JAN. 18 2016 Surfa Bitxikeriak olatu handien plazan: Istripuak eta urrats pertsonalak Azken bi hilabeteetan olatu handiak izan dira munduko hainbat lekutan eta itsaskiek denetariko irudiak eskaini dituzte. Istripuak izan dira Pe’ahi edo Nazare bezalako urautsi arriskutsuetan, baina beren burua proban jarri dutenen irudi ikusgarriak ere izan dira. Last update: JAN. 18 2016 - 06:35h Haritz LARRAÑAGA ALTUNA DONOSTIA Azken urteetan lehen pentsaezinak ziren gauzak egin dituzte zenbait surflarik. Material berriek olatu handietan segurtasun handiagoz aritzeko aukera eskaintzen dute eta, horri esker, lehen baino gehiago dira olatu handietan ibiltzen ausartzen diren surflariak, baina bestalde, marra gorriak ere gorago jarri dira, eta ondorioz, sona apur bat izan nahi duenak sekulako balentria egin behar du. Marra gorriak gainditzeak, materialak ematen duen segurtasunak eta surflariek egiten dituzten muturreko erakustaldiek “ekimen erraz” bilakatu dute olatu handietako surfa. Badirudi ez dela arriskurik eta asko itsasoari errespetua galtzen hasiak direla dirudi, baina arriskua handia da, eta nahiz eta bizia galtzen duten surflariak asko ez izan, istripu arriskutsu ugari izaten da. Hona hemen azken asteetan gertatu diren zenbait adibide. Batzuk adibide xelebreak dira, eta besteak, aldiz, azkenaldian olatu handietan surf egiten istripuren bat izan duten surflarien kasuak dira. Nazareko biolin jotzailea Joan den abendu amaieran, itsaski handia izan zen Portugalgo kostaldean eta Nazaren saio bikainak izan ziren. Olatu handiena hartzeko lehia indarrean da, eta ondorioz, irudi ikusgarriak eta gertakizun bitxiak eskaintzen ditu Nazareko urautsiak. Orain arte arraun eginaz hartutako olatu handiena izan daitekeena ikusi ahal izan genuen Nazaren joan den abenduan, baita surflari bat olatuan zihoan bitartean olatu batek azpian atzeman zuen uretako motor bat surflari baten gainetik nola pasatzen zen ere, baina irudi bitxiena ziur asko, Nazareko biolinistak eskaini zuen. Paradoxikoki, inuzente egunean izan zen, baina irudiak hor daude ikusi nahi dituenarentzat, eta egiazkoak dira. Nuno Santos biolin jotzaile portugaldarrak olatu handi bat hartu zuen Nazareko urautsi famatuan, eta magalean behera zihoanean biolina jo zuen. Olatua hartzeko motor baten laguntza izan zuen, hau da, tow-in egin zuen, eta olatura bultzatu zuen motor gidaria Garrett McNamara surflari ospetsua zen. Hawaiiarraren proiekturen baterako abestiren bat egina zuen aurrez Nunok, beraz elkar laguntzen dutela esan daiteke. Nunok proiektu bat du buruan. Leku bitxietan biolina jotzen agertzen den irudien bilduma bat egiten ari da eta jada eliza, supermerkatu, itsaslabar, sumendi, gaztelu edo hondartzan hartutako irudiak baditu, baina zerbait zailagoa egin nahi zuen eta horrela sortu zitzaion Nazaren surf egiten biolina jotzeko ideia. Olatuaren gainean “Jingle Bells” Gabon kantaren melodia jo zuen Nunok, Nazareko biolin jotzaileak. Istripuak eta tragedia 2015eko abenduan Hawaiin izan zen olatu handien txapelketa hasi aitzin Mauin dagoen Pe'ahi urautsiko olatuak arraunkadaz hartzera itsasoratu ziren lehiakideen artean zen Mark Mathews surflari australiarra. Mathews olatu baten horman behera erori zen eta ia minutu bat egin zuen ur azpian. Ubidean ziren erreskate taldeko kideek ur azalera ateratzen ikusi zuten bezain laster joan ziren surflaria erreskatatzera. Mathewsen sorbaldak ezin izan zion eutsi olatuaren oldarraldiari eta honek besoa atera zion. Txapelketarako prestatutako sorosleen ontzian hartu zuen mediku batek eta han bertan artatu zuten surflaria. Hala ere, Mathew, berak uste baino hobeto atera zen erorketa arriskutsu hartatik. Hau idatzi zuen bere Instagram kontuan: «Nire buruari oharra, itxi egingo duen olatu handi gehiagorik ez dut hartuko; haustura eta sorbalda dislokazioa. Harrituta, okerragoa izango zela uste