MAY. 30 2016 ALPINISMOA Alaskako Celeno mendian zuzen eta inolako konplexurik gabe Chris Wrigth eta Graham Zimmerman estatubatuarrek «West face direct» bidea zabaldu berri dute: 1.800 m, M6, 5.10X, A2+, 95º. Andoni ARABAOLAZA Alaskako ohiko denboraldiari dagokionez, aurreko asteetan aipatutako Citadeletik St. Elias mendilerrora egingo dugu salto. Izan ere, hango mendi batean, Celeno (4.083 m) izenekoan, Chris Wrigth eta Graham Zimmermanek osatutako sokadak ekarpen handia egin berri du. Duela hamabost egun izan zen, hilak 15ean, alpinista estatubatuarrek mendiaren mendebaldeko aurpegian bide zuzena, gogorra eta berria, bukatu zutenean. Protagonistok ez diote izen berezirik jarri: “West face direct”. Hots, mendebal aurpegian eta zuzen; inolako konplexurik gabe. Sormen lan ederra atera zaie, besteak beste, lau eguneko lan eskerga egin eta gero 1.800 metro eskalatu zituzten. Eta zailtasun teknikoei begiratzen badiegu, lasai asko esan dezakegu dena eman behar izan zutela: M6, 5.10X, A2+ eta 95º. Hori guztia gutxi izango balitz, hainbat sekziotan oso baldintza txarrak aurkitu zituzten. Alpinistok azaldu dute beraiena dela Celeno mendira egin den bigarren igoera. Lehena Jay Clausek egin zuen duela soilik hiru urte; hain zuzen ere, ipar-mendebaldeko ertzetik. Bitxia bada ere, Clausek berak eraman zituen lerrootako protagonistak hegazkin txiki batean eremu horretara; Wright eta Zimmermanek lehen aldia zuten txoko horretan. «Bidaia hau apartamentu batean mapak behin eta berriro begiratzen jarduten duten bi alpiniston emaitza izan da», adierazi du Zimmermanek. Biak ala biak lagun minak dira, eta Oregoneko Bend hirian elkarrekin bizi dira. Baina lehen aldia dute soka gerrira lotu dutela izaera honetako eskalada alpino bat egiteko. Zimmermanek gehitu du Alaskan denbora asko pasa dutela: «Helburu eder zein erakargarri bat bilatzen ibili gara, eta gure begiradak Celeno mendian jarri genituen; izan ere, 1990an Carlos Bulherrek mendebaldeko aurpegian saio bat egin zuen, baina paretaren eskuinaldean dagoen kontrahorman. Geure asmoa, berriz, bide zuzen bat sortzea zen, besteak beste, arrisku objektiboak saihestu ahal izateko. Jakina, zailtasun teknikoak izango zituen eremu bat bilatu dugu. Eta osagai horiekin guztiekin mendebal aurpegiaren erdi-erdian egin dugu topo». Hilak 8rako, Wright eta Zimmerman Alaskan ziren. Clausek gidatutako hegazkin txiki batek glaziarrean utzi zituen. Arratsalderako oinarrizko kanpalekua antolatuta zuten. Ekaitzen ondorioz, pare bat egun dendetan igaro behar izan zituzten. Baina, zorionez, astebeteko leiho on bat iragarri zieten. Iragartzeaz gain, sokada estatubatuarrak ondo baino hobeto aprobetxatu zuen: «Chris eta biok argi dugu eguraldiak xede zehatz bat erabat baldintza dezakeela. Eguraldi ona iragarri zutenez, bi egun ezer egin gabe pasa genituen; era horretan eskalatu behar genuen pareta askoz ere baldintza egokiagotan egongo zen eta zailtasun teknikoak zituzten tarteak lasai hartuko genituen. Jarduera osoa (igo eta jaitsi) lau egunetan egitea espero genuen». Hiru bibak Maiatzaren 12an, goizaldeko ordu batak jo berri lehen urratsak egin zituztenean, elurraren geruza sendo zegoen. Lehen 600 metroak elurrean eta izotzean (gehienez 70º) ensamblean edo soka lotu habe igo zituzten. Ondoren, Zimmermanek sokadaren lidergoa hartu eta mistoko espoloi gogor bat (M4, M5 eta M6) eskalatu zuen. Atseden pixka bat hartzeko, Wright sokaburu jarri zen, eta beste pare bat luze igo zituen. Ertz txiki batera heldu eta bibaka antolatu zuten. Lehen bibak horretan ez zuten denbora asko igaro; izan ere, goizaldeko ordu bietan berriro martxan ziren. Wright berriro sokaburu jarri zen. Bi luze egin eta sekzio berezi batera heldu zen. Bai, ordura bitarte granitoan eskalatu zuten, baina une batean arroka hori, beltz kolorekoa, metamorfiko bihurtu zen: «Nahiz eta tarte solte batzuk izan, granitoa kalitate onekoa zen. Pixka bat gorago zegoen beltz kolorekoa, aldiz, oso ezegonkorra zen; zaborra, alegia. Chrisek bidearen giltzari egin behar izan zion aurre. Erori handia zuen luze horretan hiru ordu borrokatzen pasa zituen. Guk 5.10X eta A2+ bezala aurkeztu dugu, eta, aurreratu dudan bezala, bide osoaren giltza izan zen. Luze hori zaila zen, baina are zailagoa zen arroka txar horretan urrats bat egitea. Nire sokakideak lan handia egin zuen, eta erabat harrituta nago egin zuenarekin. Ez dakit inor ausartuko den guk zabaldutako bide hau errepikatzen, baina aipatu dudan luze hori ez egitea aholkatzen dut. Une batean, Chrisek neurri handiko bloke batzuk bota zituen; horren ondorioz, soka bat eta mosketoi bat ia izorratu genituen». Egunaren amaieran, Zimmermanek zailtasun ertaineko pare bat luze igo zituen. Plataforma batera iritsi eta han bertan bibaka atondu zuten. Egun luzea eta eta gogorra izan zen; horren isla da soilik 150 metro eskalatu zituztela. Luze zailenak eta arriskutsuenak izan ziren. Zimmermanek dio bibak horretan (90x120 zentimetroko plataforma) zortea izan zutela: «Ez dut pentsatu ere egin nahi leku horretan eguraldi txarra izan bagenu. Ez genuen erabateko babesa, baina, gutxienez, arrisku objektiboetatik seguru geunden». Goizeko ordu bietan, protagonistok bidearen azken zatiari ekin zioten. Mistoko luze erraz batzuk gainditu eta elurrezko zein izotzezko aldatsei aurre egin zieten. Ensamblean ehunka metro batzuk egin zituzten: «Bide agerikoena zen, eta hari esker serac batzuen azpitik pasatzea saihestu genuen. Guztira, 750 metro eskalatu genituen; sekzio batzuk 90º eta 95º artekoak izan ziren. Eguraldiak okerrera egin zuen, eta ia ez genuen ezer ikusten. Elurrezko erlaitz handi batean gure azkeneko bibaka prestatu genuen; hain zuzen ere, gailurraren azpialdean». Maiatzaren 15ean, tontorra egin eta egun guztia jaisten pasa zuten. Gauerdirako oinarrizko kanpalekuan zeuden: «Esperientzia aparta izan zen. Une zailak eta txarrak pasa genituen, baina, oro har, oso eskalada ona izan zen». BIDE BERRIA Chris Wright eta Graham Zimmerman estatubatuarrek St. Elias mendizerran dagoen Celenoko (4.083 m) mendebaldeko aurpegian proposamen zuzen eta gogorra zabaldu dute. 1.800 METRO Alpinistok bideari «West face direct» deitu diote, eta honako zailtasun teknikoak ditu: M6, 5.10X, A2+ eta 95º. Mendiaren bigarren igoera izan da. ARRISKUTSUA Hiru bibak egin dituzte, eta bidearen giltzan arroka oso txarra aurkitu dute. Luze hori egiteko, Wrightek hiru orduko lan eskerga behar izan du.