JAN. 25 2016 Surfa BWWT itzulia azken txanpan da:Josh Kerr nagusi Todos Santosen Munduko olatu handien itzulia amaitzeko hilabete besterik ez da falta, eta itsaski indartsurik izan ezean, egun ranking orokorrean buru den Greg Long izango da aurtengo txapelduna. Azken lehiaketa Todos Santos urautsian izan zen eta Josh Kerrek irabazi zuen. Haritz LARRAÑAGA ALTUNA Munduko olatu handien zirkuituko bigarren zatia indarrean da ipar hemisferioan. Urtero bezala, 2015-2016 sasoia hego hemisferioan hasi zen, baina munduaren alde horretan neguko itsaskiak amaitu ziren jada, baita BWWT itzuliko txapelketak egin ahal izateko itxarote denborak ere. 2015-2016 sasoiko lehen BWWT txapelketa Txilen izan zen, Punta de Lobos urautsiko ezker olatuan; txapela, Makua Rothman hawaiiarrak irabazi zuen. Jarraian, Peruko Pico Alto eta Mexikoko Puerto Escondido urautsietan egitekoak ziren hego hemisferioko beste bi txapelketak, baina ez zen behar bezalako itsaskirik izan. Orain ipar hemisferioaren txanda da. Neguko itsaski indartsuekin itxaronaldi epeak indarrean dira, eta, otsailaren 28ra bitartean itsaski handirik izaten bada, olatu handietako txapelketak egin ahal izango dira. Momentuz ezin hobeto doa ipar hemisferioko sasoia, izan ere, pasa den abenduaren 6an Pea'hin izan zen txapelketa historikoa izan zen, inoiz olatu handietako arraunketa txapelketa batean izan diren olatu handienak hartu baitzituzten lehiakideek, eta pasa den astean Todos Santos urautsiaren txanda izan zen. Todos Santos Kalifornia Behereko (Mexiko) hegoaldean munduko olatu beldurgarrienetakoa duen leku bat dago. Kostaldearen muturrean, uharte txiki-txiki bat dago, itsasargi handi batekin, eta han parean aurkitzen da Todos Santoseko urautsia. Uharri zorrotz baten gainean lehertzen den eskuin olatu indartsua, edonori ikara sorraraziko liokeena, baina olatu handien maitaleentzako munduko urautsi esanguratsuenetako bat da. Besteak beste, film bati esker egin zen famatua Todos Santos. 1998. urtean argitaratu zen "In God's hands" filma eta Shane Dorian olatu handietako surflari profesionala da protagonista nagusia. Olatu bat moto baten laguntzarik gabe hartzeko muga non ote dagoen jakin nahi du Dorianek eta bidean lagun on bat ere galtzen du. Filmaren amaieran Dorian arraunean sartzen da Todos Santoseko olatuan eta filma momentu horretan amaitzen bada ere, suposatzen da Todos Santosen topatu duela arraunketan hartu ezin den olatua. Beraz, han galtzen du bizia olatu erraldoi bat hartu ostean. Horren ostean, munduko surflari guztien ahotan zen Todos Santos eta 2000. urtean, lehen aldiz mundu mailako txapelketa egin zen bertan. Horren ostean, hamar urte pasatu behar izan ziren berriz ere urautsi mitikoan mundu mailako txapelketa bat egiteko. 2009/2010 denboraldian, lehen aldiz olatu handien Big Wave World Tour (BWWT) itzulia egiten hasi ziren eta zirkuitua osatzen zuten txapelketen artean Todos Santos aurkitzen zen. Urte hartako itzulia oso arrakastatsua izan zen, lau txapelketa egin ahal izan baitziren, tartean Todos Santosekoa eta Mark Haley surflariak irabazi zuen lehen txapelketa hura. 2010eko txapelketa harez geroztik, urtero egon izan da Todos Santoseko urautsia BWWT itzuliko txapelketen zerrendan, baina orain artean behin bakarrik izan dira txapelketa egin ahal izateko baldintzak. Pasa den astean izan zen, sei urteko absentziaren ostean. Josh Kerr txapeldun Egunsentian oraindik ez zen itsaskia bere indar osoz sartu, eta haizeak ere ez zuen asko laguntzen itsasotik lehorrera bidean baitzetorren, horrek olatua jaisterako orduan zailtasunak eragin zizkien lehiakideei maldan behera koska txikiak jasotzen baitziren eta ondorioz sekulako erorketak izan ziren lehen saioetan. Natxo Gonzalez bizkaitar gaztea hirugarren txandan itsasoratu zen. Oso ongi aritu zen