SEP. 12 2016 Surfa Cortes Bankeko Guinness olatuak:Urautsi galdu baten istorioa Olatu handietako munduko surflari onenak Itsaso Barean kostatik oso urrun jasotzen den olatu bat noiz piztuko zain daude. Azken bost urteotan lozorroan egon da urautsia, baina surflari adituak prest daude, datorren neguan sar daitekeen itsaski erraldoi baten zain. Haritz LARRAÑAGA ALTUNA Cortes Bank Ozeano Barean aurkitzen den lauza bat da. Los Angelesko kostaldean dagoen San Pedro komunitatea abiapuntu hartuta, 96 itsas milia hego-mendebaldera dago urautsi hau, beraz, itsas zabalean, kostatik oso urrun. Kaliforniako kanala osatzen duten uharte ilaran azkena da Cortes Bank, baina uhartearen alde altuena ez da itsas azalera ateratzen, horregatik esan daiteke lauza bat dela; uhinek talka egiten duten lur zati bat da, olatuak jasotzen dituena, baina ez da kanpotik ikus daitekeen ohiko uharte bat. Egiaz itsas gainean ikus zitekeen uharte bat izan zen azken aldia orain 10.000 urte izan zen, alegia, azken izotz aroan. Adituen esanetan, posible da garai batean Kaliforniako uhartedietan bizi ziren biztanleak noizbait bertan egon izana. Antzina, San Clemente uharteko leku garaienetatik posible omen zen “Cortes uharteak” ikustea. Hondoan dagoena hareharri eta basaltoz osatutako hondar banku bat da. Mendi lerro moduko batek osatzen du bankua eta puntu altuenak noizbehinka itsas azalera ere agertzen dira itsasaldiak handiak direnean. Batzuetan, itsasbehera esanguratsua denean sakonera gutxien duten tontorrak ageri dira, horrela, esaterako, Gotzain Arroka deitzen dutena agertzen da. Haitz multzo horren gainean jasotzen da Cortes Bank bezala ezaguna den urautsi famatua. Munduko olatu garaienetakoak altxatzen diren eremua da Cortes Bank, eta itsas zabalean sortzen den olatu mota izaki, indar ikaragarria duen olatua da. Ozeanoko inertzia guztia bat-batean olatu bilakatzen da, trabarik gabe, eta horrek olatua zailagoa eta are arriskutsuagoa bilakatzen du. Eremu honen izena lehen aldiz leku hartara bertaratu zen T. P. Cropper kapitainak jarri omen zion. Hala, bere ontziak zuen Cortes itsasgizonaren izena ezarri zion, 1853. urtean. Aurrez beste batzuek ere nabigatzeko arriskutsua zen itsas eremu haren berri eman bazuten ere, Cortes izenarekin geratu zen. Eremu hark Cortes Bank izena hartu zuen, baina “uharte” desberdinek osatzen dute eta haien artean garaiena Gotzain Arroka deritzona da, ohartarazpen buia batekin seinalatuta dagoena. Beraz, zuzenagoa litzateke surf egiten den urautsiari Gotzain Arroka deitzea, baina, erabileraren poderioz, azkenean Cortes Bank izena hartu du urautsiak surflarien artean. Gotzain Arroka izena ere izen bereko ontzi bategatik datorkio. Antza, itsasontziak haitza jo zuen 1855. urtean, eta, egindako zuloa nola edo ahala estalita, San Frantziskoko kostaldera iristea lortu zuen. Istorio andana gertatu dira arroka honen inguruan, ontzien hondoratzeak, ustezko altxorren bilaketak, eta baita “Abaloniako monarkia konstituzionala” osatzeko saiakera ere 1966. urtean. Antza, 1961eko udan itsasoratu zen lehen aldiz Harrison Ealey kaliforniarra Cortes Bankeko eremuan itsasontzi txiki batekin. Urte dezente geroago, 1973. urtean, Lima Kalama, olatu handietako Dave Kalama surflari hawaiiar ezagunaren aita, bizia galtzeko zorian izan zen Gotzain Arrokaren gainean; hain zuzen ere, hawaiiarra zioan arrantza-ontzia hondoratu egin zen. 1990. urtean, Larry Moore, “Surfing” aldizkariko argazki editorea eta Mike Castillo surflari beteranoa, Ozeano Barean zen itsaski handi batez baliatu ziren airetik Cortes Bankeko ingurunea ikuskatzera gerturatzeko, eta han ikusitakoak aho zabalik utzi zituen: 80 eta 90 oineko altuera zuten olatu perfektuak ikusi zituzten. “The Eddie Aikau Sweell” izenez bataiatu zuten itsaski hura, olatu handietako surflari zenduak sortutako itsaskia zela iradokiz. 