DEC. 16 2015 IKUSMIRA Hildako emakumeek ez ei dute botorik ematen Ruben Pascual Kazetaria Zifra ofizialek esaten dutenez, urte hasieratik 52 emakume erail ditu indarkeria matxistak Estatu espainolean. Biktimak, aldiz, askoz gehiago dira, jakin badakigulako, alde batetik, iturri ofizialak hankamotz gelditu ohi direla beti eta, bestetik, heriotza ez delako indarkeriaren aurpegi bakarra. Adierazpide bat da, ankerrena, beste askoren artean. Datu horiek, gordinak izanagatik, ez dute arazoa bere osotasunean islatzen. Beste kasu askotan nola, honetan ere zenbakiak hotzegiak direlakoan nago, ezkutuan uzten dituzte pertsona bakoitzaren izena eta izana, urratutako bizitza bakoitza estatistika, grafiko eta kopuruen logikara mugatuta. Edonola ere, hauteskunde kanpaina amaigabe honetan zeharka baino ez da agertu hizpide dugun gaia. Salbuespen ohoragarriak kenduta, fribolizatzeko edota Donald Trump bera ere lotsagorrituko luketen adierazpen burugabeak egiteko baino ez dute hautagaiek afera hau aipatu. Egiari zor, ezin genuen besterik espero zirku katodiko huts bihurtu arte urritutako kanpainaz. Proposamen, programa eta ideiak konfrontatzeko behar lukeena, jolastokietako edo taberna zuloetako elkarrizketen mailara degradatua. Espektakulua, besterik ez. Zer uste dute? Arazoa ez dela hainbesterako? Hildako emakumeez mintzatzeak ez diela botorik emango eta, hortaz, prime timea gai «serioetarako» aprobetxatu beharra dagoela? Indarkeria matxista eragiten duten faktoreak eta jendarte eredua errotik aldatu gabe heriotza berri bakoitzaren ondotik elkarretaratze isiletan argazkiak ateratzearekin amaituko dela hau guztia?