Andoni ARABAOLAZA
ANDINISMOA

Talde esloveniar gazte batekPatagonian gogotsu jardun du

Dejan Koren, Bostjan Mikuz, Rok Kurincic, Domen Petrovcic eta Domen Kastelicek Cerro Hermoso eta Cerro San Lorenzon hiru bide berri zabaldu dituzte. Aipatzekoa da «No Fiesta» marrarekin (ED+, 1.600 m) Cerro San Lorenzoko ekialdeko aurpegia lehen aldiz igo dela.

Patagoniako ohiko Cerro Torre eta Fitz Roy mendilerroetatik kanpo dauden beste erpin batzuk gero eta bisita gehiago jasotzen ari dira. Hori, adibidez, gertatu zaie Cerro Hermoso eta Cerro San Lorenzori. Biak ala biak Esloveniako talde gazte baten jomugan izan dira, eta uste dugu han jasotako uzta azpimarratzeko modukoa dela.

Protagonistak Dejan Koren, Bostjan Mikuz, Rok Kurincic, Domen Petrovcic eta Domen Kastelic izan dira. Aurretik hilabete bateko espedizioa zuten, eta bi taldetan banatuta proposamen berriak sortzeko aukera paregabea izan dute.

Emaitzei dagokienez, aurreratu behar dugu azaroaren 11n, Petrovcic eta Kastelic esloveniar gazteek marra berria sortu zutela Cerro Hermoson. Hain zuzen ere, sei orduko eskaladan hego-ekialdeko ertza eta bide zuzen bat lotu zituzten. Guztira, 1.100 metro berri eta honako zailtasunak: MD-, 80º eta M4.

Hamar egun geroago, alpinistok Cerro San Lorenzon jardun zuten. Ekialdeko aurpegian eta hamahiru orduko eskaladan, “Exit” izeneko bidea zabaldu zuten: ED, 90º, 1.000 m.

Egun bat lehenago, bi gazteon kide Koren, Kurincic eta Mikuzek bidaiaren aktibitate azpimarragarriena biribildu zuten. Hauek ere Cerro San Lorenzoko ekialdeko aurpegian marra berria sortu zuten: “No Fiesta” (ED+, 1.600 m). Zabaldutako bidea, berez, Hegoafrikako alpinista batzuek 1986. urtean zabaldutako bidearekin 3.450 metroko kotan batzen da. Haizete bortitzak jasaten ari zirenez, ipar-ekialdeko aurpegitik jaitsi ziren. Hirukote hauena da, beraz, igo gabe zegoen aurpegi horren lehen igoera. Eskalada hori azaroaren 20an eta 21ean egin zuten, 40 orduko jardunean.

Azaldutakoak dira esloveniarrek sinatutako bide berrien lerroburuak. Patagoniako baldintzak, hilabeteko espedizioa zela eta alpinista gazteak direla ikusita, bada etxera eraman duten emaitza txalotzeko modukoa da.

Eta txalotzeko modukoa da ere non jardun duten. Cerro San Lorenzo Patagoniako bigarren mendirik garaiena da: 3.706 metro. Ikusten den bezala ez da mendi garaia, baina Argentina eta Txile arteko urrutiko leku batean dago. Mendi horretara hurbiltzea ez da batere erosoa, hurbilketa bide osoa oztopo naturalez josita baitago; besteak beste, glaziar handiek inguratzen dute. Hitz gutxitan esanda, luze eta deseroso egiten da Cerro San Lorenzora heltzea. Eta horregatik guztiarengatik oso bisita eta bide gutxi ditu.

Ekialdeko ertzean, ipar-ekialdeko zein iparraldeko paretetan... marra gutxi batzuk marraztu dira. Baina ekialdeko aurpegia oraindik igo gabe zegoen. Horren errua ziur aski (ikus argazkia) pareta horretan dauden serac arriskutsuak izango dira. Oro har, ekialdeko zein hego-ekialdeko hormak arriskutsuegitzat hartuak dira.

Eraginkortasuna

Korenek adierazi duenez, Cerro San Lorenzo oso erakargarria da: «Patagoniako bigarren mendi garaiena izateaz gain, urrutiko leku batean dago eta gainera 2.000 metroko garaiera duen ekialdeko pareta igo gabe zegoen. Hara bost lagun abiatu ginen. Kanpaleku nagusia Puesto San Lorenzon jarri genuen, gautxoen antzinako aterpe batean. Ohikoa ez bada ere, eguraldi onak ongi-etorria eman zigun. Aukera hori ondo baino hobeto aprobetxatu genuen mendiaren aurpegiak eta baldintzak aztertzeko. Ohartu ginen nahiko lehor zegoela; izan ere, bertako biztanleek esan ziguten neguan elur gutxi bota zuela».

