JAN. 11 2016 Surfa Mauiko Pe’ahi urautsia:Olatu handietako surflarien plaza Olatu handietako surflarientzako plaza historikoki Hawaii izan da. Egun, inoiz baino gehiago, Mauiko uhartean den Pe’ahi urautsia da surflariek beren burua proban jartzeko joko zelaia. Pe’ahin arraun eginda olatuak hartzea ezinezkotzat zuten adituek orain gutxi arte. Haritz LARRAÑAGA ALTUNA Urte luzez «Jaws» izenez ezagutu den urautsi mitikoa izendatzeko «Pe'ahi» izena erabiltzen hasi dira surflariak azken urteetan. Lekuaren berezko izenaren inguruan bertsio desberdinak daude, baina olatua bera da. Batzuen esanetan, «Pe’ahi» hitzak, olatua esan nahi du, beste batzuek «eskuekin keinuak» egitea esan nahi duela diote, eta badira «Pe'ahi» hitzak «gonbidapena» esan nahi duela diotenak ere. Itxura guztien arabera, ordea, bere esanahia ez da hain sinplea edo zuzena. Dirudienez, «Pe'ahi» hitza, «ahupua'a» hitzetik omen dator, baina lekuaren berezko izena «Ke Kai 'o Waitakulu» omen da, «begi negartia» esan nahi duena. Olatu beldurgarria Negu sasoian, azaroa eta martxoa bitartean, Ozeano Pazifikoko iparraldean izaten diren ekaitz biziek uhinak sortzen dituzte. Alaskako uharteetatik abiatu ostean ozeanoa zeharkatu eta Hawaiira iristen diren uhinek hondoarekin talka egiten dutenean jasotzen dira mundu osoan ezagunak diren Hawaiiko olatu urdin famatuak. Pe'ahi Maui uhartearen iparraldean dago, eta ipar zein ipar-mendebaldeko itsaskiak bete-betean jasotzen ditu. Itsaso zabaletik datorren uhin erraldoia 60 oineko sakonera duen eremu batetik, 30 oineko sakonera duen lekura iragaten da; beraz, koska bortitz batekin egiten du topo uhinak, eta ondorioz, olatua bat-batean jasotzen da. Sagailoak 7 metrotik gorako uhin lerroak eskaintzen dituenean hasten dira Pe’ahin olatuak forma hartzen. Halako egunetan, inguruko urautsietan olatuak handiegiak izaten dira surf egiteko. Pe'ahin olatuak izateko baldintzak ohikoak ez direnez, urtean zehar oso gutxitan lehertzen den olatua da. Urte batzuetan bizpahiru bider baino ez da lehertzen Pe'ahiko olatua. Koralezko hondo zorrotzaren gainean, 50 oineko altuera (17 metro) eta orduko 45 km-ko abiadura gaindi dezaketen olatuak jasotzen dira eta piko forman lehertzen dira. Olatuak, ezker eta eskuin aldera irekitzen duen beso bana izaten duen arren, eskuin aldera joatea seguruagoa da surflariarentzat, zeren alde horretan dagoen ubideak sakonera handiagoa du eta eremu horretan ez da olaturik. Urautsia kostaldeko labarretatik 5 miliatara (8 kilometro) aurkitzen da; beraz, bertaratzeko modu egokiena ontzi bidez da. Urautsiaren alde batean dagoen ubidean korronte indartsuak izaten dira, baina surflariek atseden hartu edo ontzietatik argazkiak ateratzeko eremu aproposa da. Prestakuntza eta esperientzia handia eskatzen dituen olatu mota da, baina hala ere mundu osotik bertaratutako surflari eta argazkilariak biltzen dira urautsiaren inguruan eta azken urteetan pilaketa arazoak izan dira. Pe'ahi urautsia bere onenean dagoenean, hogei jet-ski izan daitezke urautsian, tow-in surfing egiten edo arraunean olatuak hartzen ari direnak zaintzen. Ubidean, ontzi andana izaten da, airean, sarri, helikopteroa, eta kostaldeko labar garaiak ikuslez betetzen dira. Ibilbide kronologikoa 1975. urtean, John Roberson, John Lemus eta John Potterick surflariak Pe'ahi inguruan nabigatzen ari zirela bat-batean jasotzen zen urautsi hura ikusi zuten eta sekulako inpresioa egin zien. Ubidetik begira, urautsian bortitz jasotzen ziren olatuei so, sasoi hartan zinematan sona handia zuen “Jaws” (Tiburón) filmarekin alderatu zuten. Surflari haien begietara, marrazo erraldoiaren masailezur beldurgarria zirudien Pe'ahiko urautsiak eta horregatik bataiatu zuten marrazo hiltzailearen filmeko izenburu berarekin. 80ko hamarkadan wind-surf egiten zuten zenbait kide Pe'ahi urautsira gerturatzen hasi ziren eta olatuak hartzen zituzten. Haien artean ziren beranduago olatu hura uretako motoen laguntzarekin hartzen hasiko ziren zenbait surflari. 