Andoni ARABAOLAZA
ANDINISMOA

Colin Haleyk, Patagonian,beste pasarte handi bat idatzi du

Alpinista estatubatuarrak Torre Egger eta Punta Herronen bakarkako lehen igoerak eginda ahoa bete hortz utzi ditu denak. Bi erpin horiek eskalatu ahal izateko, 16 ordu eta erdi behar izan zituen Haleyk. Eta aitortu du bederatzi orduko jaitsiera epikoa egin zuela.

Ermanno Salvaterrak hauxe esan du: «Ez dakit zer esan. Izugarria da Colin Haleyk egin berri duen eskalada itzela. Monstruo bat da!». Bakarkako eskaladetan espezialista handia den Markus Pucher austriarrak ere zoriondu du. Eta zerrendarekin jarrai genezake. Zalantzarik gabe, Colin Haleyk poltsikora sartu berri duen jarduerak ahoa bete hortz utzi ditu denak. Eta ez da harritzekoa: estatubatuarrak Torre Egger eta Punta Herronen bakarkako lehen igoerak sinatu ditu.

Bai, Patagoniako historian beste pasarte handi bat idatzi du alpinis ta honek. Eta dagoeneko, asko dira. 30 urteko estatuba- tuarrak hamar urte darama Patagoniako erpinak (batez ere Filtz Roy eta Cerro Torreko mendi multzoak) eskalatzen. Eta esku artean duen curriculuma oparoa eta azpimarratzeko modukoa da.

Pareta haietan eginiko eskaladengatik orriotatik makina bat aldiz igaro da: bide berriak zabaldu ditu, errepikapen gogorrak poltsikoratu ditu, era askean goi mailako eskaladak egin ditu... Eta, oraingoan bezala, bakarkako eskaladetan goi mailako espezialista dela azpimarratu digu. Aipatu ditugun azken horiekin batera, gogoratu behar dugu 2009. urtean Fitz Roy “Supercalaneta”-tik, urtebetera Cerro Standhardt “Exocet”-etik eta 2011. urtean Aguja Innominata “Britainiar-amerikarren bidetik” bakarka igo zituela, besteak beste.

Baina joan den urtarrilean egin zuenarekin beste urrats garrantzitsu bat egin du; izan ere, askok diote Torre Egger ingurumari hartako erpin zailena dela. Haleyk, jakina, horren berri bazuen, eta mendi horietan egin duena egiteko ondo baino hobeto prestatu zen. Jarduera hau egin aurretik, alpinistak hainbat eskalada egin zituen Patagonian bertan. Aipatzeko modukoa da Andy Wyatt kidearekin batera Fitz Royn burutu zuena: errepidetik hasita erpin hori “Supercanale”-tatik eskalatu, “frantziarren bidetik” jaitsi eta erre- pidera itzultzeko 21 ordu eta 8 minutu behar izan zituzten. Aurreko errekorra, Simon Gietl eta Gerry Fiegl-ek zutena, ia 10 orduan ondu zuten.

Lerrootako albistearen muinari helduz, espero zen bezala, Torre Egger eta Punta Herronen sinatutako jarduerarako ez zuen tresneria gehiegi garraiatu. Soka bat, 5 milimetroko kordino bat, bina camalot joko, izotzerako hiru torloju, stoppers joko bat, bederatzi iltze eta 3 litro ur “soilik”. Gasa eta bibakerako materiala ez zuen eraman.

Egindako ibilbidea, berriz, honakoa izan zen. Norvegiarren bibak etik ia eguerdiko ordu batean irten zen. Cerro Standhardt-eko ekialdeko aurpegiko elur aldatsak atzean utzi eta Sogni lepora heldu ondoren, “Spigolo dei Bimbi” bidean (lau luzetan segurtatu zen) sartu zen. Punta Herroneko tontorra zapaldu, eta hortik aurrera Torre Egger-eko “Huber-Schnarf” marra (beste lau luzetan segurtatu zen) aukeratu eta aipatu gailurra arratsaldeko bostak eta hamabi minutuan egin zuen.

Jaitsiera, bestalde, Egger-eko hego aurpegitik egin zuen Cerro Torreko leporaino. Eta hortik aurrera “Amerikarren” bidetik jaisten jarraitu zuen. Aipatu beharra dago jaitsiera horretan soka katigatu zitzaiola, eta bi ordu galdu zituen.

