APR. 05 2016 IKUSMIRA «Coolturaren» urtea Amalur Artola Kazetaria Nago kulturaren urtearen aurrean beharrean ez ote gauden coolturaren urtean», hausnartu zuen lagun batek, ironia zorrotzaz, kafe baten bueltako tertulia bizian. Donostiako Kultur Hiriburutzaren urtea omen den honetan, erredakziora iristen zaizkigun deialdi, ekimen aurkezpen eta prentsa oharren artean izan dira –eta ez gutxi– kopetaldea zimurtuta irakurri eta aho zabalik utzi gaituztenak. Birritan eta hirutan irakurrita ere, ezin igarri zehaztasunez zer den helarazi nahi zaiguna, zein den proposamenaren funtsa. Maiz, abstrakzioz betetako hitz ponposoen harilkatzeak bestela sinpleki azal litekeena konplexutasunez josteko besterik ez du balio izaten. Baina mintzaira, sortzez, ideien transmisiorako sortu zen, eta Donostia 2016 gisako aukera baten aurrean, gure zeregina da informazio hori gizartearen gehiengoak ulertzeko moduan ematea. Hizketaldi hura izan nuen egun berean ireki zituen ateak Ubik-ek, Tabakalerako sorkuntza liburutegiak. Liburutegi bat da, baina liburuez gainera gitarra elektrikoak ditu, eta telebista plato txiki bat, eta bideoak editatzeko gunea, eta elektronika atala... Hiritarrari arrotz egiten ez zaion esparru batean sartu eta sorkuntzara, artera eta kulturara hurbiltzeko modua ematen duen liburutegi berezia da Ubik eta, askorentzat, Tabakalera bezalako gune berezi batera hurbiltzeko leihatila bilakatzeko bidean da. Artearen munduan dabilenak eta urtebetetze baterako bideo berezia sortu nahi duen herritarrak, biek dute lekua Ubiken; bien arteko zubilana egiten duen gunea da. Kultura eta cooltura hitzen esanahaiak diluitu egiten dira espazio berezi honetan.