APR. 12 2016 IKUSMIRA Tropelaren buru edo kilometro batera Iker Bizkarguenaga Kazetaria Ezker abertzalearen eta EAJren harreman gatazkatsua aztertzean, kontuan hartu beharreko aldagaia da bi indar horiek duten izaera desberdina. Izan ere, jeltzaleak gobernu-alderdia dira, eta euren ahalegin guztia horri ematen diote, hauteskundeak irabazteari, alegia. EAJren egitekoa da gizartea neurtzea, haren interesak, modak eta gogoak ezagutzea, eta horietara molda- tzea, betiere unean uneko gehiengoaren babesa jasotzeko. Malgutasun itzelez jokatzen dute, eta horren adibide da EH Bildu sortu ostean nola lortu duten mezua PSE eta PPren kaletara egokitu eta bi alderdiak botoz erdi ustea. Boterea helburu, maisuak dira. Ezker abertzalea, aldiz, indar eraldatzailea da. Gobernua nahiko luke, baina helmuga erdiesteko tresna gisa. Gizartea baldintzatu, gidatu, zuzendu nahi du, bere xede estrategikoarekiko –demagun estatu independente, euskaldun, sozialista eta feminista– atxikimendu handiena lortzeko. Ez dago esan beharrik hau egitea zailagoa dela, baina bide horretan garaipen batzuk lortu ditu, hala nola, trantsizioan oinarritutako sistema gurean egonkortu ez izana. Arriskua, kasu honetan, distantzia gaizki neurtzea da, aurreregi jarri eta inork ez jarraitzea. Tropelburuak tropelaren buru egon behar du, ez kilometro batera. Halakoak gertatu izan dira lehenago, baina EH Bildu formula sortzeak aukera ematen du gizartearen nahiekin bat egin eta aldi berean berau eraldatzeko. Baina hemen badago beste arazo bat, hots, kilometro batera baino beste galaxia batean dabiltzanek baldintzatuta jokatzea. Mikelek idatzi legez, alpistea banatzen, despistatzea.