GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Emozioak, non daude?


Emozioek gugan, gure bizimoduan, duten eraginean pentsatu izan dut aspaldion. Hunkitzeko, haserretzeko, beldurtzeko edota ilusionatzeko daukagun gaitasunak nola baldintzatzen gaituen. Inguratzen gaituenaren aurrean triste jartzeko edo pozez ezin kabitu egoteko joerak egiten gaitu subjektu emozional.

Duela ez asko ikusi dut zineman emozioen inguruan irakurketa original bezain interesgarria egiten duen filma, haurrei zuzenduta egonagatik ere hain ume ez garenontzat irakaspen bikainak uzten dituena. Protagonistak poza eta tristezia galtzen ditu, bere ingurunea, ordura arte ziurra sumatzen zuena, kolokan ikusten duenean. Ondorioz, ez dauka emozio horiek garatu eta azaleratzeko gaitasunik, ezta sortzen zaizkion arazo eta kontraesanei zentzuzko irtenbide bat bilatzeko ere.

Laburbilduz, egiten dugunak, arazo edo erronka berri bakoitzaren aurrean hartzen dugun jarrerak, gure emozioetatik edaten duela azaltzen du filmak. Horregatik, inolako emoziorik sentitzen ez dugunean gure erreakzionatzeko gaitasuna ere ukituta gelditzen da. Pasatu berri den hauteskunde kanpainarekin antzeko zerbait gertatu ez ote den pentsatu dut egunotan. Espainiar Estatuko hauteskundeak gutako askoren interesgunetik aldentzen diren ideia baztertu gabe, esango nuke politikak gure barrenak mugitzeko gaitasuna higatuta duela azkenaldian.

Idealista irudi lezake, erromantikoa nahi bada, baina hutsune hori betetzea aurrean daukagun zeregin garrantzitsua dela esango nuke. Emozio guztietatik ikas daiteke, ondo zein gaizki sentiarazten gaituztenetatik. Galtzea, ordea, ez da komeni; mugiarazten gaituen motorra dira.