1995. urtean, bost urte lehenago ateratako argazkiak zenbait laguni erakutsi ostean, espedizio bat antolatu zuen surflari talde batekin. Olatuak ez ziren uste bezain handiak izan aldi hartan, bost metro ingurukoak baizik. Baina oso olatu garbiak ziren, haize oso leunekin orraztuak. Bill Sharp espedizio hartan izan zen surflariaren esanetan, bidaia baten aurretik testamentua idatzi zuen aldi bakarra izan omen zen. 2001. urtean, Alaskako golkoan “Storm 15” deitu zuten ekaitza sortu zen eta Kalifornia gainean presio altuko antizikloi bat zegoen, ondorioz, sekulako itsaskia sortu zen eta baldintza egokiak izan zitezkeelakoan olatu handietako surflari talde batek Gotzainaren Arrokak altxatuko zituen olatuak baliatzeko momentu egokia izan zitekeela pentsatu zuen. San Diegoko portutik abiatu zen surflari ezagunez osatutako taldea. Ken Collins, Peter Mel, Brad Gerlach eta Mike Parsons tow-in egiteko asmotan abiatu ziren, hau da, uretako moto baten laguntzaz olatuak hartzeko asmoz. Evan Slater eta John Walla, berriz, olatu haiek arraun eginda har zitezkeelakoan zeuden, beraz, moto gabe, arraun eginaz olatu haiek hartzeko gai zirela uste zuten. Urautsira iritsi zirenean baldintza ezin hobeak aurkitu zituzten, olatu garbi-garbiak, handiak eta ibilbide luzekoak. Walla eta Slaterrek ez zuten helburua lortu, arraun eginda hartu nahi zuten olatu bat, baina olatuek beraiek harrapatu zituzten eta ia ito egin ziren. Larry Moore hegazkin batetik argazkiak ateratzen aritu zen, Dana Brownek ontzi batetik hartu zituen geroago “Step Into Liquid” filmean agertu ziren irudiak eta Fran Battagliak beste bi ontzi erabili zituen egun hartan ahalik eta irudi hoberenak hartzeko. Han hartutako irudi haiei esker egin zuen, esaterako, “Making The Call: Big Waves of the North Pacific” filma. Egun hartako olaturik handiena Mike Parsonsek hartu zuen. Uretako moto batek atoian eramanda lortutako abiadurari esker garaiz sartu zen olatura eta arrakastaz egin ahal izan zuen balentria. Hogei metroko altuera zuen olatuari esker munduko Guinness errekorren liburuan sartu zen eta 2000-2001 Billabong XXL izendapenetan olaturik handienaren saria jaso zuen. 2008ko urtarrilean, Mike Parson berriz itzuli zen Gotzainaren urautsira, oraingo honetan Greg Long, Brad Gerlach eta Grant Twiggy Baker olatu handietako surflari ezagunekin. Kalifornia iparraldean inoiz izan den ekaitz bortitzenetako baten erdian abiatu ziren eta olatu zinez handiak hartu zituzten. Mike Parsonsek aurreko marka gainditu zuen, izan ere, Billabong XXL izendapenetako epaileen esanetan 77 oineko olatu bat jaistea lortu zuen; horrela bere bigarren Guinness errekorra egitea lortu zuen. Nahiz eta itsaso zabalean dagoen urautsi galdu bat izan, baldintza egokiak direnean jende andana pila daiteke Cortes Banken, baina ez da olatu handietako urautsi arrunt bat, oso olatu arriskutsua baita. Gainera, istripu bat izatekotan kostatik oso urrun egoteak egoera are eta gehiago zail dezake. Horixe bera gertatu zitzaion Greg Longi 2012ko abenduan. Arraunkadaz surf egiten ari zela olatu batean erori eta bizia galtzeko zorian egon zen. Inguruan motoekin zebiltzan lagunek erreskatatu zuten eta helikopteroan ospitalera eraman ostean onik atera zen. Adituen esanetan munduko olatu handienetakoak sortzen dituen urautsia da Cortes Bank, baina baita arriskutsuenetako bat ere, arriskutsuena ez bada. Orain, negua dator eta lozorroan den munstroa pitz daiteke, beraz, prest egon behar da. GOTZAIN ARROKA «Uharte» desberdinek osatzen dute Cortes Bank eta guztien artean garaiena Gotzain Arroka deritzona da. Surf egiteko olatu egokiak sortzen dituen arroka da. MIKE PARSONS2008ko urtarrilean Guinness errekorra lortu zuen Mike Parsons kaliforniarrak Cortes Banken hartutako olatu bati esker. 77 oineko (25 metro) altuera zuen olatu bat jaitsi zuen. OSO ARRISKUTSUAOlatu handietako surflarien esanetan munduko olatu handienetakoak sortzen dituen urautsia da Cortes Bank, baina baita arriskutsuenetakoa ere, arriskutsuena ez bada.