Ikusezin bilakatzeko arriskua dagoelako
Errukia galdu eta gizateriaren alderik krudelena gailendu dela dirudi Europan nagusitutako lotsagabekeriak utzitako irudiak ikusterakoan. Idomeniko kanpamendukoak, Suva Reka ibaia igarotze arriskutsukoak.... desesperaziora kondenaturikoen irudiak dira, azken hilabeteotakoei gehitzen zaizkienak.
Gaia konplexua da, bai; analisi estrategiko-politiko sakonak beharko ditu, bai; interes askoren oreka beharko du, bai; baina badira kontuan hartu beharreko beste alde batzuk, eta horiek erabat desagertuta daude. Europa zuzentzen dutenek maneiatzen dituzten faktoreen artean oinarrizko bat falta dela iruditzen zait: gizatasuna. Kudeaketari begiratuz bakarrik, agerian geratzen da. Hemen ez dute finantza erakundeei laguntzeko erakusten duten azkartasunik izan, ez eta haientzako liberatzen duten baliabide jarioa ere. Etsipenean itotzen ari direnak gizon, emakume eta umeak dira, ume asko.
Lokatzez inguraturik, kanpin-dendatan eta bizi baldintza penagarrietan gerratik eta egoera negargarrietatik alde egin duten milaka eta milaka haur, gizon eta emakume pilatuta dituzte, bertan behera utzita Europa aberats honetan. Hormak altxatu, mugak itxi eta bidea moztu zaie giza eskubideei. Kapituluz kapitulu zitalkeria potolotu egin da eta orain, azken-aurreko kapituluan, direna ere lapurtu nahi zaie.
Justizia, elkartasuna, duintasuna ez dira burutzen ari diren negoziazioen ardatzak. Eta bizitzaren ardatza interesa eta etekina denean, pertsona galtzaile, ikusezin bilakatzen da, ekuazioetatik ateraz.