APR. 20 2016 IKUSMIRA Esan gabe adierazi; apuntatu gabe tiro egin Aimar Etxeberria Kazetaria Sorpresaz betetako kutxa bat da Euskal Herria. Gaur albiste dena bihar ez da, albiste berri batek isilarazi duelako. Arnaldo Otegi eta Jordi Evoleren arteko solasaldiaz idatzi asmo nuen txoko honetan, baina atzo erredakziora iritsi bezain pronto ohartu nintzen gaia «zaharkitua» geratu zitzaidala, albistea beste bat zela. Nafarroara begira jarri gintuen aktualitateak; zentzugabekeria berri baten testigu izaten ari ginen. Iraganeko kontutzat nituen goizean goizeko albiste txarrak, egunsentiak berarekin zekartzanak. Iraganekotzat Estatu espainiarreko segurtasun indarren operazioak, eguna bihozkada azeleratuekin hastera behartzen gintuztenak. Baina atzokoa ezberdina izan zen. Hitz baten inguruan eraiki zuten zirku mediatiko guztia, garbi denez, enbarazu egiten dien hitz baten inguruan: tortura. Enbarazu egiten die, bai, 5.000 euskal herritarrek baino gehiagok pairatu duten tratu jasangaitzak, enbarazu ditxosozko errelatoan halabeharrezko pasarte izan behar duten testigantzek. Atzokoak, baina, badu positibotik ere. Tortura hitzak, bere sinpletasunean, zuzenean eragiten diela ulertu dute segurtasun indar espainiarrek. Are xelebreagoa dena: Espainiako Poliziak Guardia Zibilaren defentsan atera behar zuela sentitu du, torturaren aurkako pintaketa batek euren kideak «iraintzen» dituela ondorioztatuta. Txelui Morenok, atxilotuetako batek, ederki definitu zuen egoera polizia etxetik atera berritan: «Kafkarra da egoera. Excusatio non petita, accusatio manifesta». Ez da errudun garbiagorik hartzaile jakinik gabeko salaketa bat bere egiten duenik baino.