Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Surfa

25 urteren ostean Zarauzko Surf Eskolak bere ateak itxi ditu

Hego Euskal Herriko lehen surf eskolak bere ateak itxi ditu. Dendak eta nortasunik gabeko eredu bat gailendu diren honetan, bagoaz. Orain 25 urte hasitako ibilbidean beste urrats bat da, azkena, baina Zarauzko Surf Eskolak beti jorratu izan duen norabide berean doa.

1990. urtean Mikel Troitiño Europako lehen surf eskolako arduradunarekin hitz egitera joan zen Biarritzera. Jo Moraizen eskolak jada 24 urte zeramatzan irekita eta hark eman zizkion Mikeli surf eskola bat irekitzeko behar zituen lehen aholkuak.

Mikelek aholku guztiak arretaz entzun zituen, baina gero bere proiektu propioa jarri zuen martxan. Surfa irakastea ezinezkoa zela pentsatzen zen garai haietan, jende oso gutxik eman zion babesa, baina haien artean proiektuarekin bat egiteko prest zegoen lagun bat topatu zuen, Aitor Francesena Gallo. Horrela, bien artean, Zarauzko Surf Eskola ireki zuten 1991ko udan.

Moraizek bere izena jartzeko esan zion Mikeli, baina honek ez zion kasurik egin; izan ere, Mikelen buruan proiektuaren bigarren zati bat zebilen bueltaka, eskolak herriarena izan behar zuen, herritarrena eta herriarentzat. Elkarte batek bere beharrak asetzeko bitarteko behar zuen eskola bat sortu nahi zuen.

Hastapenetan, eskola txabola bat zen, materiala zurruna zen, taula gogorrak, lema zorrotzak, eta ez zegoen surfa irakasteko gida pedagogikorik.

Ni 1994. urtean hasi nintzen Zarauzko Surf Eskolan lanean. Aurrez sorosle gisa ere lan egin nuen, baina han ere ez ninduten nahi eta Mikelek lan egiteko eskaintza egin zidanean ez nuen bitan pentsatu.

Lanean hasi eta lehen astean istripu gogor bat izan zuen nire ikasleetako batek. Nik 18 urte nituen orduan, eta ezbehar hari esker surf irakasle gisa zer-nolako ardura nuen oso ongi ikasi behar izan nuen.

Urte haietan leku aldaketa asko izan ziren. 1997. urtean, esaterako, hondartzako komun publikoak izan genituen egoitza nagusi. Ordurako, Zarauzko Surf Elkartearekin “elkarlan hitzarmena” sinatua genuen eta bi fronte desberdinetan ari ginen lan egiten. Batetik, eskola gisa beharrezkoak genituen lanabesak osatzen ari ginen. Material egokia biltzen eta pixkanaka gure irakaskuntza metodoari forma ematen ere ari ginen. Elkartearekin, berriz, herritarrentzako ekimen desberdinak antolatzen genituen.

1998. urtean Arguiñano jatetxearen azpian surflarientzako egoitza eraiki zen. Esan beharra dago, elkartea Zarauzko Surf Eskolak aurkeztu eta landu zuen proiektuari esker lortu zela. Mikel Troitiñok berriz ere Biarritz aldera joan behar izan zuen, baina oraingo honetan udal ordezkariekin, surfa sustatzeko eskola eta elkarte ereduek nola funtzionatzen zuten ikusteko.

Elkartearentzako egoitza ireki zenetik surfak eta surflarien kopuruak nabarmen egin zuen gora Zarautzen eta eremu desberdinetako surflariak batzeko bitartekoa izan zen. Herritarren artean ere, pixkanaka jendea surfa kirol bat zela onartzen hasi zen eta jada ez zuen aurreko urteetako fama txarra.

2002. urtean uda sasoitik kanpo ikastaroak ematen hasi ginen. Ordura arte soilik hasiberrientzako ikastaroak ematen genituen, baina urte hartan kamera bat erosi eta surf maila hobetzen laguntzeko grabaketak egin eta maila fisikoa lantzen hasi ginen.

2003. urtean “Prestigge” itsasontzia hondoratu, eta hondamena izan zen. Ikastaroak ematen saiatu ginen, baina baldintza tamalgarriak ziren. Erosi berriak genituen kortxozko taulek zikin-zikin eginda amaitzen zuten. Informazio gutxi zegoen, ez genekien ikasleentzako zenbaterainoko kaltea egin zezaketen fuel orban haiek. Hasieratik arazo harekin instituzio guztiek izan zuten jarrera lotsagarria izan zen. Gauzak horrela, uda hartan eskola ixtea erabaki genuen.

