GARA Euskal Herriko egunkaria
Surfa

Eguraldi ona, olatu politak eta ikuskizun bikaina Zarautzen

Giro aparta izan zen atzokoan ere Pro Zarautz 2016 txapelketan. Itsaskia uste baino ahulagoa izan bazenere, olatu oso politak eta sekulako ikuskizuna izan ziren. Gaur arratsaldean amaituko da txapelketa.


Eguraldi aparta eta giro bikaina atzokoan Pro Zarautz 2016 munduko surf txapelketan. Olatuak uste baino txikiagoak izan ziren, metro batekoak, baina hego haize leunari esker ezker-eskuin lehertzen ziren olatu politak izan ziren eta lehiakideek haien abilezia erakusteko aukera pare gabea izan zuten.

Goizeko lehen txandetan mutilak itsasoratu ziren, baina bigarren errondako txandak amaitu bezain laster nesken kategoriako lehen errondari eman zioten hasiera. Gauzak horrela, goiz osoan zehar neskak izan ziren protagonista nagusiak eta arratsaldean, berriz, mutilak.

Ikuskizun ederra eskaini zuten neskek. Ongi marraztutako olatu luzeak zein ibilbide laburreko baino ariketa bortitzekin apaindutako olatuak eskaini zituzten. Horrela, azken urteetan nesken kategorian maila asko igo dela erakutsi zuten.

Gainera, Euskal Herriko surflariak indartsu aritu ziren eta horren froga izan zen final laurdenetara iritsi ziren zortzi lehiakideetatik lau euskal herritarrak izan zirela: Leticia Canales, Ariane Ochoa eta Garazi Sanchez bizkaitarrak eta Pauline Ado lapurtarra. Hain zuzen ere, gaur goizean itsasoratzen lehenak izango dira final laurdenetarako sailkatutako neskak.

Alde oso txikiagatik final laurdenen atarian geratu zen lehiakiderik ere izan zen. Ainara Aimatek, esaterako, 0’04 puntu gehiago izan balitu final laurdenetan izango zen. Kolpe gogorra izan zen hain alde txikiagatik kanpoan geratzea, baina zarauztarrak ez zuen irribarrea galdu eta hurrengo txapelketan emaitza hobetzeko gogoz azaldu zen.

Mutilen kategorian, berriz, agerian geratu zen txandek aurrera egin ahala lehia gero eta gogorragoa dela. Urautsira iritsi eta lehentasuna lortzeko surflarien arteko arraun lehiaketak gero eta ugariagoak eta nabarmenagoak ziren, eta, horrekin batera, lehiaketa arauez baliatzeko taktikak ere bai. Baina, batez ere, puntu gehiago lortu eta txanda pasa ahal izateko olatu gainean gehiago arriskatu beharrean zeuden surflariak, eta, horrek, ikuskizuna aberastu zuen.

Puntuazio altuena jaso zuten surflariak frantsesak izan ziren. Eguneko olatu onena Joan Duru landestarrak egin zuen; 9’77 puntu jaso zituen. Puntu gehien bildu zituen eguneko bigarren olatua, berriz, Marc Lacomarek egin zuen; 9’17 puntu bildu zituen. Paradoxikoki, bi lagun horiek elkar lehiatu behar izan zuten final laurdenetan, eta, azkenean, Joan Duru izan zen txanda irabazi eta gaur egingo den finalerdirako pasea lortu zuena.

Bestalde, ariketa bikainak ere ikusteko aukera izan zen, baina batzuetan ariketa bakarra zen, ariketa soltea, eta, antza, epaileek olatu luzeak nahi zituzten eta zentzu horretan oso zorrotz lan egin zuten. Adibide gisa Jonathan Gonzalez kanariarraren airekoa aipa daiteke. Hirugarren errondan, Gonzalezek 360 graduko bira egin zuen aireko batekin olatua amaitzeko (goiko irudian agertzen da) eta ikusleak zutik jarri zituen; epaileek, ordea, zazpi puntu baino gutxiago eman zizkioten. Hala ere, txanda pasatzea lortu zuen.

Atzokoan mutilen final laurdenetako txandak osorik egitea lortu zuten. Final laurdenetatik aurrera txandak buruz burukoak izaten dira, hau da, bi lehiakide bakarrik itsasoratzen dira, eta bakarrak lortzen du hurrengo txandarako pasea. Gauzak horrela, mutilen kasuan finalerdiak eta finala baino ez dira falta Pro Zarautz 2016 txapelketako irabazlea nor izango den jakiteko. Finalaurreko txandara iristea lortu duten lehiakideak honakoak dira: Joan Duru frantsesa, Jonathan Gonzalez kanariarra, Miguel Blanco portugaldarra eta Aritz Aranburu.

Gaurko ere itsasoko baldintza onak espero dira. Olatuen tamaina handiagoa izan daiteke eta goizean eguraldia ere lagun izango da. Arratsaldean lainoek zerua estal dezakete eta haizea zakartzeko arriskua ere badago, horregatik saiatuko dira antolatzaileak txapelketa goiz hasi eta ahalik eta goizen amaitzen.

Nesken final laurdenetako txandekin hasiko da lehiaketa goizeko hamarrak aldera, eta finalak eguerdian izango dira. Antolatzaileen asmoa txapelketa arratsaldeko hirurak baino lehen amaitzea da.