Plentzia, aurreneko minutuetan bi olatu on hartu zituen, baina txanda pasatzeko zorian zenean, Jamie Sterling hawaiiarrak olatu bikain bat hartu zuen eta Natxok txanda pasatzeko zuen aukera oro zapuztu zuen. Josh Kerr izan zen Todos Santosen txapelduna. «Egia esan, ez nuen itxaropen handirik, egin nahi nuen gauza bakarra zera zen, hainbesteko errespetua diedan mutil hauekin surf egin. Hunkitua naiz lehen postua eskuratu izanaz. Autoko leihatilatik burua aterata dagoen zakur horietako bat bezala sentitzen naiz, finalak iraun duen artean irribarre handi batekin izan naiz». Josh Kerrek WSL mailako txapelketa bat irabaztea lortu zuen azken aldia 2010. urtean izan zen, WQS mailako txapelketa bat izan zen, WCT mailako txapelketarik ez du inoiz irabazi. Josh Ker olatu txikietan airekoak egiteko duen gaitasun paregabeagatik izan da orain artean ezaguna, baina olatu handietan ere bikain moldatzen dela erakutsi du. Gauzak horrela, honako hauek dira Todos Santoseko finalean izan ziren lehiakideek lortutako azken emaitzak: lehen postua beraz, Josh Kerr australiarrak lortu zuen. Bigarren postua berriz, Greg Long estatubatuarrarentzat izan zen. Hirugarren postuan Carlos Burle brasildarra geratu zen. Laugarren postuan Damien Hobgood estatubatuarra. Bosgarren, Nic Lam (AEB). Eta seigarren, Rusty Long (AEB). Oraindik ez da bukatu Jada BWWT itzuliko hiru txapelketa burutu izana datu esanguratsua da; izan ere, zirkuitua osatzen duten txapelketak sei edo zazpi izan arren (hasieran bost txapelketako itzulia zen, baina urtetik urtera zerrenda aldatzen joan da), batez beste bi txapelketa baino ez dira egiten urtean, behar bezalako itsaskiak izatea ez baita batere erraza. Iazko denboraldian esaterako, soilik bi txapelketa egin ahal izan zituzten, bata, hego hemisferioan, Perun, eta, bestea, ipar hemisferioan, Euskal Herrian. Txapelketei dagokienez, zirkuitu arrakastatsuena lehen aldiz egin zuten itzulia izan zen, 2009/2010. urtean egin zutena alegia, itzuli hartan lau txapelketa egin ahal izan baitziren (Txile, Peru, Mexiko, AEB). Gainerakoan, gehienetan bi txapelketa egin izan dira. Gauzak honela, aurtengo itzulia oraindik ez da amaitu. Beste bi txapelketa egiteko aukera irekia dago. Gaurtik hasi eta otsailaren 28ra bitartean Kalifornia eta Euskal Herriko kostaldeetan behar bezalako itsaskiak sortzen badira, Oregon (AEB) eta Galea muturreko txapelketak egin ahal izango baitira. Aipatu bi txapelketa hauek egiteko aukerarik ez badago ordea, egun ranking orokorrean buru den Greg Long izango da BWWT 2015/2016 zirkuituko txapelduna. Horrela izatekotan, munduko olatu handien itzulia bi bider irabazi duen lehen lehiakidea izango da Greg Long, izan ere 2012/2013ko itzulia berak irabazi zuen. Baina orduko hartan bezala, oraingoan ere itzuliko txapelketa bat bera ere irabazi gabe lortuko luke txapela. Alegia, zirkuituan lortutako emaitza onei esker lortuko luke mundu titulua, baina txapelketa bat bera ere irabazi gabe. Todos Santoseko txapelketaren ostean honela geratu da BWWT 2015/2016 itzuliko rankinga: lehen postuan, Greg Long (AEB). Bigarren postuan, Makuakai Tothman (HAW). Hirugarren postuan, Billy Kemper (HAW). Laugarren postuan Nic Lamb (AEB). Eta bosgarren postuan, Josh Kerr (AUS). TODOS SANTOSKalifornia Behereko hegoaldean, kostaldeko muturrean, uharte txiki bat dago, itsasargi handi batekin, eta han aurkitzen da Todos Santoseko eskuin olatu beldurgarria. JOSH KERR «Hunkitua naiz lehen postua eskuratu izanaz. Autoko leihatilatik burua aterata dagoen zakur bat bezala sentitzen naiz- Finalak iraun duen artean irribarre handi batekin izan naiz». GREG LONGOtsailaren 28ra bitartean Oregon eta Galea Puntako txapelketak egiteko aukerarik ez badago, rankingean buru den Greg Long izango da BWWT 2015/2016 zirkuituko txapelduna.