegian izotzezko zein mistoko marra erakargarri bezain zaila zabaldu dute. 29 luze eta 1.000 metroko ibilbidea duen bide horri “Le prestige des Ecrins” izena jarri diote. Zailtasun teknikoa, berriz, aipatzeko modukoa da: M6+ edo 6a/V. Proposamen berri hau egin ahal izateko, aipatu behar da espero zutena baino egun bat gehiago behar izan dutela; izan ere, bi egun aurreikusi zituzten, eta, azkenean hiru izan ziren. Beraien etika zein filosofiari jarraituta, hirukoteak ez du paraboltik jarri, eta aipatu nahi izan dute kilometro luze den marra berrian ez dela materialik geratu; soilik rappelatzeko erabili zituzten hiru zinta. Jarduera honen inguruan, Jolyk azaldu du duela hamar hilabete goulotte hori ikusi zutela: «Fred eta biok izotz marra hori ikusi bezain laster, zoratu ginen. Urtarrilean izan zen, Ailefroideko ipar aurpegian dagoen ‘Marshall´Ombre’ bidetik jaisten ari ginela. Zoritxarrez, elurrak marra hori tapa-tapa eginda utzi zuen, eta, baldintza horiek guztiak aztertuta, xedea atzeratzea erabaki genuen. Baina pasa den urrian, ‘Grassi’ goulottetik etorri ginenean, Nicolas Draperik Pic Sans Nomeko ipar hormaren argazki bat pasatu zigun. Eta, zorionez, ikusi genuen igo nahi genuen marra hori berriro bere osotasunean osatu zela». Baldintza horiek, motibazioak eta eguraldi onak bat egin zuten, eta sormen lanerako soilik hirugarren kide bat batzea falta zitzaien: «Pasa den neguan Gramusateko ipar horman jardun genuen hirukotea berriro biltzea ederra iruditu zitzaigun. Horregatik, Benjamin Brochar kideari deitu genion». Goulottearen baldintza bikainak eta iragartzen zuten eguraldi ona aprobetxatuta, alpinistok denbora galdu gabe martxan jarri ziren. Jakin bazekiten, aipatutako horregatik guztiagatik ingurumari hartako beste alpinista batzuek ez zutela aitzakiarik izango xede horretan buru-belarri sartzeko. Horrela azpimarratu du, bederen, Jolyk berak: «Ecrinseko mendietan ezaugarri horietako marra zuri bat ondo osatuta egotea ez da batere ohikoa. Eta hori aprobetxatu behar genuen; izan ere, gure eskualdean bide berriak zabaltzeko alpinista asko prest daude. Urriaren 19an, goizeko zortzietan irten ginen Pre Madame Carletik. Pic Sans Nomeko ipar aurpegiaren oinarrira heltzeko hiru ordu behar izan genituen. Bizkar-zakuak gainezka zeuden. Eta barruan bi eguneko jarduerarako behar genuen guztia. Horma horrek ‘soilik’ 1.000 metro ditu, eta lehen eskalada egunean zailtasun guztiak gainditu eta bigarrenean gailurra egitea aurreikusi genuen». Azkenean, hiru Protagonistok aipatu nahi izan dutenez, lehen egunean ez ziren batere arin joan; hots, erritmo nahiko motelarekin eskalatu zuten. Horren isla da lehen egun horretan soilik bost luze gainditu zituztela: «Lehen luze horiek segituan ohartarazi ziguten Oisanseko arrokan eskalatzen ari ginela. Bai, arroka horrek geure buruak babestu ahal izateko aukera gutxi eman ditu. Adibide gisa bigarren luzea aipatu nahiko genuke; hura eskalatzeko bost ordu behar izan genituen! Bost luze horiek eskalatu ondoren, bibakerako leku oso egokia aurkitu genuen. Erosotasun guztiarekin luxuzko gaua igaro genuen. Benjamin hurrengo luzea prestatzen ari zela, Fred eta biok elurraren pendizaren amaieran eta arrokazko murru baten oinarrian (koba batean, hain zuen ere) bibaka antolatu genuen». Biharamunean, 06.45ean egin zituzten lehen urratsak. Brochard sokaburu jarri zen, eta izotzezko zein elurrezko makina bat luze egin zituen. Antza denez, ez zuten zailtasun tekniko handirik, baina luze guztiak 50 eta 55 metro artekoak ziren. Alabaina, luze horietan guztietan seguruak jartzeko arazo handiak izan zituzten: «Arroka oso trinkoa da, eta petateak igotzeko erabiltzen diren bilera egokiak ia ez genituen aurkitu. Horretaz gain, seguruak jartzeko denbora asko pasatzen genuen. Eta, bestalde, izotzaren geruza ez zen batere lodia, eta horretan ere torlojuak jartzeko buruhausteak izan genituen». Sekzio hori gaindituta, hirukotea murruaren bigarren giltzara iritsi zen; hots, arrokazko murru batera non paretaren behe aldea eta izotzezko “armiarma” banantzen diren. Argazkietan aztertu zuten sekzio horrekin duda batzuk izan zituzten; batez ere, izotz finarekin eta arrokara egin behar zuten trantsizioarekin. Bigarren giltza horretan, ordea, Degouletek ardura hartu zuen: «Guztira, M6+ edo 6a zailtasuneko 80 metro eskalatu nituen. Lehen luzea (arroka, 25 m) zeharkaldi bat zen, bigarrenean (30 m) dry tooling-eko luze oso teknikoa gainditu nuen eta hirugarrenean (25 m) dry-ko pausu aleatorio bat eta izotzean zein elurrean zeharkaldi bat egin nituen. Neka-neka eginda bukatu nuen. Eguna bukatzeko, Joly sokaburu jarri zen. Arratsaldeko laurak ziren, 11 luze egiteko 10 ordu pasa genituen... Bibaka egiteko ordua iritsi zen. Ez genuen aurreikusi, baina iritsi zen». Hirugarren egunean, goizeko zazpietarako eskalatzen hasi ziren: «Jolyk berriro ardura hartu zuen. Ez genekien aurretik genuena zaila izango ote zen. Baina, azkenean, 13 luzeren (den-denak izotz finarekin) ondoren, arratsaldeko hiruretan gailurra zapaldu genuen. Jaitsiera, berriz, hego aurpegitik egin genuen. Ezaguna zen guretzat, eta gaueko hamarretarako denok etxean geunden». BIDE BERRIA Fred Degoulet, Jonathan Joly eta Benjamin Brochard frantziarrek Ecrinseko Pic Sans Nomeko ipar aurpegian «Le prestige des Ecrins» zabaldu dute. 29 LUZE Hirukote alpinistaren proposamen berria 1.000 metro luze da, eta M6+, 6a/V zailtasunak ditu. Lan hori borobiltzeko, hiru egun behar izan zituzten. ZORROTZA Alpinistek adierazi dute sormen lan berriak asko eskatu diela, batez ere arrokan aseguratzeko aukera eskasak zeudelako. Lehen eskalada egunean, adibidez, soilik bost luze igo zituzten.