2004. urtean Aitor Francesenak eskola uztea erabaki zuen. Goi mailako teknifikazioan lan egin nahi zuen, lehiaketan arituko ziren surflariekin, eta bide berriari bakarka ekin nahi zion.

2005. urtean “Aprendiendo a coger olas” argitaratu genuen eta bi urte beranduago, bigarren DVDa argitaratu genuen “Maniobras básicas del surf”. Lehen bi lan hauek gaztelania hutsean argitaratu ziren.

DVDak egitea sekulako lana izan zen. Orduan ez zegoen Go Pro eta antzeko kamerarik, beraz, uretako irudiak hartzeko lau kilo pisatzen zituen kamera lotzen genuen taularen aurrealdean eta nola edo hala hartu beharreko irudiak hartzeko moldatzen ginen.

Artean, gauzak asko aldatu ziren surf munduan. Pixkanaka ekimen herrikoiak alde batera utzi eta txapelketak nagusitu ziren. Jendeak jada ez zuen ezer egin nahi musu-truk, eta elkarte baten ordez enpresa bihurtu zen hura. Helburua ez zen ekimenak egin ahal izateko dirua lortzea, helburua dirua lortzea zen eta kito. Testuinguru hartan elkartea eta ikastaroak eskaintzeko genuen lokala utzi, eta beste eskola bat eraikitzeari ekin genion. Apustu handia izan zen, zeren eskola hondartzatik urrun ari ginen eraikitzen, eta gainera, surflarien eremurik ez zegoen hondartzako aldean.

2008. urtean GARA egunkariaren laguntzarekin “Uhinekin jolasean” kaleratu genuen. Aurrez egindako bi DVD didaktikoak hobetu eta bilduma moduan argitaratu genituen, baina oraingo honetan erabilitako hizkuntza euskara eta ingelesa izan ziren. 2013an “Euskal Herriko surf gida” argitaratu genuen. Azken kasu honetan ere soilik euskaraz eta ingelesez idatzi genuen liburua.

Neguan lan egiten hasi ginenetik bederatzi hilabetez lan egiten aritu gara. Uda sasoian, hastapen ikastaroak egin ditugu, eta udaberri zein udazkenean berriz, hobekuntza ikastaroak. Ez dira asko ia urte osoan zehar irekita egoteko aukera duten surf eskolak, baina inoiz ez dugu bezero faltarik izan.

Lan faltarik ez dugu beraz, baina ez gaude gustura lanean. Eredu komertziala, azalekoa, nortasun eta ardurarik gabekoa gailendu dela uste dugu eta 25 urteren ostean ateak betiko ixtea erabaki dugu, baina hau ere bidean ematen dugun beste urrats bat bezala ulertu behar da. Talde gisa, zein maila pertsonalean hazteko bitarteko egokia izan da surf eskola, baina bide horrek jada ez digu aparteko ezer eskaintzen eta eremu berriak jorratzen hasteko garaia iritsi dela uste dugu.

Hainbeste urtetan, sarri erabaki zailak hartu behar izan ditugu eta ausardiaz jokatu behar izan dugu, baina ausardia ez zen izan, esaterako, surf eskola bat irekitzea, edo eskola lekuz aldatzea, baizik eta jende guztiak esaten zuenaren kontra, hartutako erabakiari eustea. Horixe bera irakasten saiatu gara Surf Eskolatik pasa den surflari mordo bati, norberak bere bidea egin behar duela alegia, baina horretan ez dugu asmatu eta ez dugu erreleboa emango digun lagun talde bat osatzea lortu.

Einsteinek esaten omen zuen, gizartearekin batera doan norbanakoa, gehienez, gizartea iritsiko den leku horretara baino ez dela iritsiko. Alegia, gizartearen aurretik joan nahi duenak, bere bidea bakarrik egin beharko du. Surf munduan horixe gertatu zaigu, norbanakoak nortasunik gabeko masa handi batean lausotu direla.

Gauzak honela, Zarauzko Surf Eskolak eman beharrekoa eman duela uste dugu, eta pertsona gisa hazten jarraitzeko momentu honetan ezer gutxi eskaintzen digun surf mundua uztea erabaki dugu. Noski, ez diogu surf egiteari utziko eta surf munduan gure ekarpenak egiten jarraituko dugu, baina maila pertsonalean, ez eskola gisa.