Nahiz eta Cerro San Lorenzo nahiko lehor egon, alpinistok ikusi zuten aztertutako marren artean, batez ere bat, «seguru samarra» zela. Baina Patagonian zeuden, eta han eguraldi onak oso denbora gutxi irauten du. Leiho ona amaituta, eguraldi kaskarrak hamalau egunez geldirik egotera behartu zituen. Baina azaroaren 10ean eguraldia baretu eta Mikuz, Kurincic eta Korenek Cerro San Lorenzoko ekialdeko aurpegian saio bat egitea erabaki zuten. Saiatu bai, baina, eguraldiak okerrera egin zuela-eta, kanpaleku nagusira bueltatu ziren.

Leiho on txiki hori aprobetxatu zutenak Petrovcic eta Kastelic izan ziren. Sokada horrek Cerro San Lorenzora joan ordez, Cerro Hermoso helburu gisa hartu zuen. Mendia eta balizko bidea ondo aztertu ondoren, bi alpinistok jakin bazekiten hura eskalatzeak ez ziela denbora asko eskatuko. Eta horrela izan zen: «Azaroaren 10ean, mendiaren hego-mendebaldeko aurpegira abiatu ginen. Lau orduko hurbilketa bidea egin eta gero, mendiaren hego aurpegira iritsi ginen. Baina hori egiten ari ginela, euria hasi zen. Ondorioz, denda altxatu eta egun guztia barruan pasa genuen. Arratsalde partean euririk ez zuen egin, baina lainoek mendia tapa-tapa eginda zuten. Biharamunean, berriz, ateri zegoen, baina haizea oso bortitza zen. Oraindik igo gabe zegoen hego-mendebaldeko paretan sartu ginen, eta han hego-ekialdeko ertzari marra zuzen bat gehitu genion: MD-, 80º, M4, 1.100 m. Mendiaren baldintzak nahiko onak izan ziren, eta zailtasun tekniko gogorrenak hormaren ertz nagusiaren azpian aurkitu genituen. Sei orduko eskalada izan zen, eta, eguraldia txartzen ari zela-eta, oso azkar igo ginen. Egun berean kanpaleku nagusira jaitsi ginen».

Bien bitartean, eguraldi gaiztoarengatik beste hainbat egun geldirik pasa zituzten. Janaririk gabe geratzen ari ziren, baina eguraldi adituek esan zieten beste leiho on bat zetorrela. Azaroaren 20an, boskoteak xede nagusiari ekin zion. Mikuz, Kurincic eta Koren eguerdian irten ziren kanpaleku nagusitik, eta arratsaldeko bostetan ekialdeko aurpegiaren eskuinera dagoen sekzio batera heldu ziren.

Korenek dioenez, eskalada bi ordu geroago hasi zuten: «Hasieran, elurrezko aldatsetan (70º) soka ez genuen erabili. Gauerdirako 800 mero igota genituen, eta han izotzezko lehen tarte gogorrarekin egin genuen topo. Orduan, soka atera eta gerrira lotu genuen. Mistoko hainbat luze eskalatu ondoren, serac batera heldu ginen, lehenbizikoa. Ezkerrera jo eta izotz oso gogorrean bost luze egin genituen. Bigarren eta hirugarren seracen arteko igarobidea aurkitu behar genuen, eta egunsentiarekin batera, hirugarrenean geunden. Nahiz eta eguraldi iragarpenek haizerik ez genuela izango iragarri, hego-ekialdeko haizea indartzen hasi zen. Horren ondorioz, atseden une bat hartu ordez, eskalatzen jarraitu genuen. 1.600 metroko eskalada tentea egin eta gero, hegoafrikarren bidera iritsi ginen. 18 orduko jarduna gainean generaman, eta, gailurrera joan ordez, ipar-ekialdeko hormatik (haizeetatik babesean) rapelatzen hasi ginen. 40 rapel (1.000 m) egin genituen! Guztira, atsedenik gabeko 40 orduko jarduera izan zen».

Bitartean, Kastelic eta Petrovcicen helburua hego zutoinaren eta hego gailurraren artean kokatuta zegoen. Protagonistok adierazi dutenez, izotzaren zein elurraren baldintzak nahiko onak izan ziren. Alabaina, goialdeko arrokazko sekzioak nahiko kalitate txarrekoak ziren. Guztira, 1.000 metro berri eskalatu zituzten. Bide berriari, “Exit” deitu dio.