Merkatari txikiek ere merezi dute oparirik
Astean zehar jai edukitzea gauza ederra da. Goizean, herrira igo eta, kafetegi baten babesean, te kikara beroa esku artean dugula leihoaren beste aldeko bizitza ikustea beti da interesgarria. Gurpildun gurditxoari bultzaka erosketak egitera doazen andrazkoak, igandean itxita egon diren dendetara horren estimatuak ditugun produktuak ekartzera datozen banatzaileen joan-etorria, haurrei tiraka presaz erosketaren bat egin beharrean dabiltzan gurasoak, plazako azokara mimoz zaindutako arrautza eta barazkiak dakartzaten baserritarrak…
Egunotan, Gabonen zurrunbilo honetan sartuta, ziurtasun osoz esan dezaket gehien entzun dudan hitza «opari» dela. Adinak, gustuak eta nortasunak begiratu ditugu, mundua begiratzeko dugun moduagatik edo politikoki zuzena delako, oparitzera goazen horren atzean dauden balioak, produktuaren materialak eta, bakarren batek, non eta nola ekoitzia den ere hartuko zuen kontuan eta, asko eta asko, han joan gara tropelean, herri handietako dendatzarretara edota merkataritza gune erraldoietara. Salmenta gune handietako eskaintzak itsutu egiten gaitu batzuetan eta ez gara jabetzen gure herrietako denda txikiek eskaintzen digutenaren garrantziaz.
Hori pentsatu nuen atzo, kafetegiko leihotik begira nengoela, bakarren bat paper koloretsuan bildutako opariarekin ikusi nuenean. Denek estimatzen dugu merkatari txikien lana, saltzailearen izena ezagutzea, kaleak bizi ikustea… baina, data hauetan, apur bat ahaztu egiten ditugu. Eta haiek ere merezi dute euren oparia, ezta?