GARA Euskal Herriko egunkaria
Surfa

Eddie Aikauren oroimen lehiaketaBrock Little omentzeko ekitaldia

Eddie Aikau surflari zenduaren oroimenez egitekoa zen olatu handietako txapelketa, The Quiksilver Big Wave Invitational in Memory of Eddie Aikau 2015/2016, bertan behera geratu zen, baina hilzorian den Brock Little surflaria omentzeko parada ezin hobea izan zen.


Pasa den asteazkenean egitekoa zen Waimean (Hawaii) itsasoak eraman zuen Eddie Aikau surflari hawaiiarraren omenez egiten den txapelketa ospetsua. Ez da edonork parte har dezakeen txapelketa bat, eta berau egiteko baldintzak ere ez dira edonolakoak, soilik ohorezko gonbidatuak lehia daitezke eta olatuek zinez handiak izan behar dute.

Itsas iragarpenek sekulako itsaskia iragartzen zuten, eta txapelketako antolatzaileek argi berdea eman zioten txapelketari. Munduko leku desberdinetan zeuden lehiakideek hegazkina hartu eta Hawaiira jo zuten. Astearte gauean ikusle andana pilatu zen Waimeako hondartzan lo egin eta asteazken goizean txapelketa leku egoki batetik ikusi ahal izateko.

Asteazken handia iritsi zen, baina itsaskia ez zen uste bezain handia izan, eta Waimeako urautsian olatuak izan baziren arren, antolatzaileek txapelketa bertan behera uztea erabaki zuten. Hala ere, Eddie Aikauren oroimenean egiten den txapelketa hilzorian den Brock Little surflari hawaiiarri omenaldia egiteko baliatu zuten antolatzaile eta lehiakideek.

Bigarren saiakera hutsala

Orain dela zenbait urte gauza bera gertatu zen. 2011n itsaski sendo bat zetorrelakoan txapelketa egiteko deia luzatu zuten, pasa den asteazkenean bezala, munduan zehar barreiatuak izan zitezkeen lehiakideek Hawaiira bertaratzeko deia jaso zuten, txapelketarako talaia ere eraiki zuten eta ikusle andana gerturatu zen.

Kasu hartan ere itsaskia ez zen behar adinakoa izan, ordea, eta erabaki zaila izan arren, bertan behera utzi zuten txapelketa. Surflari hawaiiarren esanetan, modu horretan, txapelketa honek duen ospe eta osotasuna agerian geratu zen.

Hogeita hamaika urtetan soilik zortzi bider egin ahal izan da txapelketa berezi hau, azkena 2009. urtean. Honako hauek dira txapela eskuratu zuten lehiakideak: Denton Miyamura (1984/1985), Clyde Aikau (1986/1987), Keone Downing (1989/1990), Noah Johnson (1998/1999), Ross Clarke-Jones (2000-2001), Bruce Irons (2004/2005), Kelly Slater (2001/2002) eta Greg Long (2009/2010).

Lehendabiziko aldiz 1986. urtean egin zen lehiaketa hau eta ordutik, txapelketa egiteko deialdia urtero egiten den arren, oso gutxitan betetzen dira lehiaketa egin ahal izateko gutxieneko baldintzak. Hala ere, hiru hilabeteko itxaronaldi epeari hasiera ematen dion irekiera ekitaldia urtero egiten da.

Soilik gonbidatutako surflariek har dezakete parte txapelketan. 28 gonbidatu eta 24 ordezko izaten dira. Baina, horiez gain, hilda dauden bederatzi surflari ere aipatzen dira gonbidatu gisa, aparteko zerrenda batean. Eddierekin batera zerrendan atxiki zuten azken surflaria Andy Irons izan zen, 2010. urtean. Beste zazpi surflari zenduak honakoak dira: Mark Foo, Donny Solomon, Jay Moriarity, Lester Falatea, Peter Davi, Tiger Espere eta Todd Chesser dira zerrendako gainerako surflariak.

Ediie Aikau Waimeakoa

Waimean Eddie Aikauren omenez egiten den txapelketak bi arrazoi nagusigatik dauka halako garrantzia olatu handietako surflarien komunitatean. Batetik, omentzen duen Eddie Aikaurekin batera olatu handietako surflari zendu guztiei ere omenaldia egiten dielako, eta bestetik, Waimeak, olatu handietako urautsi boteretsua irudikatzen duelako. Beraz, Eddiek olatu handietako surflaria ordezkatzen du eta Waimeak olatu handietako urautsia.