1992. urtean, hasiera batean ontzi puzgarrien laguntzaz olatuak hartzen hasi ziren Laird Hamilton, Darrick Doerner edo Buzzy Kerbox bezalako surflari adituak. Gerora uretako motoen laguntzaz hasi ziren olatuak hartzen eta horiek izan ziren «tow-in surfing» modalitatearen hastapenak. Garai hartan, “The Strapped Crew” izeneko lagun taldea osatu zuten Mauiko surflari adituek eta gauza ikusgarriak egiten hasi ziren. Zortzi bat lagun ziren, Pe'ahin itsasoratzen ziren windsurf taulekin eta lehen kite-boarding taulekin esperimentatzen ere hasi ziren; beraz, berrikuntza garrantzitsuen garaia izan zen, zeren tow-in edo kite-boarding modalitateen hastapenak Pe'ahin izan ziren. Gauzak honela, 90eko hamarkadan fama hartzen hasi zen Mauiko urautsia. 1997. urtean, “Jaws, Maui” izeneko argazki liburu bat argitaratu zuten Charles eta Leslie Lyon anaiek. 1998. urtean, “National Geographic” aldizkariak artikulu bat argitaratu zuen, eta 2002an, beste artikulu bat argitaratu zuen “Geographic Adventure” aldizkariak. 2001. urtean, Doerner, Kalama eta Hamilton surflariak, James Bonden ordezko lanak egiten agertu ziren “Die Another Day” filma egiteko Pe'ahin hartu zituzten irudietan. 2004an liskarrak izan ziren. Batetik, ikusleek pinaburu zelaien ondoko baratzetan aparkatzen zituzten beren autoak eta lurren jabeak haserretu egin ziren. Bestetik, esperientzia gabeko jende ugari itsasoratzen zen, eta ondorioz, lekutarrek Pe'ahin surf egiteko baldintza bat ezarri zuten: bertako beteranoen baimen edo gonbidapenik izan ezean, ez zen olaturik hartzeko eskubiderik. 2006. urtean, urautsia kostatik ikusi ahal izateko labarretara daraman errepidea blokeatua izan zen, bide sarreretan auto batzuk erre zituzten sarbidea oztopatzeko eta hiru urte beranduago, 2009. urtean, berriz ireki zuten bidea. 2006ko otsailean, lehen aldiz bi neskak hartu zuten Pe'ahiko olatua tow-in bidez. Bikotea, bi brasildarrek osatzen zuten, Andrea Moller eta Maria Souza, azken hau Laird Hamiltonen emazte ohia. 2010eko urtarrilaren 18an, lehen aldiz arraun eginda hartu zuten Pe'ahiko olatua Danilo Couto eta Marcio Freire surflariek. Ordura arte ezinezkoa zirudiena egin zuten; izan ere, moto baten laguntzarik gabe olatu bat hartzen aitzindari bilakatu ziren. Ezker olatua hartu zuten. Bainujantzia eta taula besterik ez zuten soinean. Horren ostean arraunean surf egin zen bigarren aldia bi urte beranduago izan zen. 2012ko urtarrilaren 4an, olatu handietako surflari ezagun mordoa itsasoratu zen arraun eginaz olatu bat hartzeko asmotan eta sekulako ikuskizuna eskaini zuten. Urte horretako protagonista ordea, australiar bat izan zen: Jeff Rowley. 2012ko urtarrilaren 30 eta 31n berriz ere arraun eginda sekulako olatuak hartzen aritu zen Rowley beste zenbait surflari ezagunekin batera. Saio haietako batean hartutako olatu bati esker Billabong XXL 2011/2012 hautapenetako saria jasotzeko finalerako izendatutako lehiakideetako bat izan zen “Ride of the Year” kategorian. Ez zuen irabazi, laugarren postua eskuratu zuen, baina jada Pe'ahiko olatua arraun eginaz hartzeko urratsa sendotu zuen eta mugarria ezarri zuen. Pasa den 2015eko abenduaren 6an marra gorri guztiak gainditu zituen txapelketa historikoa egin zen Pe'ahin. Hawaiiko urautsi ospetsu honetan BWWT itzuliko txapelketa bat egiten zen lehen aldia zen eta Billy Kemper hawaiiarrak irabazi zuen. Orain artean izan den olatu handietako arraunkada (arraun eginaz hartzen diren olatuak) txapelketa handiena izan zela diote adituek. Txapelketa honen ostean tow-in edo moto baten laguntzaz olatu handiak hartzeko diziplinak indarra galduko zuen; izan ere, arraun eginda hartu ezin ziren olatuak hartu ahal izateko sortu zen modalitate hau, baina surflari batzuek arraun eginda ezinezkoak ziruditen olatuak har daitezkeela frogatu zuten. JENDE PILAKETAKHogei bikote tow-in egiten eta surflariak urautsian. Ubidean, ontzi andana, airean helikopteroa, eta kostaldeko labar garaiak ikuslez beteta. BAIMENA BEHARLekutarrak Pe'ahin surf egiteko baldintza bat ezarri zuten: bertako beteranoen baimen edo gonbidapenik izan ezean, ez zen olaturik hartzeko eskubiderik.