bainuen». Jarraian, azken asteetan olatu handietan surf egiten besoa atera dutenen beste bi adibide. Bata, Garrett McNamara hawaiiarra, Maverick's urautsian erori zen, eta bestea, Gabriell Villaran surflari perutarra. Hawaiin surf egiten ari zela izan zuen ezbeharra Villaranek. Urtzulo batean sartu eta irtetera zihoan unean olatuaren gandorrak emandako kolpearen ondorioz dislokatu zuen sorbalda. McNamarak Kalifornia iparraldeko urautsian izandako erorketa arriskutsua izan zen. 48 urteko hawaiiarrak “El Niño” fenomenoak Kaliforniako kostaldean itsaski handiak sortuko zituela bazekien eta arraunketan olatu handi bat hartzeko asmotan joan zen Maverick'sera. Baldintza zailak ziren urtarrileko lehen astean, baina hala eta guztiz ere, itsasoratzea erabaki zuen. Dozena erdi bat surflari baino ez zeuden urautsian eta haizeak gogor jotzen zuen. McNamarak olatu handienetako bat hautatu zuen. Behin zutitu ostean maldan behera zihoala erori zen, baina ez zen hondoratzen, ur azalean itzulipurdika zihoan, ur masa erraldoiak irentsi zuen arte. Uretako motorrekin arrisku gunetik atera ahal izan zuten lagunek, baina segidan ospitalera eraman behar izan zuten dislokatu zuen sorbalda artatzera. Azken egunetako istripurik larriena, ordea, Ekuadorren jazo da. Aurelio Prieto, 54 urteko surflari ezagunak, kolpe bat hartu zuen buruan bi metroko olatu batean erori ostean. Ez dago garbi taula edo hondoa jo zuen, baina kontua da konortea galduta aurkitu zutela lagunek. Lehorrean suspertze ariketak egin zizkioten sorosleek, baina alferrik izan zen, medikuak han bertan ebatzi zuen hilik zegoela. Pe'ahiko plaza Joan den asteko artikuluan genioen moduan, gaur egun olatu handien plaza nagusia Pe'ahi da, Maui uharteko urautsi beldurgarria. Surflariek beren abilezia eta ausardia erakusteko leku aproposa bilakatu da, baina baita surflariek beren burua proban jartzeko urautsia ere. Bethany Hamiltonek egun 25 urte ditu eta jada hamabi urte pasatu dira marrazo batek ezker besoa erauzi zionetik. Mundu osoan ezagun egin dira bere balentriak, zailtasunak zailtasun, munduko surflari onenetako bat baita eta egunez egun urrats berriak egiteko gai dela erakusten baitu. Bethanyk egin duen azken egitandi esanguratsua Pe'ahin egin du joan den astean. 18 urterekin jada olatu bat hartu omen zuen urautsi famatuan, baina oraingoan zinez olatu handia hartu zuen. Bethanyren esanetan, azken saioan hartu zuen olatua bizitzan inoiz hartu duen olaturik handiena izan zen. Uretako motor baten laguntzaz hartu zituen zenbait olatu, eta horien artean hartu zuen olatuetako bat sekulakoa izan zen. Urte berriari erronka berriekin ekin dien beste pertsonaia bat Gary Linden olatu handietako surflari ezaguna izan da. Big Wave World Tour zirkuituko lehendakariordeak 65 urte ditu, aldaka artritisa eta bihotzeko arazoak ditu, baina Greg Long surflariak Pe'ahin surf egiteko zaharregia zela esateak min egin zion antza, eta itsasoratzeko gai zela frogatu nahi izan zuen. Horrela deskribatu zuen Lindenek esperientzia: «Urautsiko zein eremutan kokatu behar nuen erabaki behar nuen lehenik. Horretan abilezia handia eskuratu dut urte hauetan guztietan eta horri esker hartu ahal izan nuen olatu hura. Pozgarria izan zen olatua hartzeko inguruan nuen jendeak nola animatzen ninduen sentitzea». NAZAREKO PLAZA Olatu handiena izan daitekeena ikusi ahal izan genuen, baita uretako motor bat surflari baten gainetik pasatzen ere, baina irudi bitxiena Nazareko biolinistak eskaini zuen. MARK MATHEWS Bere mezua: «Nire buruari oharra: itxi egingo duen olatu handi gehiagorik ez dut hartuko; haustura eta sorbalda dislokazioa. Harrituta, okerragoa izango zela uste nuen». GARY LINDEN 65 urte ditu, aldaka artritisa eta bihotzeko arazoak, baina Greg Long surflariak Pe'ahin surf egiteko zaharregia zela esateak min egin zion eta olatua hartzeko gai zela frogatu zuen.