JAN. 22 2016 IKUSMIRA Davoseko dramak eta hondamendiak Jose Angel Oria Kazetaria Suitzako Davosen elkartu dira dozenaka estatu eta gobernu buru eta arlo ezberdi netako eliteetako 2.500 gon bidatu inguru. Munduan gertatzen diren fenomeno batzuekin oso kezkatuta daudela esango digute, eta planeta datozen urteetan nolakoa izango omen den margotuko dute, gizakiok egoera berrira egokitzeko aukera izan dezagun. «Eskerrak!», esan dezake irakurleren batek. Horrela esplikatuta, badirudi Davoseko hitzordua medikuarenera joatearen modukoa dela: zer moduz nago? Zer egin behar dut hobeto egoteko? Baina Suitzako bilera horretan erabiltzen duten hizkerak ez dauka zerikusi handirik egunkari hau irakurtzen dutenen hizkerarekin. Europan milaka iheslari hotza eta gosea pasatzen daudenean, «drama» ez da pertsona horien egoera, Britainia Handia Europar Batasunetik ateratzea baizik. «Hondamendia» hitza ere erabili da egunotan, britainiarrek hartu beharreko erabakiaren inguruan. Hori hondamendia bada, zer da Siria bezalako herrialde bat ia erabat suntsituta egotea eta bertakoek ihes egin beste erremediorik ez izatea? Zer da afganiarrek jasan duten eten gabeko gerra? Zer da irakiar askok bizi duten etniaren araberako bazterketa? Zer da Afrikako herrialde gehienetako gazteek kontinentean bertan aurrera atera ahal izateko aukerarik ez ikustea? Davosen elkartzen diren horien ezaugarri nagusiak diruzalekeria eta lotsagabekeria dira, historian zehar askotan erakutsi dutenez. Esperientziak esaten dit horientzat «drama» dena gainerako herritarrontzat oso ona izaten dela. Edo izan daitekeela.