MAY. 16 2016 ALPINISMOA Alaskako Citadel mendianproposamen berri eta gogorra Jess Roskelleyk eta Benjamin Erdmannek osatutako sokadak orratzaren mendebal aurpegian «Westman’s World» bidea (VI, M7, AI4X, A3, 70º) sortu du. Alaskako ohiko denboraldian egin den lehen ekarpen nagusietarikoa da eta apirilaren 23an bukatu zuten. Last update: MAY. 16 2016 - 06:40h Andoni ARABAOLAZA Alaskako ohiko denboralditik dagoeneko jarduera azpimarragarri bat iritsi zaigu; gainera, ekarpenaren eskutik. Jess Roskelley eta Benjamin Erdmann estatubatuarrak protagonistak izan dira. Kichatna Spires eremu ezagunaren orratz bat aukeratu zuten, Citadel, eta mendiaren mendebal aurpegian proposamen berri bat egin dute. Sokada horrek “Westman’s World” izena jarri dio sortutako bideari; hain zuzen ere, Alaskako alpinismoaren historian izen handia duen Mark Westmanen omenez. Marra horrek, alabaina, zailtasun tekniko zein arrisku handiak jasotzen ditu bere baitan: VI, M7, AI4X, A3 eta 70°. Erdmannek adierazi du Alaskara joan zirenean argi zutela zein izango zen xedea: «Kichatnako orratzak oso erakargarriak dira. Duela bost urte egin genuen alderdi horretan gure lehenbiziko eskalada. Orduan, orratz haietako batean izotzezko marra handi batek harrapatu gintuen. Baina, jakina, hara hurbiltzeko abioneta bat erabiltzea derrigorrezkoa da. Martxo osoa Palmerren dudan etxolan egon nintzen. Nire zeregina Kichatnako eguraldi iragarpenak ikusi eta aztertzea zen. Eta, ohi den legez, oso eguraldi kaskarra egin zuen; aste apokaliptikoak izan ziren. Baina, zorionez, 12 orduko leiho on bat iragarri zuten. Di-da batean abiatu ginen. Ken Macdonald zen gure gidaria, eta onartu behar dut talentu berezia duela. Glaziarrean egin zuen lurreratzea adore handikoa izan zen». Kanpalekua altxatu bezain laster, Ozeano Baretik ekaitz bortitzak iritsi ziren. Eguraldia pixka bat baretu zenean, lan kontuak zirela medio, berriro Talkeetnara itzuli ziren. Egunero-egunero iragarpen ereduak dozena bat aldiz aztertzen zituzten, eta baldintza egokiak ikusi zituztenean hurrengo hegaldia hartu zuten. Baina han zirela, bi alpinistok ohartu ziren begiztatutako marra oso egoera txarrean zegoela: «Mendiaren goialdean euria egin zuen, eta hainbat elurrezko sekzio urtu ziren. Geure helburu nagusia beste denboraldi batez atzeratu behar izan genuen». Zailtasun handiak Hala ere, bi protagonistok bazuten beste alternatiba bat esku artean: «Jessek eta biok Citadeleko ekialdeko aurpegian ‘Hypa Zypa’ bidearen lehen igoera egin genuenean beste marra bati argazki bat atera genion; baina, hori bai, mendebal aurpegian marrazten zena. Hain zuzen ere, hormatzar horretan inork ez du biderik zabaldu; soilik Josh Wharton eta Zach Smithen saio bat dago. Guk erabaki genuen saio horren ezkerraldean jardungo genuela». Citadeleko horma horretan eginiko eskaladaren inguruan Erdmannek esan du zailtasun tekniko handiak gainditzeaz gain, arriskua ere kontuan hartzeko modukoa zela: «Lehen luzeetan Jess sokaburu egon zen. Eroria zuten arrokazko sekzio batzuk eskalatu zituen; bere burua babesteko komeriak izan zituen. Izotz gogorrari zein misto zailari ere aurre egin behar izan zien. Ondoren, kanpalekura jaitsi ginen». Gaua ia lorik egin gabe igaro ondoren, alpinistok goizeko hiruretan berriro martxan jarri ziren:&flexSpace;«Aurreko egunean igotako sekzioak azkar eskalatu genituen. Ondoren, denetarik izan genuen: izotza, mistoa... Eguerdi aldean, zerua lainotu eta haize boladak indartu ziren. Ia gogorrena jasandako spindrift-ak izan ziren. Gure gorputzak erabat izoztuta zeuden, eta biharamunean altxatzea ez zen batere erraza izan. Nahiz eta amaierako sekzioak tenteak ez izan, izotzaren geruza oso fina zen. Zorionez, ezaugarri horiek dituzten sekzioetara ohituta gaude, eta oso erritmo onean gainditu genituen». Apirilaren 23an, Roskelley eta Erdmann Citadeleko gailurrean ziren “Westman’s World” bidea zabaldu ondoren. Gaua gainean zutenez, rappeletan material ugari utzi zuten.