JUN. 23 2016 IKUSMIRA Suaren bueltan, txarrak erre eta onak piztu Iraia Oiarzabal Kazetaria San Joan, San Joan heldu da... Zenbat su piztuko den gaur gauean Euskal Herriko plaza eta baserrietan esaera horren bueltan. Urteko gaurik laburrenean, sorginkeria, errituak eta sinesmenak ateratzen dira kalera, gurean oso errotuta dagoen tradizioa baita udako solstizioarekin batera ospatzen dena. Arima garbitu eta izpiritu txarrak uxatzeko gaitasuna eman izan zaio suari, ahoz aho eta urtez urte kontatu diren istorioek diotenez. Inork daki halako usteek zenbat duten egiatik, horixe baitira azken finean, sinesmenak. Norberari dagokio errituan parte hartzeko erabakia. Baina kutsu magikotik harago, bada garra non piztu, baita zer errea ere. Ihartu, gizartean ezberdintasuna, diskriminazioa eta pobrezia iraunkor bilakatu nahi dituzten jarrerak; iruzurra batzuen aberastasun iturri bihurtu dutenak; emakumeen aurkako egiturazko bortizkeria bultzatzen duen sistema; arrazakeria indartzen duten diskurtsoak; herriari bere etorkizunaz erabakitzeko eskubidea ukatzen dion «demokrazia», disidentzia zigortu eta giza eskubideak sistematikoki urratzen dituzten botere instantziak… Baina bada ere piztu beharrekorik. Aurreko guztia eraldatzeko ilusioa eta kemena, tartean. Eta aldaketa gauzatzeko bidean, noski, baita estrategia eta politika egokiak ere. Horiek, baina, ez dira inolako formula magikotik etorriko, gehiengo zabal baten bultzadak suspertu beharko du, bidean oztopoak eta langak ez dira faltako eta. Gaur gauez suari so eginez eta bere indar guztia xurgatuz, hurrengo urteko sutzarra izan bedi onak pizteko soilik.