DEC. 31 2015 IKUSMIRA Burbuila bat Ariane Kamio Kazetaria Ordu batzuk aurrera egingo dut... Mahaia bostentzat atondu du amak. Tabernak itxi dituzte bidean. 21.30ean ezarri dute isildeia. Etxeratzea derrigortua da urteko azken gauean, gauerdiak kalean harrapatuko dituen beldurrik ez dutenentzat ezik, garagardoaren aparra azken aldiz zintzurrera eramaten baitute pertsiana itxien aurrean. Aurten ere ez dut kulero gorririk erosi –lastima!–; zori txarrari aurrea hartzea ezinezko ariketa dela pentsatuz kontsolatzen dut nire burua. Xanpaina atera du amak. Eta kopak. Kanpaikada madarikatuak. Anne Igartibururekin, mesedez. Amaren ezkon-eraztuna edariaren burbuila pizgarri. Urte berria abiatu aurretik isiltasun gor batek estali ditu belarri-zuloak. Burbuilei begira... Ohartu naiz ze miserableak garen. Eta nola arima zuriturik nekez lortuko dugun aurrean geratzen zaizkigun Urtezahar horietan guztietan. Mezuak telefonoan. Datorrenari eskaerak; maitasuna, osasuna, dirua, lana... «Izan zaiteztela zoriontsu», «onena opa dizuet»... Ia bota dut afaria arrain zoparen soberakinak daramatzan plateraren sakonean. Falta direnez ohartu da norbait. Eskerrak baten batek emotikonorik gabeko mezua igorri duen. Duintasun apurra whatsappean. Eta gorreria bakarti horretan errepikatu zait urteroko galdera berbera. Eta hurrengo urtean? Zenbatentzat atonduko da mahaia? Falta direnak badatoz, gaitz erdi. Bestela, ohartzen hasi beharko dugu Urtezahar bakoitza xanpainaren indarra bezalakoxea dela, metalarekin nahastean burbuilak gu geu bezalaxe desagertzen direla mahai ondotik. Aprobetxatu ahal den bitartean, eta ikus dezagula denok. Urte –mordo– berri on.