Eddie Aikau Hawaiiko Maui irlan jaio zen 1946an, eta 1959an, 13 urte zituela, Oahu irlara joan zen bizitzera bere sendiarekin. Han olatu handietako surflari gisa esperientzia handiko gizon egin zen. Jendea izutzen zuten Waimea Bayko uretan lehen soroslea izan zen.

Hawaiiar kultura berreskuratu beharreko ondaretzat zuen Eddiek eta, zentzu horretan, ekimen ugaritan parte hartu zuen. Antzina Polinesiako biztanleek Hawaiiko irletara joateko egin zuten ibilbidea berreskuratu nahian espedizio bat antolatu zuten 1978an. Hawaiitik abiatu eta Tahitiko irletara iristea helburu zuen bidaia hartan galdu zuen bizia Eddiek eta ordutik, hawaiiarrentzat zein mundu osoko olatu handietako surflarientzako ikono bilakatu zen; izan ere, Eddie aitzindarietako bat izan zen Waimean, olatu handietako surfa forma hartzen hasi zen urautsi mitikoan.

Brock Little hilzorian

Pasa den astean Waimean parte hartu behar zuen lehiakideetako batek berri txar bat eman zuen. Brock Little Waimeako surflari mitikoak minbizia duela eta hilzorian dela iragarri zuen, eta ondorioz, ezin izango zuela berak gehien maite duen txapelketan parte hartu.

Waimeako urautsia ezin hobeto ezagutzen duen Oahu uharteko surflariak minbizia du, tumore anitz ditu eta horien artean handiena gibelean du. Egun laugarren fasean aurkitzen da Little eta kimioterapia saio bortitzak jasotzen ari da.

Hamazazpi urte zituen Brock Littlek Waimeako olatuak hartzen sekulako fama hartu zuenean. 1987. urtean Eddie Aikauren omenezko txapelketan parte hartu zuen eta zeresan handia eman zuen, batetik tamainako olatuetan aritzeko zuen gaztetasunagatik, eta bestetik erakutsi zuen talentu eta maisutasunagatik.

Egia esan, hasiera batean urte hartan Littlek ez zeukan txapelketan parte hartzeko eskubiderik, ez baitzuen gonbidapenik. Txapelketako antolatzaileak lehiaketa egin edo ez eztabaidan ari ziren artean Little itsasoratu egin zen, Aaron Napoleon bere lagunarekin batera, eta sekulako espektakulua eman zuten bi surflari gazteek. Antolatzaileek hura ikusita ordezko moduan gonbidatzea erabaki zuten eta horrela jakinarazi zieten bi lagunei urertzera atera zirenean. Sekulako arrakasta izan zuten bi kideek, hirugarren eta laugarren postuetan geratu baitziren.

Hala ere, Brock Littlek egin zuen txapelketa gogoangarriena 1990. urtean izan zen, eta berriz ere Eddie Aikauren omenezko txapelketan izan zen. Waimean ordura arte inork hartu zuen olatu handiena hartu zuela zioten adituek, eta egun oraindik urautsi mitikoan inoiz hartu den olatu handienetako bat izaten jarraitzen du. Olatu hura hartu ostean maldan behera zihoala erori zen Little, baina irudi hark buelta eman zion munduari, surf aldizkari guztietan agertu zen eta baita surf film batean ere.

Edozein motatako olatuetan surf egiteko sekulako abilezia izan arren, olatu handiak maite zituen Littlek eta horrela jarraitu zuen munduko beste urautsietan ere olatu handiak hartzen. 1994. urtean esaterako, Mark Foo hawaiiarrak Mavericksen bizia galdu zuen egunean bertan zen. Gehiago, Mark Fook hartu zuen azken olatu haren gibelean zen olatua hartu zuen Littlek Mike Parsons amerikarrarekin batera.

1997. urtean, Todd Chesser bere lagunak Waimean kanpoko aldeko uharrietan izaten diren olatu handietan surf egiten ari zela bizia galdu zuen egunean ere Little uretan zen.

Azken urteetan Hollywoden izan da aktore lanak egiten eta munduko surf txapelketetan uretako motoekin lehiakideak babestu eta laguntzen ere aritu da, baina inoiz ez dio utzi Waimean surf egiteari, gaitz madarikatu batek mendean hartu duen arte.

Pasa den astean txapelketan parte hartzera gerturatu ziren lehiakideek Little agurtzeko aukera izan zuten, eta Littlek ostera, lagun zaharrekin egon ahal izan zuen. Hunkituta jaso zituen esker oneko babes keinuak surflari hawaiiarrak. Horrela, Eddie Aikau oroitzeko antolatzen den txapelketak Brock Little omentzeko balio izan zuen.