Jarduera ikusgarri hori biribildu ondoren, estatubatuarrak honako hausnarketa egin zuen: «Zalantzarik gabe, Torre Egger eta Punta Herronekoa nire eskalada ibilbidean egin dudan jarduera onenetarikoa da».

Ametsa

Arestian aipatu dugun bezala, Haleyk Patagoniako erpinetan duen eskarmentua handia da oso. Hamar urte daramatza mendi horiek eskalatzen, eta, berak aitortu duenez, Torre Egger betidanik xede gisa izan du: «2010. urteko azaroan Standhardt orratzaren bakarkako lehen igoera egin nuen. Ordutik Egger-ek nire bakarkako helburuen artean lehentasuna izan du. Azken bost urteotan erpin horrekin amets asko egin dut, baina batez ere aztertu hura gainditu ahal izateko zer-nolako lana egin behar nuen. Horretarako argi eta garbi zehaztu behar nituen nire gaitasunak, estrategia eraginkorrena, eraman beharreko tresneria eta nire ausardia. 2011. urtean, berriz, Egger buruan nuela, bakarka eskalatzeko soka nola erabili entrenatzen jardun nuen. Azken urteotan Torreko haranera pare bat alditan joan naiz. Saiatu ere egin nintzen, baina eguraldiagatik, baldintzengatik edo une horretan nire ausardiarik ezarengatik nire xedeak ez zuen aurrera egin. Duela pare bat hilabete nire ametsa galdutzat eman nuen, eta neure buruari esan nion ez nengoela behar adina prestatuta hain helburu handiari ekiteko. Baina bi hilabeteren ondoren egoera erabat irauli zen: eguraldi bikaina egiten zuen, mendiaren baldintzak nahiko onak ziren, duela bost urte baino eskalatzaile hobea naiz eta ez nuen batere beldurrik. Egin nuen eskalada arina eta azkarra izan zen. Jaitsiera, ordea, epikoa. “Gezurraren” lepora iritsi baino bi rapel lehenago, oso zorte txarra izan nuen. Rapel batean soka batekin orain arte izan dudan esperientzia txarrena bizi izan nuen. Rapela 60 metrokoa zen, eta soka katigatu zitzaidan. Pare bat ordu erabat blokeatuta geratu nintzen. Bizkar-zorroan 20 metroko kordino bat (5 milimetrokoa) neraman, baina Cerro Torreko ekialdeko aurpegiaren beheko zatia horrekin rapelatzeak egundoko beldurra ematen zidan. Azkenean, polea sistema batekin soka askatu eta rapelatzen jarraitu nuen».

Berriro diogu, ez dago inolako zalantzarik estatubatuarrak estilo horretan urtarrilean eginiko jarduerak cum laude bat merezi duela. Haleyk berak bakarkako estiloaren inguruan zera dio: «Uste dut egin ditudan bakarkako igoerak oro har gutxietsi egin direla; batez ere beste sokakide batekin eginikoekin alderatzen baditut. Horren arrazoietariko bat izan daiteke bakarkako estiloan ez direla argazki onak ateratzen. Adibide adierazgarri bat jarriko dut: Andyrekin egin dudan Fitz Royko errekor horrek askoz ere oihartzun handiagoa izan du. Astebete lehenago, Fitz Royko “Kaliforniarren bidea” bakarka igo nuen. Errekorraren marra baino zailagoa eta luzeagoa da, baina albisteak ez zuen ia oihartzunik izan».

Azkenik, lerrootako protagonistak esan du lehen igoera horiek egin ahal izateko arrokan asko eskalatu duela: «Jakina, egun Patagonian bakarka eskalatzen hasi nintzenean baino askoz ere eskalatzaile hobea eta eraginkorragoa naiz. Erabaki bat hartu nuen: azken hiru urteotan Hi malaiara joan ordez, uda osoan arrokan eskalatzea, batez ere, Squamishen. Cerro Torre edo Standhardt baino zailagoa da Egger. Iaz, adibidez, Markus Pucher-ek (“Ragni” bidea) eta Marc-Andre Leclercek (“Corkscrew” bidea) Cerro Torren bakarkako igoerak egin zituzten, baina uste dut nik orain egin dudanak garrantzi handiagoa duela. Patagonian estilo horretan eskalatu diren bide guztietatik (jakina, garaiak kontuan hartuta), uste dut Renato Casarottok “Goretta” zutoinean eginiko lehen igoera izan dela onena».