MAY. 05 2016 IKUSMIRA Jihadismoak gora eta turismoak, behera? Jose Angel Oria Kazetaria Bin Laden Al-Qaeda sareko sortzailea Pakistanen hil zutenetik bost urte pasa direla-eta, egunotan jihadismoaren inguruko makina bat analisi idatzi da, muturreko pobreziak eta ezjakintasunak ahalbidetu duen fenomeno armatuaren aurpegi ezberdinak azaldu nahian. Erlijio kutsua duen mugimenduko buru ezagunenak Ekialde Hurbilekoak dira: Osama Bin Laden bera, Saudi Arabiakoa; Ayman al Zawahiri Al-Qaedako egungo burua, Egiptokoa; eta Abu Bakr al-Baghdadi ISIS Estatu Islamikoa sortu zuen gizona, Irakekoa. Al-Qaedak eta ISISek sinatu dituzten erasorik ezagunenak Europan egindakoak dira. Edo Mendebaldeko turisten aurka beste kontinenteren batean egindakoak. Hedabideok eskaintzen dugun informazioaren eraginez, pentsa daiteke europar zuria izaten dela jihadisten biktima nagusia, baina adituen txostenek bestelako errealitate bat erakusten digute: Afrika da eraso jihadista gehien jasan behar izan dituen kontinentea, azken urte eta erdiko atentatuak kontuan hartuta. Boko Haram, Al Shabaab, Islamiar Magrebeko Al-Qaeda, Al-Mourabitoun, Ansar al-Sharia... Marka asko dituzte jihadistek Afrikan. Ez da harritzekoa turismoak behera egin izana bertan: 56 milioi turista hartu zituen 2014an, eta 53 milioi baino ez 2015ean. Baina zalantza berehala sortzen da, Afrikako datuen ondoan azken hilabeteotako erasorik zabalduenetako batzuk jasan dituen frantses Estatukoak jarriz gero: 84 milioi atzerritar hartuta, helmuga turistiko garrantzitsuena da. Jihadisten erasoek turismo mota batzuk kaltetzen dituzte, baina beste batzuk ez.